Posizioak, erritmoak... orekak

Kultura eredu eta erakundeen funtzio desberdinez eztabaidatu dute Baionan Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Maite Fillat Iruñeko Katakrak liburu dendako arduradunak, Haizea Barcenilla arte kritikari eta irakasleak, eta Mikel Erramouspe EKEko lehendakariak.
Joxean Muñoz, Maite Fillat, Haizea Barcenilla eta Mikel Erramouspe, atzo, Baionako Zizpa gaztetxean, UEUk eta <em>Jakin</em>-ek antolaturiko mahai inguruan.
Joxean Muñoz, Maite Fillat, Haizea Barcenilla eta Mikel Erramouspe, atzo, Baionako Zizpa gaztetxean, UEUk eta Jakin-ek antolaturiko mahai inguruan. BOB EDME

Gorka Erostarbe -

2016ko uztailak 8
Norberak non duen kokapena, eta zein duen jarrera. Horra posizio hitzak zer adierazten duen, bi adieratan. Eta lotura zuzena izan dezake nola bizi ikuspegiarekin hala kultura ulertzeko moduarekin edo moduekin ere. Galdera zehatz bezain mamitsua jaurti zien Sustrai Colina moderatzaileak lau solaskideei mahai inguruaren amaieran, eta ñabarduraren batean akaso bai, baina inolako adostasunik ez gainontzean. «Kulturaren inguruko estatu itun bat posible ikusten duzu, eta, hala balitz, zein lirateke itun horren oinarriak?». UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Jakin aldizkariak antolaturiko Eta euskal kultura autodeterminatuko balitz? jardunaldien barruan, kultur eredu eta politika desberdinez jardun zuten; adostasun zubiak urriak izan ziren.

Haizea Barcenillaren iritzian, itun bat adostu eta eratzea «interesgarria bezain zaila» izan liteke, «ia utopikoa», baina garbi du egitekotan ez lukeela erakundeetatik eratorria izan behar: «Ez dut esan nahi erakundeek parte hartu beharko ez luketenik, modu askotako erakundeak baitaude, gainera; baina ez litzateke haiek gidaturiko prozesu bat izan beharko, baizik eta azpitik eta oinarrietatik abiatutako prozesu bat».

Eraldaketa eta borondatea

Joxean Muñozek ez du nahikoa adostasun ikusten ez estatu kontzeptuari dagokionez, ez sektore guztien arteko kultur ikuspegi baten inguruan ere: «Ia ezinezkoa iruditzen zait praktikan kultur eredu baten inguruko adostasuna lortzea eta, horren ondorioz, itun bat sortzea. Izan ere, kulturak borondate politiko desberdinei erantzun ahal diezaien, makineria instituzionala aldatu egin beharko litzateke. Kultur sektore profesional desberdinak euren artean ez dira ados jartzen; beraz, zaila litzateke horiek eta sortzaile banakoek eta kultur eragile desberdinek, denek, erakundeekin itun bat adostea». Muñozen iritzian, kontua gehiago da «oinarri batzuk hitzartzea, joko arauak kuestionatzea, baina ez gero jokoa nola joango den zehazteko».

Muñozek azaldu zuenez, boterean dagoenak batez ere «mugen esparruan» egiten du lan: «Herrietako erakundeek erraztasun handiagoa dute lekuan lekuko errealitatera egokitzeko. Jaurlaritza zurrunagoa da horretan; batetik, malgutasuna eskatzen zaigu, eta, bestetik, bermeak eskaintzea, eta oreka hori oso zaila da. Gure tempoa oso geldoa izaten da, eta traba hori konpontzea ez da batere erraza». Barcenillak arrapostu: «Hain zuzen ere horregatik, erritmo geldo horregatik, herrigintzak, herritarrek zehaztu beharko lukete zein diren itun horien premisak eta mugak, eta gero saiatu erakundeak horietara egokitzen, eta ez kontrakoa. Izan ere, erakundeetatik ateratzen bada, topo egingo dugu dituzten muga horiekin guztiekin. Azpitik abiatu beharko litzateke; bestela, makineria horretan harrapatuta geratuko gara».

Nerea Fillat Katakrak liburu dendako arduradunak oso bestela ikusten du estatu itun hipotetiko horren kontua —ez du alferrik lan egiten Iruñeko zenbait gizarte kolektiboren topagune izateaz bat pentsamendu politikoa bereziki jorratzen duen gune autoeratuan—. Haren ustean, teorikoki eta kontzeptu modura, «oso kortse estua» da estatu itunarena. «Kultur ekoizpen eta sormen interesgarriena, batez ere, instituzioen ertzetatik sortzen da; justu klonifikatu, estutu eta laukitu ezin den toki horietan sortzen da niretzat kultura interesgarriena dena. Horrelako itun bat egingo balitz, soilik balioko luke egun dauden egitura eta pribilegioek irauteko. Erakundeak, ez soilik kultur sortzaileak, herritarren zati handi bat ari dira uzten kanpoan, eta ez dute begiratzen zer ari den gertatzen beren inguruan. Prekaritatea, pobretze prozesua... Kulturaz pentsatzeko, horri ere begiratu behar zaio, eta, erakundeez pentsatzeko, horri ere begiratu behar zaio. Ez dago itun posiblerik errealitate hori begiratu eta pentsatu gabe».

Bai Barcenillak eta bai Fillatek bat egiten dute erakundeen makineriaren geldotasuna ezin litekeela izan aitzakia gauzak ez aldatzeko. «Borondate politikoaren araberakoa da. Momentu honetan instituzio guztiek problema oso latzak dituzte, erabat neoliberalak direlako. Denek diote erakundeak aldatzea ia ezinezkoa dela. Ez dut sinesten hori. Norbaitek diseinatu ditu, eta koordenatu eta helburu jakin batzuei erantzuten diete. Instituzioak aldatzea posible da. Borondate politikoa behar da. Ze garantistak izaten dira 6.000 euroko diru laguntza soila ematen diotenarekin. Hari eskatzen dizkiote bermeak, baina Guggenheim museoari ematen dioten dirutza ez da mugitzen», adierazi zuen ahots kritikoz Fillatek. Eta Barcenillak gaineratu: «Posible da instituzioak aldatzea, bai, eta aldatzen ez badira, gainera, larritu gaitezen!».

Paradigma aldaketa

Estatu itun baten tankerakoa da Euskal Kulturaren Erakundeak azken 25 urteetan Ipar Euskal Herrian egin duena. «Hor biltzen baitira lau erakunde ofizial desberdin, eta baita 147 elkarte ere. Erakundeak ez du eskurik sartzen gai batzuetan; beste batzuetan, babestu egiten du diruz, eta, besteetan, artekaritza lana egin», azaldu zuen Mikel Erramouspe EKEko lehendakariak. Sei hilabeteren buruan Herri Elkargoa erakundea abiatuko dute Iparraldean; erakunde berri horrek konpetentziak izango ditu: «Kultur politika baten jabe izango gara». Erramousperen aburuz, beharrezkoa da kulturaren inguruko itun edo «gogoeta bat», eta oinarriturik egon behar du «elkarrizketan, elkarren errespetuan eta aniztasunean; gero etorriko da nola erabakitzen diren gauzak».

Barcenillaren ustez, «nola» hori da, hain zuzen ere, elementurik garrantzizkoena kultura politiketan, are gehiago Euskal Herrian Guggenheim museoa sortu ondorenean «paradigma aldaketa» bat egon zenez geroztik: «Irizpide kulturalak baino gehiago, ekonomikoak gailendu dira; ebento handiak egiten dira, eta bertako kultur adierazpideek are zailago dute lekua topatzea. Donostia 2016 da adibide bat, edo Washingtongo Smithsonian jaialdira eraman dugun eredu folklorizatua».

Joxean Muñozek ere bat egiten du «nola» galdegaiaren garrantziarekin, baina «oreka» kontzeptuari damakio are garrantzia handiagoa. «Ezin ditugu Guggenheim, Donostia 2016 edo Zinemaldia kolpetik kendu. Oreka bat behar da bertan egiten denaren eta kanpora azaltzen dugun irudiaren artean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna