Bilboko saioarekin hasiko da, gaur, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen txanda

Udaberriko fasean 78 bertsolari ariko dira, inoiz baino gehiago, eta 23 estreinakoz. Derion beste saio bat izango da bihar

Etxahun Lekuek irabazi zuen 2016ko txapelketa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
Bilbo
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Udaberriko faseko lehen bi saioekin abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa asteburuon. Gaur Bilboko BBK aretoan eta bihar Derioko Gurea aretoan jokatuko dituzte lehen bi sailkapen saioak. Inoizko parte hartzaile gehien ariko dira kantuan udaberriko fasean: 78 bertsolari orotara. Horietako 23k lehen aldia izango dute txapelketan.

Bilboko saioan Asier Legarretak, Bikain Urkirik, Ekaitz Larrazabal Katxo-k, Maddalen Ruesgasek, Mikel Goirienak eta Peru Astigarragak parte hartuko dute —Ruesgasek eta Astigarragak lehen aldiz—, eta Oier Iturralde Atano izango da gai jartzailea. Derion, berriz, Aissa Intxausti, Enare Muniategi —estreinakoz—, Iñigo Kortazar, Koldo Gezuraga, Malen Amenabar eta Mikel Retolaza ariko dira kantuan, eta Xabier Sainz de la Maza gai jartzaile. 17:30ean hasiko dira bi saioak, eta sarrerak 17:00etatik aurrera izango dira salgai txarteldegietan.

Bizkaiko 23. Bertsolari Txapelketa izango da eta, orain dela bi urtekoa bezala, bi fasetan banatuko da: sailkatzeko saioak jokatuko dituzte udaberrikoan, eta kanporaketak udazkenekoan.

Asteburuko lehen bi saioen ondotik, beste 11 saio jokatuko dituzte udaberriko fasearen barruan. Otxandio (apirilak 21), Ondarroa (apirilak 22), Gautegiz-Arteaga (apirilak 28), Balmaseda (maiatzak 6), Elorrio (maiatzak 12), Getxo (maiatzak 13), Areatza (maiatzak 19), Erandio (maiatzak 20) eta Abadiñon (maiatzak 26) izango dira emanaldiak. Goizeko saioak 12:00etan hasiko dira, eta arratsaldekoak 17:30ean. Ondarroakoa eta Getxokoa saio bikoitzak izango dira: eguerdian saio bat izango da, eta beste bat arratsaldean. Sei bertsolarik kantatuko dute saio bakoitzean.

Udazkenean, kanporaketak

Udaberriko fasea amaituta, udaren ostean ekingo diote berriro txapelketari, udazkeneko kanporaketa fasearekin. Urrian hasiko dira saioak, eta 30 bertsolarik parte hartuko dute, bost kanporaketatan. Fase horretara zuzenean sartzeko eskubidea dute 2014ko txapelketako finalistek. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, eta gainerakoak, puntuen arabera. Ostean, hiru finalaurreko izango dira; hemezortzi bertsolari lehiatuko dira —2016ko txapelketako finalistek eskubidea dute zuzenean fase horretan sartzeko—. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta gainerakoak puntuen arabera.

Zortzi bertsolari iritsiko dira finalera. Bilbon izango da, eta zehazteko dute eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.