Lekuko hutsak baino gehiago

Teddy Thomas hegaleko bizi lapurtarra da Racing 92ko izarretako bat. Baptiste Chouzenoux baionarra eta Wencelas Lauret Miarritzeko harrobikoa hirugarren lerrokoak dira Parisko taldean. Racingek Txapeldunen Kopako finala jokatuko du bihar Bilbon, Leinsterren aurka, eta, ondo bidean, hirurak zelaian egongo dira.
Teddy Thomas Racingeko jokalaria, baloiarekin lasterka.
Teddy Thomas Racingeko jokalaria, baloiarekin lasterka. BERRIA

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko maiatzak 11
Errugbi mundua Bilbora begira dago asteburu honetan. Europan talde mailan jokatzen den partidarik garrantzitsuena hartuko du San Mamesek bihar (17:45). Racing Metro 92 Parisko taldeak eta Leinsterrek, Irlandako izen bereko konderriko taldeak, neurtuko dituzte indarrak. Racingek ez du inoiz irabazi titulua —2016an txapeldunorde izan zen—; Dublingo taldeak, berriz, hiru aldiz jaso du trofeoa. Txapeldunen Koparen eta Euskal Herriaren arteko harremana urrunekoa da. Izan ere, 2010ean, Miarritzek eta Munsterrek txapelketako finalerdi bat jokatu zuten Donostian, eta Miarritzek finala galdu zuen gero. Bihar, berriz ere, Euskal Herria apaingarri baino askoz gehiago izango da. Izan ere, Racing 92n bi euskal jokalari daude: Teddy Thomas (Miarritze, Lapurdi, 1993) eta Baptiste Chouzenoux (Baiona, 1993), eta euskal harrobian, Miarritzen, zaildutako beste bat: Wenceslas Lauret (Pouyastruc, Frantzia, 1989).

Ondo bidean, eta ezustekorik ezean, Thomas eta Lauret hasieratik ariko dira, eta ez litzateke harritzekoa Chouzenoux ordezko gisa sartzea. Hala gertatu zen, esaterako, Racing 92 Leicesterren aurka jokaturiko finalerdian, eta Clermonten aurkako final-laurdenean. Euskal errugbi harrobia ospe handikoa da, eta hiru jokalari horiek harrobi horretan zaildutako hiru urre koxkor dira. Azken sasoi honetan, dena den, hiruretan zeresan handiena ematen ari dena Thomas da. Finalerdietan, Racingek Muster kanporatu zuen, eta Thomas izan zen arduradun nagusia.

Thomas ahal fisiko eta talentu izugarriko hegalekoa da. 1,85 metro luze da atleta, eta 98 kilo pisatzen du. Esku onak ditu, eta trebea da aurkariei izkin egiten. Finalerdietan bi entsegu egin zituen, eta hirugarrena Marchenaud taldekideari oparitu zion entsegu eremuan. Eskura eman zion baloia hark lurrean jar zezan. Sasoi honetan hogei partida jokatu ditu, eta hamar entsegu egin. Ezagun, baina, onerako zein txarrerako, Sei Nazioen Torneoan egin zen. Frantziarekin deitua izan, eta entsegu bat lortu zuen Irlandaren aurka, eta bi egin zizkion Eskoziari. Izar berri bat jaioa zen, baina Eskoziaren aurkako partidaren ondoren, Thomas eta Frantziako selekzioko beste zazpi jokalari parrandan ibili ziren Edinburgon. Parranda iskanbilatsua izan zen, ustezko eraso sexual bat tarteko, baina gerora ez zen delitu zantzurik aurkitu. Frantziako hautatzaileak zortziak zigortu zituen, eta ez ziren selekziora itzuli, orain arte.

Thomasek Miarritzen hasi zuen ibilbidea. Miarritzeko klinikan jaiotako azken umetako bat izan zen, Aguilera estadiotik 50 metro eskasera. Maliko jatorria du, eta haren amak eta aitona-amonek hezi zuten, aitarekin ez baitzuen traturik izan; aita Frantziako futbol ligan atezain izandakoa da. 7 urterekin sartu zen Miarritzeko harrobian, eta 19 urterekin egin zuen debuta lehen taldean. Serge Blanco presidente ohiaren kutunetako bat zen. Hark ikusi zuen harribitxia zela. 2012-13ko sasoian egin zuen debuta Miarritzerekin; ligan bost partida jokatu zituen, eta lau entsegu egin. Europa mailako lehen partida ere orduan jokatu zuen, Gloucesterren aurka Challenge Kopan, eta bi entsegu egin zituen.

