Noiz sortua: 2018-02-02 00:30:00

Janzteko larrua, animalien biziaren truk

Azken hilabeteetan, modaren munduko marka garrantzitsu batzuek uko egin diote animalien larruak erabiltzeari. Hala ere, animalien eskubideen aldeko taldeek ohartarazi dute milaka bisoik «sufrimenduz betetako bizitza laburra» izaten dutela , gizakiek beroki bat jantzi ahal izateko.
Sugeen eta azerien larruarekin egindako beroki bat.
Sugeen eta azerien larruarekin egindako beroki bat. BALLESTEROS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko otsailak 2

Mutrikun (Gipuzkoa) neguro 30.000 bisoi hiltzen dituzten haztegi erraldoi bat dago. Oraindik ume izanda, zortzi hilabete betetzean, karbono dioxidoarekin gaseztatu edo elektrokutatu eta gero, azala kentzen diete bisoiei. Eta beroki bakar bat egiteko, bisoi horietako 60 behar dira». Hori irakur daiteke Donostialdeko Askekintza taldearen webgunean, eta taldeko kide Maialen Saguesek adierazi du ikusarazi egin behar dela egoera hori. Modaren munduan, animalien larruen erabilerak bere horretan dirau, baina marka handi batzuek uko egin diote materiala erabiltzeari. Michael Kors markak, adibidez, iragarri du abenduan utziko diola animalia larruak erabiltzeari.

Michael Kors ez da erabakia hartu duen bakarra. Gucci, Calvin Klein eta Armani dira animalien larruak erabiltzeari utzi dioten beste marka ezagun batzuk. Saguesek albiste ontzat jo du, baina zalantzak ditu erabakiaren arrazoiekin: «Logikoa da erabakia, pixkanaka animalien ileak, lumak eta larrua gutxituz doazelako gure kontsumoan. Kanpaina asko egin dira erabileraren aurka; AEBetan, oso indartsuak. Baina ez dakit zenbateraino ez duten marka kapitalistek gai hau estrategia komunikatibotzat hartzen, eta ez animaliak inporta zaizkielako. Edonola ere, biktimak gutxitzea beti da albiste ona». Alde horretatik, Michael Korseko presidente eta kontseilari ordezkari John D. Idolek esan du enpresa bilakaera bat izaten ari dela material berritzaileen erabileran.

Bilboko Piztiak konpartsa animalistak protesta ikusgarri bat egin zuen urtarrilaren 13an. Arriaga plazaren zoruan biluzik etzan ziren hainbat lagun, gezurrezko odolez estalita —urtero egiten dute protesta, negu partean—. Herritarrak sentsibilizatu nahi zituzten jantzigintzarako erabiltzen diren animalien egoerari buruz.

Konpartsako kide Borja Martinezek balorazio ona egin du Michael Korsek eta beste marka batzuek hartutako bideari buruz: «Larruaren industriak duen gainbeheraren erakusle da. Modako enpresek animalia larruak erabiltzeari uzten badiote, azkenean larruaren enpresek porrot egingo dute, eta desagertu egingo dira. Errentagarri izateari utziko diote. Eta hori ona da animalientzat, bakean utziko dituztelako». Martinezek gogoratu du Bilbon hamazazpi urte baino gehiago daramatzatela protestak egiten larruen erabileraren aurka, baita Piztiak sortu aurretik ere.

Saguesek ohartarazi du, dena den, larrutarako erabiltzen dituzten animalien gaiak presentzia txikia duela komunikabideetan. «Beste gai batzuk daude herritarren ahotan. Adibidez, animalien esperimentazioaz gehiago hitz egiten da, eta dieta beganoaz ere asko hitz egiten da. Baina larruen gaia berreskuratu beharrekoa da, animalien esplotazioak bere horretan jarraitzen baitu».

«Sufrikarioa» animalientzat

Larruaren industriarako erabiltzen diren animalia gehienak haztegietan izaten dituzte. Martinezek nabarmendu du «artifizialki» hazten direla animalia horiek, larruak lortzeko soilik. «Animalia horiek bizitza osoa metalezko kaiola txiki batean pasatzen dute. 25 zentimetro ingurukoak izaten dira kaiolak». Saguesek gogorarazi du bisoiak «lurraldea» markatzen duten animaliak direla: «Normalean, elkarri eraso egiten diote. Kaiola barruan, berriz, kontrolik gabe bueltaka ibiltzen dira. Gainera, espazioa txizaz eta kakaz betea izaten dute». Animalia horiek estres handia izaten dute, Askekintzako kideak azaldu duenez. «Beste bisoi batzuekin bizitzeak ekartzen dien estresa sekulakoa da, gizakien tratu txarrez aparte. Bizitza hori haien naturaren aurkakoa da ». Martinezek azaldu duenez, urte bat baino gutxiago dutenean hiltzen dituzte bisoiak. «Gehienetan, karbono dioxidoarekin gaseztatuta hiltzen dituzte». Baina ez dira berehalakoan hiltzen. «30 minutu inguruko agonia izaten da animaliarentzat. Eta horrela bukatzen da hamabost urte ingurukoa izan zitekeen bizitza bat, urtebete eskasean».

