Hegoa iparraren aurka

Gaur iluntzean hasiko da Errugbiko Munduko Kopa, Ingalaterra eta Fiji uharteen arteko partidarekin, eta hego hemisferioko hiru selekzio nagusiak dira titulua eskuratzeko faboritoak: Zeelanda Berria, Australia eta Hegoafrika. Ingalaterra, Irlanda eta Frantzia izanen dituzte aurkari zuzenak.

Hegoa iparraren aurka.
Eneritz Zabaleta.
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Itzuli da lau urtetik behin izaten den lehia. Errugbiko txapelketarik garrantzitsuenari ekingo diote, gaur, Londresko Twickenham estadioan. Etxeko taldearen, Ingalaterraren, eta Fiji uharteen arteko partidarekin hasiko da lehiaketa, 21:00etan. Orain lau urte, etxean antolatu zuen Munduko Kopa irabaztea lortu zuen Zeelanda Berriak, eta erronka berbera daukate ingelesek aurten. Britainia Handian ikusmin handia piztu du lehiaketak. Aurten Ingalaterran bertan jokatuko dituzte ia partida guztiak, Cardiffeko lehia zenbait salbu. Galesek ere, beraz, motibazio bereziarekin ekingo dio txapelketari, bere multzoko partidak etxean jokatuko baititu.

Oro har, ikusmin handia piztu du aurtengo lehiaketak. Mundu guztiko errugbi federazioak espero duenez, sekula izandako ikusle eta etekin handiena lortuko duen aldia izanen da hastear dena. Sarrera salmentei dagokienez, 2007an Frantzian lortutako marka hobetuta dago jada. Telebista audientzia batuetan, 1.000 milioi ikusletik gora espero dituzte, eta 350 milioitik gora izanen dituzte finalean. Datu esanguratsuak dira den-denak, baratxe-baratxe errugbia nazioartean hartzen ari den dimentsioaren adierazle.

A MULTZOA

Multzorik gogorrena

Inolako zalantzarik gabe, lehen multzoa izanen da Munduko Kopako bihurriena. Izan ere, titulua eskuratzeko bi hautagai handi ariko dira multzo horretan: Ingalaterra eta Australia. Munduko txapeldun izandakoak dira biak ala biak: Ingalaterra, 2003an; eta Australia, 1991n eta 1999an. Ingelesek presio handia daukate eurengan, herri osoak etxekoen garaipena espero duelako eta ikusmin handia dagoelako Stuart Lancasterren jokalarien inguruan. Australiak itxura eskasagoa eman du azken urteotan, baina joan den udan bikain aritu zen hego hemisferioko lau selekzio onenak biltzen dituen lehiaketan, Rugby Championship-ean.

Haiekin batera, oso kontuan hartzekoa izanen da Gales ere. Lehiaketaren zati bat etxean jokatuko du, eta ezustea emateko prest izanen da. Gauza bat segur da dagoeneko: hiru selekzio horien artetik batek etxera joan beharko du multzoko fasean, bi taldek baizik ez dutelako aitzina eginen. Eta, hiru horien ondoan, Fijirekin ere tentuz ibili beharko dute gainerakoek, errugbi jokalari oso iaioak dituelako. Zazpiko errugbian nagusi da selekzio hori, baina hamabostekoan gehiago kostatzen zaio talde izaerari eustea. Hala ere, egun ona duenean, edozein oso estu hartzeko gai da. Hainbeste oilarren ondoan, Uruguaik lan zaila izanen du gainerakoen mailari eusten.

B MULTZOA

Hegoafrika eta besteak

Gauzek argiago iduri dute B multzoan. Hegoafrika da lehen postua eskuratzeko hautagai nagusia. 1995eko munduko txapelduna, ordea, zalantzaz beterik iritsi da Munduko Kopara. Emaitzak ez ziren izan nahi bezain onak joan den udan, eta polemikaz inguratuta egon da taldea, arrazakeria salaketa zenbait tarteko. Hegoafrikako hainbat hedabidek eta mugimenduk jokalari beltz gutxiegi zelairatzea leporatzen diote Heyneke Meyer selekzioko hautatzaileari. Polemikak, noski, selekzioari ez dio lagundu hastear den txapelketa behar bezala prestatzen.

B multzoan borroka polita hautematen da bigarren posturako. Eskozia da iragarpenetan nagusi, baina argi ibili beharko du Samoa uharteekin. Orain lau urte final-laurdenetarako sailkatu zen Pazifikoko uharte txiki horretako taldea. Eta oso gertutik zaindu beharko da Japoniako selekzioa ere. 2019an euren herrialdean jokatuko da Munduko Kopa, eta garapen programa bat abiatua du Japoniako Federazioak lau urte barru maila ona emateko asmoz. Hori bai, ikusi egin beharko da egitasmo horrek selekzioaren maila igotzeko balioko duen edo ez.

AEBei dagokienez, edozein kiroletan izaten dute lehiakortasun berezia, eta ezusteren bat emateko gai izango dira, agian. Kultura fisikoa badaukate, eta dohain fisiko handiko jokalariak zelairatu ohi dituzte. Gainera, Pazifikoko uharteetako jatorria duten hainbat jokalari ere badauzkate taldean, eta ikusi egin beharko da zer moduz moldatzen diren.

C MULTZOA

'All blacks'-ak edo 'Puma'-k

Hirugarren multzoan Zeelanda Berria da faborito argia. Edozein aurkari egokituta ere, beti dira faborito All Blacks-ak. Udan Australiaren aurka berdindu baino lehen, hemezortzi partida zeramatzan jarraian irabazita; 2012tik ez dute galdu partidarik. Taldean izanen ditu errugbiko izar nagusiak: McCaw, Carter eta Nonu. Orain lau urte titulua etxean irabazi ondotik, berriz ere hura izanen da faboritoa.

Baina argi ibili beharko du Argentinarekin. 2012tik Rugby Championship lehiaketa jokatzen du hego hemisferioko oilarrekin batera, eta, pixkanaka, garaipenak lortzen ari da. Gisa horretako txapelketetan, berezko lehiakortasuna daukate Pumek, eta, kolperen bat edo beste emango dute, agian. Haien gibelean, hirugarren postuaren lehian ariko dira Georgia eta Tonga. Georgiarrek sekulako taldea dute aitzinean, baina oso ahulak dira gibelean. Tongak, berriz, uharteetako jokalarien dohainak eta oldarkortasuna dauzka, baina larri dabil antolaketan eta diziplinan. Namibiarentzat aski sari da Munduko Kopan aritzea.

D MULTZOA

Irlanda eta Frantzia lehian

Bi faborito argi ditu D multzoak: Irlanda eta Frantzia. Italia ere saiatuko da, noski, Europako bi selekzioen arteko borrokan sartzen, baina, ondo bidean, koska bat gorago egon behar lukete irlandarrek eta frantziarrek. Garrantzi berezia izanen du borroka horrek. Izan ere, D multzoan bigarren sailkatzen den selekzioak B multzoko lehen sailkatuaren aurka jokatuko du final-laurdenetako partida. Hau da, D multzoko bigarren sailkatuak arrisku dezente izanen du kanporaketan Zeelanda Berriaren aurka jokatzeko. Denek saihestu nahiko dute postu hori, noski.

Irlandarrak erregularrago ari dira azken urteotan, baina une zailenetan oso garrantzitsua den lehiakortasun hori daukate frantziarrek. Beti ongi moldatu izan dira Munduko Kopan, txapelketa hasi baino lehen denek ahul samar ikusi arren. Hala gertatu zen 1999an eta 2011n, eta bi aldietan finalera iritsi ziren. 1987koarekin, hiru aldiz izan dira finalista, eta Kopa irabazteko erronka dute.

Irlanda eta Frantziaren atzetik, ezustekoa ematen entseatuko da Italia. Bi selekzio horiei aurre egiteko taldeak muga gehiegi dituela dirudi, hala ere. D multzoan, koska bat beherago daude Errumania eta Kanada. Bi selekzio horientzat garaipen handia izan da Munduko Koparako sailkatze hutsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.