Beste bi sasoi egin zituen Miarritzen. Zaleek kutun hartu zuten. Rastaduna, surflaria, taldekideek amerikarra deitzen zioten... Urteekin harroxko ospea ere hartu du. Zlatan Ibrahimovic futbol jokalaria miresten duela esanikoa da, eta asko ibiltzen da sare sozialetan. Racingek deitu egin zuen, eta han hasi zuen 2014-15eko sasoia. Bikain hasi, eta Frantziako selekzioak deitu zuen. Lehen partidan, hiru entsegu egin zizkion Fidjiri, eta bigarrenean, bat Australiari, lau aurkari atzean utzita. Zeruan zen Thomas, baina handik gutxira lesioak iritsi ziren. Iragan sasoian Racingek Top14a irabazi zuen, baina Thomasek bi partida jokatu zituen bakarrik. Sasoi honetan, baina, berriz ere ondo dabil, eta bihar ginga jartzen saiatuko da. Inor ez dadila harritu Thomas protagonista bada finalean.

Racingeko beste euskal herritarra Baionaren harrobikoa da: Baptiste Chouzenoux. 2,01 metro luze da hirugarren lerrokoa, eta 107 kilo pisatzen du, eta Jean Daugerren ez dute ahaztu alboko sakeetan baloia ehizatu eta lapurtzeko zuen abilezia. Etxetik datorkio errugbia Chouzenouxi; aitak jokatu zuen, aitona zalea zen, eta anaiak Angelun jokatzen du. 6 urterekin sartu zen Baionaren faktorian, eta 2014-15eko sasoian iritsi zen lehen taldera. 2016-17koan 22 partida jokatu zituen Top14an, baina Baiona jaitsi egin zenez, taldea utzi zuen.

Racingek deitu zuen, eta Chazenouxek ezin izan zuen ezetzik esan. Sasoi honetan 24 partidatan hartu du parte, eta horietatik hemeretzitan aritu da hasieratik. Ez du meritu makala hainbeste jokatu izanak, talde gutxik baitute Racingek adinako ahala hirugarren lerroko postuan. Bere aurretik daudenak, Le Roux, Nyanga, eta Lauret, ibilbide luze eta eskarmentu handiko jokalariak baitira. Errugbi modernoan hirugarren lerrokoen garrantzia handitu egin da, eta Chazenouxek kostata aurkituko du ofizioa ikasten jarraitzeko toki hoberik.

Irakasle horietako bat Wenceslas Lauret da, Miarritzeko jokalari ohia. Ez da euskal herritarra, baina 16 urterekin iritsi zen Miarritzera, eta bost sasoi egin zituen lehen taldean. Serge Betsen miresten zuen, eta hark utzitako zuloa bete zuen, plakatzaile bikaina baita Lauret ere. Miarritzerekin Top14a eta Heineken Kopa jokatu zituen, baita Challenge Kopa irabazi ere. Azken bost sasoiak Racingen egin ditu, eta gehien jokatzen duen jokalarietako bat da. Frantziako selekzioan ere ohikoa da. Teddy Iribarren uztartze erdilariak euskal jatorria du, Donibane Garazin ditu sustraiak haren familiak, baina Iribarren ez da euskal herritarra. Jaiotzez Pauekoa da, eta Tarbeko harrobian zaildu zen.

Carter eta Rokocoko

Euskal herritarrak ez ezik, Racingen abizen ezagun asko ere badaude, 24 milioi euroko aurrekontudun talde aberatsa baita. Esaterako, Dan Carter irekitzailea. 112 partida jokatu zituen Zeelanda Berriarekin, eta bi aldiz izan zen munduko txapeldun. Selekzio mailako partidetan puntu gehien lortu duen jokalaria da. 36 urte ditu, baina ez du toki finkoa hasierako hamabostekoan. Joe Rokocoko ere Racing Metron dago. Zeelanda Berriko errugbiaren itxaropena zen —68 partida jokatu zituen—, eta 2003an munduko jokalari onenaren saria jaso zuen. 2011n Baionara etorri, eta lau sasoiz jokatu zuen Parisera joan aurretik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna