Ustekabeen lurraldera, ilusioz

Beste behin ere, Altxerri eta Carreras Mugica galeriak izango dira Madrilgo Arco azokan euskal ordezkari bakarrak. Baikor dira saltzaileak, eta atzerriko bildumagileengan jarri dituzte itxaropenak.

Ander Perez Argote
2015eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ustekabez betetako plaza izaten da sarri askotan Madrilgo Arco Arte Garaikidearen Nazioarteko Azoka. Euren onena eskaintzera doaz hara mundu osoko galeriak, baina ez da erraza izaten erosleen jokaera aurreikustea. Une batetik bestera ager daiteke komisario edo bildumagile interesatu bat, eta salmentak areagotu. Baina gerta liteke ez agertzea ere, eta etxera esku-hutsik itzultzea. Horiek horrela, Madrilgo azoka «esploratzeko dagoen lurraldea» izaten dela dio Bilboko Carreras Mugica galeriako zuzendarietako batek, Ignacio Mujikak. «Inoiz ez da jakiten», gehitu du Juan Ignacio Velillak, Donostiako Altxerri galeriako zuzendariak. Biak, Carreras Mugica eta Altxerri, izango dira, beste behin ere, Euskal Herriko galeria bakarrak azokaren aurtengo ekitaldian. Gaur hasi eta martxoren 1era arte izango da Arco. 32 herrialdetako 218 galeriak hartuko dute parte, eta Kolonbia izango da herrialde gonbidatua.

Ziurtasunik gabe baina ilusioz ekingo diote euskal galeriek aurtengo azokari. Iazkoa ez zitzaien nahi bezala atera, eta aurtengoan paratu dute konfiantza. Mujikak dioenez, «bereziki txarra» izan zen iazko urtea: «Normalean, beti lortzen dugu urtea salbatzea, baina iaz ez zen komisario handirik etorri». Velillak dioenez, 22.000 euro galdu zituen Altxerri galeriak Arcoren iazko ekitaldian, eta «ordutik zuloa izan» dutela dio. Halere, atzera baino gehiago, aurrera begiratu nahi dute bi galeristek. Eta baikorrak dira itxaropenak.

Bide ezberdinetik jo dute aurten erakutsiko dutena prestatzeko orduan. Altxerrikoek Esther Ferrer artista donostiarraren erakusketa monografikoa eramango dute azokara. Erabakia, ordea, ez da erraza izan, Velillak dioenez: «Azokei mahai monografikoak interesatzen zaizkie, baina galeriei ez. Izan ere, galeria bakoitzak hainbat artista ditu, eta gerta liteke bakar bat eramanez gero gainerakoak haserretzea». Arriskuak hartuta, ordea, Ferrerren aldeko apustua egitea erabaki dute, azkenean, Altxerri galeriakoek, «ez operazio errentagarri gisara, baizik eta Ferrerren lana modu duinagoan erakusteko». Iazko martxoan egin zuten akordioa galeriak eta artistak, eta gerora jaso zuen Ferrerrek Espainiako Kultura Ministerioaren arte plastikoen Velazquez saria. «Zortea» izan da hori, Velillaren ustez, eta orain, espero du zorte horrek azokan arrakasta ekartzea.

Carreras Mugica galeriak orain gutxi ireki du Bilboko Heros kaleko areto berria. Hiru guneko galeria atondu dute, eta hor jasotakoaren lagin bat eraman nahi izan dute Arcora. Sorta zabala ondu dute horretarako, «izen handiko artistak, finkatuak eta potentzial handia duten gazteak» erakusketa bakarrean bilduz. Besteak beste, Richard Serra eta Eduardo Txillidaren lanak izango dira, Asier Mendizabal eta Erlea Maneros Zabalarenekin batera. Bilboko galerian artelanak dituzten artistak dira denak, eta hori ez da kasualitatea, Mujikak dioenez: «Arco salmentarako espazio izateaz gain, sustapenerako lekua ere bada, eta guk gure artistak sustatu nahi ditugu». Horretan datza artista gazteei emandako aukera: «Ez dugu egiten gaur egun artista denagatik, baizik eta etorkizunean izango denaren gainean dugun itxaropenagatik».

Artista gazteak, galtzaile

Ez da erraza kalkulatzea krisi ekonomikoak arte garaikidearen munduari zer neurritan egin dion kalte. Ez behintzat arte garaikidea multzo bakar gisara hartzen bada. Bi zati bereizten ditu Mujikak: «Batetik, asko sufritu duten artista gazteen merkatua dago. Bestetik, izen handien merkatua, zifra itxuragabeak eta izutzeko modukoak maneiatzen dituena. Zerikusi gutxi du batak bestearekin». Modu bertsuan mintzatzen da Velilla ere, «artista gazteek kaltea ordaindu» dutela dioenean. Berak dioenez, «bildumagileak izututa egon dira, eta izen handiko artisten lanak erosi dituzte, inbertsioaren alde». Hori dela eta, artista gazteen alde jo duten galeriek «gaizki» pasatu dutela dio, «lan merkeagoak izanagatik ez baitira inbertitzaile handien lehentasunen artean egon».

Halere, testuinguru orokorrari dagokionez, krisia bukatu dela dio Velillak. «Beste gauza bat da bakoitzari lehenago edo beranduago iritsiko zaiola susperraldia, baina krisia bukatu da». Horregatik, baikorra da aurtengo Arcoren atarian, «dirua duen jendea lasaitasun handiagoz» bertaratuko delakoan. Mujika ere «ilusioz» dago, «Bartzelonako eta Madrilgo kideak diren galeristek giro ona nabaritzen dutelako» aurtengo azokaren inguruan.

Nazioartetik Madrilera joango diren bildumagileengan jarri dituzte biek, Velillak eta Mujikak, itxaropenik handienak. Altxerri galeriako nagusiak azaldu duenez, 300 inguru dira gonbidatuak. Bidaia eta egonaldia ordaintzen die Arcok, eta «ederki zaintzen ditu». Eta trukean, pertsona horiek azokan erosketa handiak egitea espero dute. Kolonbia da aurtengo herrialde gonbidatua, eta handik Madrilera bidaiatuko duten bildumagileengan jarri du arreta Mujikak. «Freskoak eta aktiboak» direla dio: «Ez dute aurrez prestatutako zerrendarik ekartzen, ez dute aurreiritzirik. Horrek konfiantza eta itxaropena ematen digu».

Esfortzu eta inbertsio handia eskatzen die arte galeriei Arcon parte hartzeak. Eta askotan, esfortzu horrek ez du trukean etekinik ekartzen. Hala onartzen du Velillak: «hogei urtez joan gara Arcora, eta joan garen aldien hiru laurdenetan galdu dugu dirua, edo asko jota, berdindu ditugu gastuak eta etekinak». Aurten, ordea, ilusioa eta itxaropena dira bi galeristek gehien errepikatzen dituzten hitzak. Astelehenean itxiko ditu ateak azokak, eta orduan iritsiko da balantzea egiteko ordua. Ordura arte ez dago ezer ziur jakiterik esploratu gabeko lur horretan. Mujikak dioenez, «Arcon beti izaten baita sorpresarako lekua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.