Diesel autoen debekua legezkoa da Alemaniako Auzitegi Gorenarentzat

Erabakiak 70 hiriri eragin diezaieke. Beste neurri batzuk lehenestearen alde egin du Merkelek

Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Alemaniako Administrazio Auzitegi Gorenak legezkotzat jo du diesel auto kutsagarrienak hirigunean ibiltzeko debekua ezartzea, estatu mailako lege baten beharrik gabe. Stuttgart eta Dusseldorf hirien kasuak aztertu ditu auzitegiak, hiri kutsagarrienetako bi.

Erakunde ekologistek salaketak jarri zituzten bi hirietan, kutsaduraren aurkako neurri faltagatik. Hirietako auzitegiek arrazoia eman zieten, eta EB Europako Batasuneko araudira egokitzeko neurriak hartu beharra adierazi zieten Stuttgart eta Dusseldorf dauden eskualdeetako gobernuei, Baden Wurttembergekoari eta Ipar Renania-Westfaliakoari, hurrenez hurren.

Erabaki horietan, diesel auto kutsagarrienen debekua neurri egokia izan daitekeela adierazi zuten epaileek. Eskualdeetako gobernuek helegitea jarri zuten, baina Auzitegi Gorenak lehen erabakiak berretsi zituen atzo.

EBko araudia betetzen ez duten hirietan izango litzateke aplikagarria neurria, hau da, gehiegizko nitrogeno dioxido isuriak dituztenetan. Horrek Alemaniako 70 hiriri eragin diezaieke, tartean, Berlin eta Munich, Alemaniako Ingurumen Agentziaren arabera.

EBko araudira egokitzeko,2015eko irailean martxan jarri zen Euro 6 planera egokitu beharko lirateke autoak, diesel eta gasolina autoen isuriak murrizteko azken planera. Horren aurretik eginiko 9 milioi auto daude Alemanian, eta, Evercoreren ikerketaren arabera, 7.600 milioi euroko gastua egin beharko litzateke horiek planera egokitzeko.

Diesel autoen salmentak nabarmen egin du behera Alemanian, 2015ean, saldutako autoen %48 ziren; iaz, berriz, %39.

Alemaniako Gobernua eta autogintza industria debekuaren aurkakoak dira. Angela Merkel kantzilerrak adierazi du erabakia «hiri jakin batzuez» ari dela, eta ez estatu osoaz, ezta gidari guztiez. Merkelen esanetan, hiri askotan isuriak ez daude gehiegizko neurrietatik oso urrun, eta horiek murrizteko beste hainbat neurri har daitezke. Halere, hiri eta eskualdeetako gobernuekin elkarrizketak hasiko ditu, har daitezkeen erabakiez hitz egiteko.

Erroman, 2024rako

Dieselaren auzia ez da Alemaniara mugatzen. Erromako alkate Virginia Raggik atzo jakinarazi zuen 2024rako hiriaren erdigunean diesel autoen zirkulazioa debekatuko dutela: «Berehala ekiteko beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.