Martinezek esan duenez, larru industriarako bisoi amerikarra erabili ohi dute Euskal Herrian, baita Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian ere. «Bisoi amerikarra errentagarriagoa da bisoi europarra baino, handiagoa baita, eta bizkorrago hazten baita. Baina askotan ihes egiten dute haztegietatik. Tokiko bisoiei eraso egiten diete, eta ekosistema menderatzen dute. Egokitzeko ahalmen handia dute». Galizian haztegi asko daudela azaldu du Piztiak-eko kideak.

Equanimal taldeak —animalien defentsan aritzen da— ikerketa bat egin zuen 2009an: bisoien haztegi askotan sartu zen —tartean, Hego Euskal Herrikoak—, eta egindako erreportajeak ikusgai daude Interneten. Horretarako, taldeko aktibistak gremioko langileak balira bezala infiltratu ziren. «Ikerketa hark oihartzuna izan zuen, baina ez zen ezer gertatu. Animalien haztegi horiek legezkoak dira», esan du Martinezek. «Gaur egun, gizaki batek animalia batekin nahi duena egin dezake, eta ez du legeekin arazorik izango». Piztiak taldea gaia argitara ematen ari da, herritarrek larruak ez erostea erabaki dezaten; «ikus dezaten zer ondorio dauden animalientzat». Eta gaineratu du: «Jendeak beroki bat erosten du, eta askotan ez du pentsatzen horrek zer ondorio dituen. Mugimendu antiespezistak gogoratu nahi du animalia asko hiltzen direla beroki hori jantzi ahal izateko». Adibidez, txintxilla larru bat egiteko 150-300 txintxilla artean hil behar dituzte; katagorriekin, berriz, 250 inguru; urtxakurren eta azerien larru baterako, halako hogei animalia. Martinezek esan du herrialde batzuetan txakurrak eta katuak ere erabiltzen dituztela. «Katuen larru bat egiteko, 30 katu hiltzen dituzte. Gure inguruan gaizki ikusia dago katuena. Baina enpresa batzuek katuen eta txakurren larruak ekartzen dituzte Asiako herrialde batzuetatik, eta horiek saltzea legezkoa da».

Euskal Herrian badira animalien larruak erabiltzen dituzten diseinatzaile batzuk. Roberto Etxeberria jostunak —The Hunger Games filmen sailerako jantziak diseinatu zituen— honela esan zuen, iazko apirilean, Gaztezulo aldizkarian: «Iruditzen zait larrua munduko materialik zoragarrienetakoa dela; noblea, fina eta dotorea: krokodiloa, arkume-larrua, pitoi sugea...».

Martinezek animaliek jasaten dutena salatu du: «Garrantzitsua da mahai gainean jartzea animaliak sentitzeko gai direla. Kaiola batean sartuta, sufritu egiten dute. Baina gizakiek sarri objektuak balira bezala erabiltzen dituzte, kontuan hartu gabe sentitzeko duten gaitasuna. Animaliek libre bizi nahi dute, eta hori ukatu egiten zaie haztegietako kaioletan». Saguesen iritziz, industriak interes handia du animaliekin egiten dena ezkutatzeko. «Zer gertatzen den gizartean zabaltzen denean, badago enpatizatzen duen gizarte sektore zabal bat, konturatzen dena animaliak sufritzeko gai direla, eta horren aurkako jarrera hartzen du. Informazio gutxiago zabaltzea beti izango da ona esplotatzaileentzat».

Martinezi iruditzen zaio pixkanaka-pixkanaka animaliak gero eta gehiago errespetatzen direla. «Marka garrantzitsu batzuk larruak ez erabiltzea erabakitzen ari dira. Joera markatzen ari dira. Ez dago atzera bueltarik». Saguesek espero du larruen kontsumoa desagertuko dela. «Kontsumitzailea aldatzen ari da, eta, janariaren aldean, larrua egunerokotik baztertzea ez da hain zaila». Martinezek uste du noizbait desagertuko dela erabilera; «zenbat eta goizago gertatu, orduan eta hobe».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

 ©BERRIA

Kulturgintza: eutsi ala hautsi

Iñigo Astiz

Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

Jaurlaritzak bihar eskatuko du hirugarren fasera igarotzeko

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna