Burdinetik titaniora

Euskal Telebistak erabaki zuen lau t'erdiko txapelketa berpiztea, 1989an, neguko hutsunea betetzeko, eta Asegarceren jaiotzak bultzada garrantzitsua eman zion. 25 urtean bilakaera harrigarria izan du txapelketak, eta egun, buruz burukoak baino jende gehiago darama pilotalekuetara.

Imanol Magro Eizmendi -

2014ko abenduak 9
Garbizaleek hori ez zela pilota esaten zuten. Begira orain, urtea ulertezina litzateke lau t'erdikorik gabe». Iñaxio Errandonea pilotari ohia eta Aspeko zuzendari komertzialak esana da (Bera, Nafarroa, 1964). Kaiola modernoak mende laurdena bete du, eta 25. finala du igandekoa. ETBren ekimenez enpresek 1989an berpiztu zutenetik, etengabe egin du goraka. XXI. mendeko pilotaren ezaugarriak ditu: telebistaren babesa, joko bizia eta txapelketa lehenestea. Burdinazko kaiola ahul zenak titaniozkoa dirudi orain, hautsezina.

Julian Retegi (Eratsun, Nafarroa, 1954) izan zen lehen txapelduna. «Ia metro bateko trofeoa eman zidaten», gogoratu du. «Txapelketak bi defendatzaile handi zituen enpresetan: lau t'erdikoa maite zuen Juan Carlos Alti, eta nire osaba, Retegi I.a. Dena den, bultzada garrantzitsuena ETBk eman zion». 1989aren aurretik ere jokatzen zen lau t'erdian. 1953tik 1957ra txapelketa eta guzti egon zen. La Voz de España egunkariaren babesarekin eta launa pilotarirekin. Akarregi, Soroa, Barberito bi aldiz eta Ogeta izan ziren txapeldun, enpresek erakargarria ez zelako bertan behera utzi zuten arte.

40 urtez lau t'erdia torneo bat eta partida bakan batzuk baino ez zen. «Nire osabak askotan jokatu zuen. Pierolaren aurka bi aldiz jokatu eta irabazi zuen. Nik ere bai, ferietan eta. Gustatzen zitzaidan», azaldu du Retegik. Miguel Muntion pilotari ohiak, gerora Asperen fundatzaileetako bat izan zenak, lau t'erdiko partida handiak ditu gogoan. «Retegi I.a eta Oreja III.a Gasteizen jokatzen ikusi nituen. Pilotalekua bete egin zen, hura zen hura ikusmina! 1970eko hamarkada amaieran, Andre Maria Zuriaren ferian, eta Retegik irabazi zuen».

1989ko txapelketa lau pilotarik jokatu zuten: Retegi II.ak, Alustizak, Galarzak eta Tolosak. Alustizak atariko torneo moduko bat irabazi zuen Logroñon (Espainia). Euskal Telebistak bideratu zuen saioa. Mikel Olazabal (Zarautz, Gipuzkoa, 1961) zen orduan kiroletako buru telebistan.«Lau t'erdiak urte osoko pilota egutegia gorpuzteko aukera eman zigun. Ordura arte binakako eta buruz buruko txapelketak eta emanaldi solteak ematen genituen. Zerbait behar genuen negu parteko egutegia borobiltzeko». Xabier Euzkitze (Azpeitia, Gipuzkoa, 1966) zen esataria final hartan. «ETBren apustua sendoa zen, eta proposamena luzerakoa».

Telebistak Pilotaleku Industrialetako Enpresarien Elkartearekin negoziatu zuen 1989an. Elkarte hark erreminta eta esku-huska enpresak batzen zituen. Esku-huskako enpresak Eskulari (Fraile, Retegi I.a eta Etxeberria ) eta Unidas ziren (Alti, Bidarte eta Dublan). ETBk urtean 25 bat pilota jaialdi eman zituen garai haietan, eta ostiral gauetan Alemaniako futbol ligako eta boxeo emanaldiekin tartekatzen zen —Supermatch deitzen zen saioa—. 1989ko finala eta finalerdietako bat ostiral gauez jokatu ziren.

«Enpresek onera hartu zuten», gogoan du Euskitzek. «Orduan oso ohikoak ziren partida bitxiak: lau t'erdian, buruz buru ezkerrez, bi hiruren aurka... Lau t'erdia ez zen arrotza. Garai haietan, gainera, Galarza III.a eta Retegi II.a ziren izarrak, eta zorionez, Galarza, atzelaria izan arren, ondo moldatzen zen lau t'erdiko jokora. Horrek mesede handia egin zion lau t'erdikoari». Olazabalek gogoan ditu negoziazioak: «Enpresei ez zaie arriskatzea gustatzen, eta konbentzitu egin behar izan genituen. Ordura arte gu egokitzen ginen pilotaren ordutegietara, eta guk leiho berriak ireki genizkien». Baita diru iturri berriak ere. «Komertzial ona genuen: publizitate asko lortu zuen. Hortik ere dirua lor zitekeela ikusi zuten».

Diru sari onak

Lehen txapelketa Laboral Kutxak babestu zuen. «Arrasateko egoitzan egin zen aurkezpena. Halako batera joaten nintzen lehen aldia zen», aitortu du Alustizak. Ordurako 26 urte zituen. «Elastiko urdinez jokatu nuen finalerdia. Zuriz jokatu ez nuen aurreneko partida izan zen». Sari onak jarri zituzten. Alustizak, esaterako, 300.000 pezeta (1.800 euro) irabazi zituen partida bakarragatik. Finalean Retegi II.ak 22-5 irabazi zion Galarza III.ari, apustuak on eginez, Donostian. «Txapelketa hartakoak partida berezi moduan ordaindu zizkidaten», gogoan hartu du, zifrarik eman gabe. 200 ikusle baino ez ziren joan finalera, eta kantxako sarrerek 2.500 pezeta (hamabost euro inguru) balio zuten, bi finalerdietan adina. Finalerdietan ere, Gasteizen eta Donostian, ez zen jende asko bildu. «Berritasuna zen, eta pilotazaleari kosta egiten zaio halakoetara egokitzea», dio Retegi II.ak. Babesleak, halere, jarraitu egin zuen. Telebista leiho ona zen.

ETBren lehen pausoaren ondoren, 1992an, Asegarceren sorrerak bultzada handia eman zion lau t'erdikoari. Apurka garrantzia hartzen joan zen, zalearen aldaketarekin batera. «Txapelketa lehenetsi behar zela zioten Asegarcen. 'Txapelketa, txapelketa eta txapelketa', eta egia zen», gogoratu du Errandoneak. «Pilotaleku industrialen eredua amaitzen ari zen, apustua behera zihoan. Lau t'erdiak buruz buruko txapelketa herri txikietara eramateko aukera ematen zuen», gehitu du Muntionek. Horrek parte hartzaile kopurua handitu zuen. 1997an 40 izan ziren, eta 1998an 84, Asegarce-Alti, Besagain eta Aspeko —sortu berria— koadro osoa. Orduan Euskadiko Federazioak antolatzen zuen. 2001erako, 36 ziren parte-hartzaileak; 2012an, 28; eta hamarkada bukaeran finkatu zen egungo eredua, 16-18 pilotarirekin.

Lau t'erdikoaren bilakaera pilotaren modernizazioaren isla da. Igande eguerdiko ordutegi klasikoa hautsi, eta lehen hiru finalak ostiral gauez jokatu ziren. Hurrengo bostak larunbat arratsaldez, eta orain arteko beste guztiak igandez, bi izan ezik: 2007koa, astelehenez jokatu zuten —abenduaren 8a jaieguna da Hego Euskal Herrian—, eta iazkoa, larunbat gauez. Hamabost final Gasteizen jokatu dira, sei Donostian, eta bana Bergara, Eibarren eta Iruñean.

Zazpi urte nahikoak izan ziren lehen urteetako pilotaleku hutsak betetzeko. «Sona hartu zuen, enpresak ondo egin zuen lan, eta hedabideek kasu handiagoa egin zioten», nabarmendu du Retegik. Euskitzek pilotarien maila gehitu die: «Eugi iritsi zen, Titin III.a, Nagore, Unanue... lau t'erdian ondo moldatzen ziren gazteak. 1996ko Retegi II.a-Titin finala mugarria izan zen, baina nik gogoan dut Eugi eta Retegiren 1995eko finalerdiak sorturiko ikusmina. Eta gero mailak ez du behera egin; pentsa, Olaizola II.a, Barriola, Irujo... ikuskizuna da». 24 ekitaldietan guztira hamar txapeldun izan dira, eta atzelariek hiru aldiz bakarrik irabazi dute.

Baina zergatik du gustuko jendeak? Rafa Etxeberria Asegarceko logistika arduradunak gako bat nabarmendu du: «Pilotazale berria erakartzeko aproposa da». Egun, buruz burukoa baino garrantzitsuagoa al da? «Ez. Buruz burukoak estatusa markatu du beti, baina egia da jendea erakartzeko aproposagoa dela lau t'erdikoa: joko bizia da, partida orekatua izateko aukerak handiagoak...». Euzkitze antzera mintzo da. «Buruz burukoaren zailtasuna behar bezala antzematen ez duen zalearentzat polita da». Alustizak borobildu du azalpena: «Ligaxkak ere laguntzen du. Izarrak sarri ikusteko aukera dago». 2000n, adibidez, jokatu zen jada finalerdietako ligaxka, eta 2002tik ez du hutsik egin. «Distantziak murriztean, gainera, indarra ez da hain garrantzitsua; hautagai gehiago daude».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna