Enbor bereko ezpalak

Egun bereziak dira hauek arriatarrentzat. Liburu bat aurkeztu berri dute Jose Inazio Orbegozo 'Arria II.a'-z, eta larunbatean omenaldia egingo diote, Azpeitian. Haren seme Xabierrek, 'Arria V.a'-k, berriz, apustua jokatuko du Xabier Zalduarekin abenduaren 3an, Azpeitiko zezen plazan. Herri kirolez eta aizkoraren historiaz, transmisioaz, apustuez eta etorkizunaz mintzatu dira.
JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2017ko azaroak 22
Azpeitian (Gipuzkoa) da hitzordua, Mendizabal erretegian. Zenbat apustu eta erronka itxi diren bertan. Han dauden guztiek ezagutzen dute Jose Inazio Orbegozo Arria II.a (Azpeitia, Gipuzkoa, 1945), baita haren semea ere, Xabier, Arria V.a (Errezil, Gipuzkoa, 1977). Elkarrizketa hasterako, garai bateko kontuak azaltzen hasiak dira.

Aita aizkolaria zenuen zuk, Jose Inazio, baina gogoan al dituzu zure lehen aizkorakadak?

ARRIA II.A: Garai batean, motozerrarik ez zen izaten baserrietan, eta guk, etxean, aizkora mordoa genuen, mota guztietakoak. Egunero behar izaten genuen aizkora, edozertarako. Gu oso txikitatik ohitu ginen aizkora erabiltzera, ez gaur egun bezala. Hor dago arazo handia. Egungo aizkolariek entrenamenduetarako bakarrik hartzen dute aizkora. Oso garrantzitsua izaten da oso gaztetatik aizkora eskuetan ibiltzea.

ARRIA V.A: Arrazoi du aitak. Nik uste dut hor dagoela koska handia. Orduan, egunero ibiltzen ziren erreminta haiekin jo eta su, eta egun, ordu erdi eskas. Garai batean, eskuak askoz ere zailduagoak izaten zituzten, esaterako. Sasoia, ordea, beste kontu bat da.

Etxekoei, amari bereziki, ez omen zien graziarik egiten zu aizkoran ibiltzeak.

ARRIA II.A: Hala da, bai. Aitak apustuzale eta lagun asko izaten zituen Azpeitian, eta Loiolatik Azpeitira jaisten zen aldiro, bi egun pasatzen zituen etxera itzuli gabe, entrenatu beharraren aitzakian. Ama askotan bakarrik egoten zen etxean, eta ez zuen gustuko ni ere aizkoran ibiltzea. Askotan esaten zuen, «parranda besterik ez ditek aizkolariek!». Hala ere, uste dut nik txikitatik nekarrela aizkolari izateko grina, txapeldun handi bat izateko grina, alegia.

Ezkutuan ibiltzen zinen aizkoran.

ARRIA II.A: 13 urterekin erosi nuen nire lehen aizkora, Zumarragan. Etxean, ganbaran gordeta edukitzen nuen, eta, haiek siestara joatean, aizkora hartu eta mendira joaten nintzen. Garai hartan, egurra sobran izaten zen mendian.

Xabier, zuk ez duzu horrelako oztoporik izan.

ARRIA V.A: Guk, haien aldean, erraztasun handiak izan ditugu denerako: erremintak, egurrak... Askotan gogo askorik gabe ibiltzen ginen arren, horrela joan zen gure gazte denbora. Oso kirol garestia da. Guk, zorionez, laguntza asko izan dugu.

Gogoan duzu, Jose Inazio, plazara aurrenekoz irten zinen eguna?

ARRIA II.A: Bai, noski. 17 urte nituen, eta Loiolan izan zen. Jendea gustura atera zen; Arriaren semea izateak ospea eman zidan. Orduan, frontoiak alokatu eta herri kirolak antolatzen zituzten, eta gu ere horretan hasi ginen. Saioko, 500 pezeta ematen zizkiguten. Ama ere diru pixka bat ikusten hasi zen, eta ikuspuntua aldatzen hasi zen [barrez].

20 urterekin egin zenuen lehen apustua, eta Migel Irazusta Polipaso-ri irabazi zenion. Ez zen edonor orduan Polipaso.

ARRIA II.A: Aizkolari handia zen. Nire lagun batek esanda joan ginen. Nik gauza batekin amesten nuen: txapeldun handiek zer sentitzen zuten jakin nahi nuen. Aspaldiko txapeldun ziren, Errekalde, Keixeta edo Luxiaren pare izatera iritsi nahi nuen. Egurra azkar ebaki nahi izaten nuen, eta haien denborak apurtu. Nahiko erraz irabazi nuen.

Zuk ere ez zenuen beranduago egin lehena, Xabier.

ARRIA V.A: Nik lehenago jokatu nuen aurrenekoa. 16 urte nituen artean, eta Telletxea nafarraren aurka jokatu nuen, Donezteben. Lau kana-erdiko eta bi oinbikora jokatu genuen. Irabazi egin nuen.

Arriatarrak betidanik izan zarete apustuzaleak.

ARRIA II.A: Bai, etxetik ere badatorkigu. Aitak 18 urterekin egin zuen lehen apustua, nik 20rekin, eta semeak 16rekin. Pentsa...

Ramon Latasa zenarekin entrenatzen ere egon zinen Sunbillan. Ez zen nolanahiko maisua.

ARRIA II.A: 1966an, binakako txapelketa prestatu genuen batera Sunbillan. Hogei egun pasatu nituen han, Ezponda hotelean. Irabazi egin genuen. Ordurako, txanda librean, asko egiten nuen. Oso maisu ona izan zen Latasa. Tamaina guztiak kontuan hartuta, bera zen erregularrena. Hala ere, gustura ikusiko nuen Luxiaren aurka biak ondo egonda.

1967ko txapelketan, Patxi Astibiak ospitalean amaitu zuen, zu ere zorabiatuta... Inoizko txapelketarik onena izan al zen hura?

ARRIA II.A: Nik irabazi beharrekoa zen hura! Azken enborrera lehena iritsi nintzen, baina azkenean Berakoetxeak irabazi zuen. Ondokoen aginduei kasu egiteagatik galdu nuen. Orduan ez genuen prestaketa berezirik egiten.

Zu, Xabier, ordea, ondo prestatzen zara.

ARRIA V.A: Bai. Ni ere gaztetan askoz ere gutxiago prestatzen nintzen, baina, gaur egun, ezinbestekoa da ondo prestatzea.

Jose Inazio, zure garaipenik handiena 1976ko Munduko Txapelketan zen, Donostian, 15.000 pertsonaren aurrean.

ARRIA II.A: Garrantzi handiena izan zuena, behintzat, hori izan zen. Aurreko urtean, Australiarren aurka galduak ginen. Hartarako, berriz, oso ondo prestatu ginen. Haien aizkorekin konturatu ginen haiek adina mozten genuela, ez aurreko urtean bakoitzak bere aizkorekin bezala. Miel Mindegia, Jexux anaia eta hirurak jokatu genuen australiarren, estatubatuarren eta kanadarren aurka. Handia izan zen hura! Inoiz txapelketa batean elkartu den jendetzarik handiena bildu zen.

Xabier, 15.000 ikusle. Gauzak ederki aldatu dira.

ARRIA V.A: Gaur egun ezinezkoa da hainbesteko jendetza biltzea.

44 urterekin erretiratu zinen, Jose Inazio.

ARRIA II.A: Gaixotasun batengatik utzi behar izan nuen. Ebakuntza bat egin zidaten, eta nahiko larri ere egon nintzen, baina buelta eman nion. Itzuli eta erakustaldi batzuk egin nituen arren, erretiratzea erabaki nuen.

Zertan duzue antza?

ARRIA V.A: Aita ni baino askoz azkarragoa zen. Ni geldoagoa naiz, osaba Jexuxen tankerakoa.

ARRIA II.A: Nik nuen pazientzia baino handiagoa du Xabierrek. Oso azeleratua nintzen, eta egurra puskatu, erori edo lehertu egin behar izaten nuen. Behar bezala prestatuta oso gutxitan plazaratu nintzen. Ondo prestatuta joan nintzenetan, nahiko erraz irabazi nuen; esaterako, behin Mendizabali, eta beste behin Mindegiari.

Garai haietako belaunaldikoek esana da Arria II.a eta Joxemari Olasagasti Euskal Herriak eman dituen atletarik osoenak izan direla. Zuk ere horrela dela uste al duzu Xabier?

ARRIA V.A: Nik Olasagasti gehiago ezagutzen dut, eta esan dezaket animalia bat dela. Gauza ezberdin askotan ibilitakoa da, eta denetan ondo ibili da. Niretzat, oso atleta indartsuak izan dira.

Zuek biok Mindegiari apustuak jokatutakoak zarete. Hura izan da aizkolaririk onena?

ARRIA V.A: Nik esango nuke hura izan dela maila altuan ibilbiderik luzeena egin duena.

ARRIA II.A: Nik izan nuen garai bat haren beldurrik ez nuena, hark gero nirekin izan zuen berbera. Urte askoan, mailarik altuenean ibili da, enbor txikiekin, handiekin, saio motzetan, luzeetan... Onenetakoa izan da.

Zuek, Jose Inazio, oso kirolari ezagunak zineten garai batean. Gaur egun, ordea, iruditzen zaizue baserritarren arteko kirol huts moduan ikusten dela?

ARRIA II.A: Orain zaletasun pixka bat badagoela dirudi; esaterako, Nafarroan. Eremu honetan, berriz, behera egin du. Gure garaietan, Azpeitian, Azkoitian eta Mendaron baziren aizkolariak. Non gelditu da Urola aldean ziren aizkolarien zerrenda luzea? Korta, Agiñeta, Luxia, Errekalde, Keixeta... Tristura ematen dit, bai.

ARRIA V.A: Gaur egun hainbeste kirol dago... Ez da erraza aizkolariak ateratzea. Oso kirol garestia da: egurra erosi behar da, zaindu, asko entrenatu...

Azken urtetan, apustuek beheraka egin dute. Zergatik?

ARRIA V.A: Apustu batek gastu handia eskatzen du, eta dirudien baino etorrera gutxiago izaten du. Txapelketara, jendea zirt edo zart egitera joaten da, eta hirugarren eginda ere, ez da txarra izaten. Baina apustuan horrek ez du balio. Hiru hilabete behar izaten dira ondo prestatzeko, eta kostua handia da. Jendeak apustuarekin beldurra du; irabazteko baino galtzeko gehiago dutelako aitzakiarekin, ez dute apusturik jokatzen.

ARRIA II.A: Nik ez nuke esango aitzakia gastua bakarrik dela. Garai batean, korrika eta harri-jasotzean ere egiten ziren apustuak, baina zenbat urte dira harri-jasotzaileen apusturik egin ez dela? Edo korrika? Edo segan? Lehengo bezeroak dirua jokatu zaleak ziren, baina oraingo gazteek ez dute ohiturarik.

Apustuak galduko diren arriskua ikusten al duzue?

ARRIA II.A: Nik, behintzat, ez.

ARRIA V.A: Ez. Nik uste dut beti egingo direla apustuak, ez asko, baina urtean bat edo bi ziur.

Gogorra da aita laguntzaile gisa?

ARRIA V.A: Bai, izan behar ere bai pixka bat [barrez].

Aizkolariak zenbat behar du jaiotzetik eta zenbat entrenatzetik?

ARRIA II.A: Aizkolariak, lehenik, gaia behar du, indarra. Saiatua bada, aurrera aterako da, ziur.

Apustuak sarri mahaian bertan galtzen omen dira, apustua ixteko garaian. Pentsaera berekoa al zara, Xabier?

ARRIA V.A: Mahaitik, apustuak erdian irteten dira. Gauzak ondo joan badira, erraza izaten da gero hitz egitea, baina hori edozeinek egiten du. Askotan gertatzen da faborito argienak galtzea. Esaterako, hurrengo apustuan badirudi ni naizela faboritoa, baina horrekin bakarrik ez da irabazten.

Zuen familian, lau belaunaldietako aizkolariak izan zarete. Semeak aizkolari izan nahi duela esango balizu, Xabier, zer esango zenioke? Animatuko al zenuke?

ARRIA V.A: Ez, ezta gutxiagorik ere. Zorigaiztoko kirola da aizkora, eta egun, oso garestia, etorrera gutxikoa eta une txar asko igaro beharrekoa. Nik, behintzat, ez dut asko animatuko.

Lehenik, liburuaren aurkezpena, eta datorren larunbatean, omenaldia herrian. Zer duzu esateko, Jose Inazio?

ARRIA II.A: Ilusioz hartu nuen gonbita. Liburu propioa izatea oso interesgarria da; asko estimatzen dut nirekin gogoratzea. Gauza hauek bizirik zaudela egitea izaten da onena, hildakoek ez baitute ezer sentitzen. Bere garaian batek esan zuen bezala, «hildakoan loreak alferrik dituk; nik bizirik nahi dizkiat».

Zu, berriz, Xabier, sasoiko omen zaude abenduaren 3ko Xabier Zalduaren aurkako apusturako.

ARRIA V.A: Sasoiko nago, bai. Hala ere, biok lan ona egitea gustatuko litzaidake, eta, gero, onenak irabaz dezala. Polita egongo da.

Ondo ikusten al duzu semea?

ARRIA II.A: Bai. Fisikoki, zimela dago itxuraz, ez du kilo askorik sobran.

Orain dabiltzan aizkolarietatik nori botako zenioke apustua?

ARRIA V.A: Azken urteetan, badugu lehia txiki bat Vicente familiarekin. Aitari, Danieli, bi apustu irabazitakoa naiz, eta orain badago aukera semearekin, Ikerrekin egiteko. Uste dut berak ere probatu nahi duela, baina gauza askok elkartu behar dute apustua aurrera ateratzeko. Nik ikaragarri gustura jokatuko nioke. Txiki-txikitatik ofizioa ondo ikasitakoa da Iker, eta afizio ikaragarria du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna