Aritz Egea. Mendi korrikalaria

«Askotxo izango litzateke aurten Zegamako lehen bostetan sartzea»

Zegama-Aizkorriren astea da, eta Egea, euskal herritarren artean inoizko denborarik onena egin duen korrikalaria (3.55.41), prest dago. Aldaketa urtea du: euskal selekzioaren elastiko urdina utzi du, eta Salomon taldean ari da.

JON URBE / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Hernani
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Duela astebete jokatu zuen azken lasterketa, Transvulcania probako maratoi erdia, KanarietakoLa Palma uhartean (Espainia):hirugarren amaitu zuen, munduko korrikalari onenetakoekin lehian. Zegamara begira jarrita dago azken egunotan Aritz Egea (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Sasoiko eta aurpegi zorrotzarekin aurkeztu da elkarrizketara. Gustuko du gauzak argi esatea.

Zer moduz itzuli zara Kanarietatik?

Ondo, oso ondo. La Palman beti sentitu izan naiz ondo, gusturen egoten naizen toki horietako bat da. Hala ere, ez dut denbora gehiegirik izan lasai egoteko: ostegun eguerdian iritsi nintzen, eta arratsaldean kilometro bertikala jokatu nuen; larunbatean, berriz, maratoi erdia; eta igandean itzultzea tokatu zitzaidan.

Zenbat urte ziren ez zenuela kilometro bertikal batean parte hartzen?

Izango dira hiru urtetik gora. Egia esan, asko gozatu nuen, aspaldiko partez estutu eder bat hartu nuen.

Eta, maratoi erdian, nola sentitu zinen?

Oso lasterketa polita da. Leku zoragarrietatik igaro ginen, eta emaitza ere gustukoa izan zen. Lehen biekin lehian ibili nintzen, lehertu ninduten arte. Ia bi minutura sartu nintzen, baina biak oso indartsuak ziren: irabazlea, iazko Zegamako garailea, Stian Angermund norvegiarra, eta bigarren Ruri Ueda japoniarra.

Nola ikusi duzu zeure burua?

Ondo, batez ere ikusi dudalako Stianengandik gertu amaitu dudala. Iaz Zegaman atera zidan aldea ikusita, zerbait gerturatu naitekeela ikusi dut. Kilometro bertikalean minutu eta gutxi atera zidan, eta maratoi erdian ere bi minutu inguru. Ez dago batere gaizki. Hala ere, oso urruti nago berarengandik. Koska bat gorago dago, eta berezkotik asko duela ikusi dut. Asko entrenatzen den tipoa da, baina ez du ez entrenatzailerik, ezta elikadura zaintzen dion inor ere...

Nola zaude Zegama-Aizkorrira begira? Uste bezain ondo iritsiko al zara?

Oso ongi sentitzen ari naiz, oso-osoongi. Jokin Lizeagari [bere entrenatzailea] hori komentatu izan diot, oso ondo suspertzen ari naizela. Entrenamenduak oso erraz egiten ditut, eta lasterketetan oso ongi sentitu izan naiz orain artean. Ez dut kexarik.

Aurreko urteekin alderatuta, askoz ere lasterketa gutxiago jokatzen ari zara aurten. Zergatik?

Argi neukan ez nituela lasterketa asko egingo, aurreko urteetan ez bezala. Orain arte, lau besterik ez dut egin. Azken urteetan, fisikoki ez hainbeste, baina psikologikoki oso nekatuta amaitzen nuen. Bidaiak, lasterketen estresa, larunbatean irten, igandean korrika egin, berriro itzuli... Askotan, etxean gelditu beharra, hurrengo egunean lasterketa duzulako... Aurten, hamabost lasterketa egitea pentsatu nuen, baina dagoeneko bat ez dut egin, eta besteren bat ere ez egitea erabaki dut. Urte askotan, hogei lasterketetatik gora egin izan ditut.

Urteko lehia nagusia gainean da: Zegama-Aizkorri.

Azken denboraldietan bezala, maiatzera arte besterik ez da izaten, Zegama eta Zegama. Aurten, egia esan, inoiz baino lasaiago nago, eta ez dakit hori ona ala txarra den. Iritsiko dira urduri jartzeko egunak [barreak]. Gogo handia daukat, eta uste dut inoizko Zegama onena izango dela, datorren jendearengatik.

Jende gehienaren esanetan, faboritoen artean zaude.

Esatea egitea baino errazagoa da. Nik beti esaten dut faboritoen artean nagoela, baina ez naizela faboritoa. Beste urte batzuetan lehenengo bosten artean sartzea izan da helburua; baina aurten askotxo izango litzateke lehenengo bosten artean sartzea. Oso jende ona dator. Gero, gerta daiteke sorpresaren bat egotea, eta gure ezaugarriekin beste lasterketa mota bat izatea, baina, bestela, oso zaila ikusten dut. Ahal badut, nire denborarik onena egitera joango naiz. Dena normal joanda, podiuma zapaltzea posible litzateke, baina, gaur egun, ezinezkoa dut irabaztea.

