Ibrahim, Zorn, Taj Mahal eta Simple Minds izango dira Donostiako Jazzaldian

Jaialdia 2020ko uztailaren 22tik 26ra egingo da. Cecile McLorin Salvant, Kenny Barron, Dave Holland eta Graham Nash ere ariko dira

mikel lizarralde
Donostia
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Donostiako 55. Jazzaldia hasteko zazpi hilabete baino gehiago falta diren honetan, antolatzaileek dagoeneko iragarri dituzte jaialdian parte hartuko duten musikari ugariren izenak. Oraindik itxi gabe du Jazzaldiak hurrengo urteko programazioa, baina atzo egindako aurrerapenak jaialdiaren nondik norakoak erakusten ditu. Hain zuzen ere, azkeneko urteetan Donostiako jaialdian izan diren hainbat musikarik berriro joko dute bertan, eta horiei gehituko zaizkie musika beltzaren nahiz poparen eta rockaren eremuan ibilbide luzea egin dutenak.

Izenen artean ezinbestean azpimarratu beharrekoa da John Zornena. New Yorkeko abangoardiako saxo jotzailea bitan izan da azken urteetan Donostian, eta kontzertu edo kontzertu saio bereziak egin ditu bietan. 2013an Masada Maratoiarekin izan zen jaialdian, eta bost orduz aritu zen Kursaaleko auditoriumean, hamabi taldez lagunduta. Aurtengo aldian, berriz, Bagatelles maratoian parte hartu zuen bi egunetan. Bi saio horietan, Zornek The Bagatelles disko-liburuan bildutako 50 konposizio interpretatu zituzten hamalau taldek. Oholtzara igo ziren musikarien artean egon ziren Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen eta Trevor Dunn. Aurten, gainera, Donostiako Jazzaldia saria ere jaso zuen Zornek.

Hurrengo urteko jaialdian, berriz, Jazzaldirako beren-beregi prestatutako proiektu bat aurkeztuko du Zornek. Hain zuzen ere, Masada Quartet bere talde historikoarekin izango da oholtzan, eta baita New Masada Quartet laukotearekin ere.

Jazzaldian pianista ezagunak dira Abdullah Ibrahim —2017an izan zen—, Kenny Barron—2000an Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen, eta 2018an ere aritu zen Donostian—, Hiromi—2010ean Stanley Clarkerekin jo zuen, eta 2017an, Edgar Castaneda harpa jotzailearekin—, eta baita Cecile McLorin Salvant kantari gaztea —2017an abestu zuen— eta Kurt Elling abeslaria ere—Brandford Marsalisen taldearekin aritu zen 2016an—.

Jazzari lotuak daude, halaber, Donostiako 55. Jazzaldian izango diren beste musikari ugari ere: Danilo Perez, Rita Marcotulli eta Dado Moroni piano jotzaileak; Joe Magnarelli, Enrico Rava, Fabrizio Bosso eta Paolo Fresu tronpeta jotzaileak; Sharon Clark abeslaria; Makaya McRaven bateria jotzailea; Dave Holland baxu jotzailea; eta Ezra Collective eta Fire Orchestra taldeak.

Pop eta rock izarrak

Aspaldi utzi zien Donostiako Jazzaldiak lekua jazzaz aparteko musikei ere, eta Zurriolako hondartzan kokatu ohi den Agertoki Berdeak jaso izan ditu popetik eta rocketik gertuago dauden proposamenak. Hain zuzen ere, agertoki horretan joko du Simple Minds talde eskoziarrak, jaialdiaren inaugurazio egunean. Jim Kerr abeslariaren taldea 1980ko hamarkadaren hasieran nabarmendu zen, new wave eta synth-pop doinuekin, baina, gerora, rock epikorako bidea hartu zuen, eta hamarkadaren erdialderako estadioak betetzen zituen. Bere ibilbidean —40 urte bete dituela ospatuko du Donostian— hainbat kantu arrakastatsu argitaratu ditu taldeak; Promise You A Miracle eta Don't You, esaterako.

Simple Minds baino beteranoagoa da Graham Nash. The Hollies taldeko kide zela nabarmendu zen, 1960ko hamarkadan, eta, gerora, Crosby, Stills, Nash & Young supertaldeko partaidea izan zen, David Crosby, Stephen Stills eta Neil Youngekin batera. Mitotzat har daiteke Taj Mahal ere. 1960ko hamarkadaren amaieratik darama bluesa, zydecoa, jazza eta musika beltzaren beste aldaera batzuk uztartzen dituen proposamen pertsonala lantzen. Eta jazz kanonikotik kanpo daude jazzaldian izango diren beste talde batzuk ere: Vintage Trouble, North Mississippi Allstars, Sly & Robbie eta Leon Benavente.

Jazzaldirako sarrerak laster jarriko dituzte salgai,www.heinekenjazzaldia.eus eta www.donostiakultura.eus webguneetan. Oraindik, ordea, Simple Mindsen kontzertua salbu, ez dute zehaztu artista bakoitzak jaialdiko zein gunetan eta egunetan joko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.