Robert Glasper, Curtis Stigers eta Salvador Sobral ariko dira 53. Jazzaldian

Jose Luis Lanzagorta diseinatzaileak sortu du Donostiako jaialdiko aurtengo kartela. Sarrerak datorren ostegunean jarriko dituzte salgai

Erredakzioa
Donostia
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Uztailaren 25etik 29ra izango daDonostiako 53. Jazzaldia, eta, egitarau osoa oraindik iragarri ez badute ere, bertan ariko diren musikari gehienen izenak jada jakinarazi ditu jaialdiak. Horien artean daude, besteak beste, Christian Scott, Salvador Sobral eta Curtis Stigers, atzo jakin zenez. Ohi bezala, hiru kontzertutik bi doakoak izango dira; besteetarako sarrerak hilaren 22an jarriko dituzte salgai.

New jazzaren puntako taldetzat jotzen dute Experiment, Robert Glasper teklistak gidatzen duena. R+R=NOW du izena haren proiektu berriak, «gaurko munduaren egoerari buruzko gogoeta soziopolitikoa eta artistiko bat». Christian Scott tronpeta jotzailea; Terrace Martin saxofonista, konpositore, rap abeslari eta ekoizlea; Taylor McFerrin teklista, DJ eta beatboxerra; Derrick Hodge baxu jotzailea; eta Justin Tyson bateria jotzailea izango dira oholtza gainean, Glasperrekin batera.

Curtis Stigers abeslari eta saxo jotzailea, berriz, Kurt Elling nahiz Gregory Porterrekin alderatu izan dute. Bere piezak sortzeaz gain, jazzeko estandarretan eta jazzerako egokitzen dituen pop eta rockeko piezen interpretazioetan nabarmendu izan da. Haren alboan, Mathew Fries (pianoa), Cliff Schmitt (baxua), Paul Wells (bateria) eta John Sneider Scrapper (tronpeta) ariko dira zuzenean.

Iaz Eurovision jaialdia irabazi ostean, jazzera itzuli da Salvador Sobral abeslari portugesa. Julio Resende pianistarekin, Andre Rosinha kontrabaxuarekin eta Bruno Pedroso bateriarekin ariko da.

Aurtengo kartela Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak sortu du; kontrabaxu baten giderra irudikatu du bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.