Gorka Aranberri. Orioko patroia

«Ez dut inoiz igandekoa bezain olatu handia hartu»

Zuzen asko eraman zuen Gorka Aranberrik trainerua aurreko igandean Kontxako Bandera irabaztera, olatu zailen artean. Lehen onenen pare bazegoen, igandekoren ostean zer esanik ez.

Aitor Manterola Garate.
<i>Orio</i>
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Talentua duenari aukerak eman egin behar zaizkiola esaten da. Baliatzea bere esku egoten da gero. Badu berezkotik patroi lanean Gorka Aranberrik (Donostia, 1987), eta antzematen zitzaion ume-umetatik bazekarrela zerbait. Haurra zela egin zuen debuta Zarautzekin, 14 urterekin, eta bera zuen patroi Enbata traineruak 2003an, TKE ligaren lehen aldian, taldeak azken estropadan maila galdu zuenean. Amari besarkatuta, negar egin zuen Getxoko (Bizkaia) arranplan egun hartan. Hamalau urteren buruan, bost aldiz irabazi du Kontxako Bandera. Azkena igandean, Oriorekin. Taldekideek arranplatik nola atera zuten ikustea oso adierazgarria izan zen.

Inoiz igo al zenuen Donostiako arranpla arraunlari taldekideek besoetan hartuta?

Sekula ez, aurreko igandera arte. Aurreneko aldia izan zen, eta, gainera, ezustean harrapatu ninduten, ezetz esateko denborarik gabe. Jendeak bere emozioak atera egiten ditu arranplan une horietan, eta horrela gertatu zen. Ni bakarrik ez nintzen izan, gainera; taldekide batzuk ere igo zituzten aupatuta behetik gora. Polita izan zen.

Zu gabe Kontxa ez zutela irabaziko adierazi nahi izan zizuten taldekideek?

Orion hasi nintzenean, uste dut aurreneko elkarrizketa Karkara bertako herriko aldizkariari eman niola, eta, galdera baten erantzunean, honako hau esan nien: «Kanpotik datorren patroi batek herritarren errespetua irabazi nahi badu, emaitza onak lortu behar ditu ezinbestean». Jendearen errespetua irabazi dudala ikusi dut, emaitzak hor daudelako hori erakusten, eta horretaz oso harro sentitzen naiz.

Kontxa irabazita, errespetuaz gain zer lortzen du kanpoko patroi batek Orion?

Herrian galdetu beharko zenuke hori, baina Kontxa irabazi ez bagenu ere, denboraldia oso ona izango zen. Kontxako garaipena sasoia biribiltzea izan dela esango nuke.

Kontxaren inguruan, ia hamar urte irabazi gabe zegoen Orio, eta zuk, kanpotik etorrita, antzeman izan duzu presio bereziren bat?

Ez. Herrian esan izan dute hamarkada bakoitzean irabazi izan duela Oriok Kontxako Bandera bat gutxienez, eta aurten bukatzen zen hamarkada hau, batere irabazi gabekoa. Momentu jakinen batean entzun izan dugu hori kanpotik, baina arraunlariok taldearen barruan ez dugu presiorik sentitu, eta egunetik egunera joan gara. Ikusten genuen trainerua azkar zihoala, eta negu osoan konfiantza hartuz joan ginen. Luzea izan zen negua, entrenamenduak oso gogorrak, baina traineru jaitsieretan ikusi zen emaitzak onak ari zirela izaten. Uda ere polita izan dugu, eta asteburuero bi estropadatik batean gutxienez banderaren lehian ibili izan gara. Bestela, prestakuntza Kontxara begira osatu dugu, estropada horretara ahalik eta ondoena iristeko, eta, zorte ona lagun izanda, hemen gaude. Lehen egunean ez genuen zorte onik izan, baina, bigarren egunean, zorte onari etekina ateratzeko gai izan ginen, eta ikusi dugu merezi izan duela aurreko hilabeteetako ahalegin eta sakrifizio guztiak.

Zorteak hainbesteko eragina izanda Kontxan, ez al da oso arriskutsua prestakuntza horretara bideratzea?

Hala da, beti behar baita Kontxan zorte ona. Esan izan da Donostian irabazten duena ez dela beti udako traineru onena izaten, baina sentitzen dudana da aurten onenak izan garela Kontxan. Udan ez gara izan, erregulartasuna eskatzen duelako liga irabazteko hautagai izateak, baina onenen pare edo hobeto ibili izan gara estropada askotan, eta erakutsi dugu emaitzekin: lau bandera dauzkagu irabazita Eusko Label ligan oraingoz, eta Gipuzkoako Txapelketa eta Kontxako Bandera ere bai.

Asko hitz egin da aurreko igandeko olatu segidaz, azkenean bandera eman zizuen egoera horretaz. Jon Salsamendik esan zizunean bazetorrela segida handi hori, zer pentsatu zenuen?

Beroketan, zero kaletik ibili ginen, eta estropadan olatu segida horretako lehena edo bigarrena hartu genuen toki berean olatua hartu genuen. Hala tokatu zen estropadan ere, eta uste dut gogoan dudan olatu indartsuena eta handiena izan dela, traineruaren ipurdia hain goian ez baitut ikusi nire ibilbide guztian. Berdin zitzaidan aurkariek olatuak hartzen bazituzten ere; banekien ontzia zuzen eta orekatua eramanez gero bandera gurea izango zela. «Gurea dek, sinetsi!», esan niela arraunlariei entzuten da telebistan.

Zalea zara, baina, halakoak esaten bestela ere.

Bai, baina lehen arraunlariak animatzeko esaten nituen, eta orain ez, benetan sinetsi izan dudalako. Igandean, olatu horiekin estropada txikitu genuen.

Trainerua goitik behera begira jarri zenean, ardura ere sentituko zenuen, ezta?

Bai, beti sentitzen da. Baina arraunlariak gai direnean ontzia orekatuta eramateko, patroiari lanaren erdia baino gehiago kentzen digute. Ardura da zuzen eraman behar dugulako patroiek, pixka bat joanez gero, ez dagoelako zuzentzerik abiada horretan. Ondo atera zen.

Olatu segida hartan traineruak alde egin izan bazizun, erruduntzar hartuko zintuen jendeak bandera ez irabazteagatik.

Hala da, bai. Atera izan da bat edo beste leku batzuetan Urdaibairen patroia erruduntzat joz bueltako luzean okerrak egin omen zituelako. Harrigarria egiten zait halakoak esatea jendeak, ez delako egokia patroia erruduntzat jotzea; gurekin batera etorri zirelako une zehatz horretara arte. Minutu bateko lanagatik ezin da patroia erruduntzat jo.

Egunotan entzun izan da zu Urdaibain egon izan bazina igandean Kontxa Bermeora joango zela.

Erraz esaten da hori. Beste patroiaren lana gutxiestea da hori, nahiz eta ez izan asmo txarrez esandako zerbait.

Oriorekin Kontxa irabaztea bada zerbait berezia?

Badu zerbait bai. Onerako eta txarrerako, arrauna zainetan daramate herrian, eta aurreko aste osoa izan zen ederra. Lehen igandean ere gustura zegoen jendea, eta astean osoan ere sinetsi egin genuen taldean eta herrian gai ginela bandera ekartzeko. Ostiraleko entrenamenduan guri babesa erakusteko bildu zen jendetzarena ikaragarri ederra izan zen.

Ongietorria ere apartekoa izan zen, ezta?

Ospakizun guztia izan zen handia, estropada bukatu eta herriraino etorri artekoa, baina herrian bizi izan genuena latza izan zen. Ez dauka parekorik, benetan. Bermeon ere izan ditut ongietorri hunkigarriak, baina hau da berriena, hauxe daukat gehien sartua buruan azkena izan delako, eta, bai, sekulakoa izan zen. Handia eta polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.