Nork esan behar zizun orain dela hamar urte Zegaman faboritoen artean izango zinenik, triatloietan ibiltzen zinenean.

Pentsa... Orduan buru-belarri nenbilen triatloietan eta orain, berriz, askoz ere zentratuago nago mendi lasterketetan. Lehen baino denbora gutxiago behar dut orain, baina esan dezaket lehen baino gehiago murgiltzen naizela. Orain bost urte Zegama egin nuenetik, nire eboluzioa sekulakoa izan da: 4.38 egitetik 3.55 egitera. Denbora hori hobetu dezaket.

Triatloiaren falta sumatzen duzu?

Ez, ezta gutxiagorik ere.

Urteotan ez al duzu izan lasterketaren batean parte hartzeko gogorik?

Ez, ez. Akaso denbora gehiegi eskaini niolako-edo, baina ez dut inoiz gogorik izan. Hawaiiko Ironmanera ere iritsi nintzen, eta, orduan, 21 orduan entrenatzen nintzen aste osoan; orain, berriz, hamarrean aritzen naiz gehienez.

Zergatik utzi zenuen?

Agian Hawaiiko Ironmanaren ondoren sentitu nuen hutsunearengatik. Helmuga igaro nuenean, pentsatu nuen: «Eta orain zer?». Askok, denbora hobetzearekin amestuko lukete, baina niri ez zitzaidan horrelakorik gertatu. Lehen aldia nuen han, oso denbora ona egin nuen, eta banekien ez nintzela berriro itzuliko, izugarrizko aho zapore gozoa utzi zidalako. Sarritan pasatzen zitzaidan, larunbatean bizikletan ibiltzeko gogoa izan, baina atseden hartu beharra igandean lasterketa nuelako. Bikotekideak, Saioak, askotan esaten zidan nirekin egoteko aukera bakarra zela ni korrika nenbilen bitartean ondoan bizikletarekin joatea [barreak]. Bitxikeria da, baina triatloia utzi baino hamabost egun lehenago, Ondarroako triatloia irabazi nuen.

Eta mendian lasterka hastea noiz erabaki zenuen?

Beti izan naiz erronkazalea. Triatloia utzi eta gutxira izan zen, eta helburua bakarra zen: Zegama-Aizkorri korritzea. Ez zen bat-batekoa izan. Bizikletan asko ibiltzen jarraitzen nuen, baina igerilekua erabat utzi nuen. Korrika, errepidean ibili beharrean, mendira joaten hasi nintzen. Halako batean, Zegama-Aizkorri egin nahi nuela erabaki nuen, eta 2011n horretan hasi nintzen.

Gogoan al duzu mendian egindako lehen lasterketa?

Bai, Mendaron izan zen. Garai hartan ez nuen batere serio hartzen. Egia esan, Mendaron ateratzerako, banuen Zegamarako dortsala.

Zer gogoratzen duzu zure lehen Zegama-Aizkorri lasterketaz?

2012an izan zen. Asko gozatu eta sufritu nuen. Helburua amaitzea zen, eta lau ordu eta 38 minutuan amaitu nuen. Ezjakintasun handiarekin joan nintzen hara, ez nekien ongi zer ziren mendi lasterketak, lesionatuta iritsi nintzen helmugara... Orduan, ez nuen inor ezagutzen, eta gogoan dut oso luze egin zitzaidala. Otzaurten Jokin Lizeagarekin topo egin nuen. Lasai joateko eta denbora ona egingo nuela esan zidan. Berak izugarrizko lasterketa egin zuen. Esperientzia polita izan zen.

Asko sufritu zenuen arren, argi zeneukan mendian korrika jarraituko zenuela?

Bai. Mendi lasterketetan hasi aurretik, banekien ongi arituko nintzela. Ironmanetako erreferentzia nuen, korrika ondo moldatzen nintzen, eta mendian ere horrela izan zen. Eta mendi lasterketen gurpilean sartuta, lehen helburua Zegama egitea zen; gero, euskal selekzioan sartzea.

Gutxira sartu zinen selekzioan.

Deitu bainoago, Eneko Aliende hautatzailearekin hitz egin nuen. Aukera batzuk sortu zitzaizkidan lehen urte hartan, eta Enekori zera galdetu nion: ea selekzioan sartzeko ere aukera banuen. Baiezkoa erantzun zidan. Beste aukera guztiak baztertu nituen, eta selekzioan murgildu nintzen. Lehen urtean, Espainiako Kopa egin behar nuela esan zidan, eta emaitzen arabera Munduko Kopa egiteko aukera izango nuela. Espainiako Kopan ondo hasi nintzen, eta, handik gutxira, Munduko Kopan lehiatu ahal izan nintzen. Oso urte gogorra izan zen. Lasterketa asko eta bidaia asko egin nituen, baina asko gozatu nuen. Oso oroitzapen politak ditut 2013az. Talde giro aparta izan genuen.

Bost urte igaro dituzu euskal selekzioan, baina iaz uztea erabaki zenuen. Zergatik?

Ez nuen arrazoi berezirik izan. Ziklo bat ixteko aukera ona zela ikusi nuen. 2016. urtea oso urte gogorra izan zen niretzat, bai emaitzen aldetik eta bai motibazioaren aldetik ere. Familia kontuak ere izan nituen, bigarren umea... Zegama ere oso txarra izan zen. 2017a berriz, gogo ikaragarriarekin hasi nuen, emaitza bikainak lortu nituen; agian, inoiz egin dudan urterik onena egin nuen, eta argi neukan selekzioa uzteko egoera ona zela, maila gorenean uzten nuelako gehienbat. Baina dena ez da hain polita. Selekziokideekin beti harreman ona izan dut, baina, askotan, euskal selekzioaren pisua nire gain hartu behar izan dudala iruditu zait. Begirada asko nituen gainean, eta askotan txorakeria asko entzun behar izan ditut. Argi daukat oraindik ez dudala nahiko diru irabazten mendi lasterketetatik, txorakeriak entzuten jarraitzeko. Gauzak oso modu pertsonalean hartu izan ditut. Niri esandakoak, bale, baina hautatzaileei zuzenean egindako kritika txar asko ere nireak sentitu ditut. Lagunak ditut, eta badakit musu truk ibiltzen direla. Oso erraza da gauzak kritikatzea.

Uzteko erabakia noiz hartu zenuen?

Denboraldi erdian banekien utzi egingo nuela. Nahiz eta askok ez sinistu, ez nuen beste eskaintzarik orduan. Ez nuen selekzioan jarraitu nahi, eta ez nuen Munduko Koparik egin nahi. Zerbait etortzen bazen ondo, eta, bestela, lau lasterketa egin eta kito. Egia da eskaintza batzuk jaso nituela selekzioa utzi behar nuela esan nuenean. Argi neukana zera zen: Salomon etxeak deituz gero, hara joango nintzela. Aspalditik pentsatzen nuen hori, baita selekzioan nengoenean ere. Niretzat, beste maila batera jauzi egitea zen, beste zerbait ezberdina ezagutzea.

Salomonen egonda ere, txapelketetara selekzioarekin joateko aukera baduzu. Deituko balizute, zer egingo zenuke?

Joateko aukera badugu, deituz gero, ez dut zalantzarik izango, joango naiz. Bost urte bikain pasatu ditut, eta uste dut zorretan nagoela. Haiek eman didatena itzultzeko modu polita izan daiteke.

Zerbait ematen al duzu faltan selekziotik?

Salomonekin alderatuta, selekzioa talde baten antzekoa da. Salomonen, berriz, noizean behin lasterketetan elkartzen gara, baina bakoitza bere kasara aritzenda, ez gara joaten talde gisa. Hala ere, oso gustura egon naiz orain arteko bidaietan. Exijentziarik ez daukat haien aldetik, eta hori ere eskertzekoa da. Gauza asko ikasten ari naiz hango jendearekin. Pena bat badut, taldeko beste bi euskaldunekin, Iker Karrerarekin eta Oihana Kortazarrekin, ez topo egin izana.

Dena aldatzea erabaki zenuen, entrenatzailea ezik. Jokin Lizeagarekin jarraitzen duzu.

Urte batzuk daramatzat berarekin, eta denak ondo funtzionatu dit. Ez nuen aldatzeko asmorik, eta argi daukat ezin naizela entrenatu nire parean dabiltzanen ordu kopurua. Jokinek ulertzen gaitu, eta badaki aste barruan ezin garela hogei orduan entrenatu. Hamar edo hamabi orduko asteak izaten dira gehienez, baina errendimendu mailan hura bezalakorik ez dago. Konfiantza handia ematen dit, eta esango nuke %98an kasu egiten diodala. Nirekin oso ondo asmatzen du.

Ultra distantzian ikusiko al zaitugu egunen batean?

Ez dut gehiegi pentsatzen horretan, baina buruan dut egunen batean Transvulcaniako ultra egitea. Zazpi edo zortzi ordu arteko lasterketa bat da, eta maratoiko entrenamenduekin moldatu ninteke. Begiz jota dudan beste lasterketa bat Mont-Blanceko CCC [100 kilometro] lasterketa da. Behin Jokini komentatu nion ideia, eta zera esan zidan: hemezortzi orduan entrenatu beharko nintzela astean, han errendimendua lortu nahi banuen, eta horrek ez zidan graziarik egin [barreak]. Hala ere, nire muga 100 kilometroren inguruan ibil daiteke.

Nork irabaziko du Zegaman?

Uste dut berriz ere Stian Angermundek irabaziko duela. Iazko erakustaldia ikusi eta gero, hura da faboritoa. Haren atzetik, zalantzak ditut. Entzun dut Kilimonen irabazi zuen poloniarra, Bartlomiej Przedwojeski, oso indartsu dagoela. Zer esan Marc Lauenstein eta Remmi Bonnet suitzarrei buruz... Ez dakigu oraindik Kilian Jornet iritsiko den, baina etorriz gero ez dut uste denbora pasatzeko etorriko denik. Izugarrizko maila egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.