Erabaki politiko bategatik Leioako Udalak egoitza ukatu diela dio Artedramak

Bost urte eman ditu Artedrama plataformak Leioako Udalaren Kultur Leioa egoitzan, baina udalak elkarlana eten duela salatu dute

Francoren bilobari gutuna, Artedramaren obra ezagunenetakoa. I. MIQUELESTORENA.
Inigo Astiz
2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Gure kanporatzea udal gobernuaren erabaki politiko bat izan da». Artedrama arte eszenikoen plataformak 2012an ezarri zuen bere egoitza Leioako Kultur Leioa aretoan (Bizkaia), eta bertako antzerki talde egoiliarra izan da geroztik. Udal Gobernuak elkarlan hori etetea erabaki duela jakinarazi du antzerki taldeak, ordea, eta arrazoi politikoak aipatu dituzte eten horren atzean. «Erabaki honekin antzerki talde egoiliarren programa osoa ezabatzen da Leioan, Eusko Jaurlaritzak orain dela urte batzuk bultzatutako bide estrategikoaren aurka».

2012an hasi zuten elkarlana Leioako Udalarekin, eta orduan jasotako babesa nabarmendu dute antzerki konpainiako kideek. «Ordutik, herri honetako euskal sorkuntza eszenikoen motorra izaten ahalegindu gara», zehaztu dute. Elkarlan horretan «nahi eta ilusio handia» jarri dutela zehaztu dute antzerkigileek, baina azken legegintzaldian uUdalaren jarrera aldatu egin dela salatu dute. «Ez dugu sentitu nahikoa bultzada politiko, hutsune legalengatik, baina bereziki borondate faltagatik». Horregatik elkarlanarekin ezin izan direla «nahi zuten lekuetaraino» heldu azaldu du Artedrama arte eszenikoen plataforma.

Antzerki talde arrunt bat baino gehiago dela ere azpimarratu du Artedramak eskutitzean. «Egiten dugunaren ardura publikoa oso presente duen antzerki taldea gara», azaldu dute.

Euskarazko antzerkigintzan talde erreferentziala da Artedrama Sormen Laborategia, eta Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu panpina laborategia konpainiekin batera osatutako bere azken lana da horren froga. Euskal Herri osoko bira zabala antolatu zuten hiru konpainiek Francoren bilobari gutuna antzezlanarekin, eta arrakasta handia izan zuen. Donostia antzerki saria ere jaso zuten lan horrekin.

Beren sormen lan propioez gain, beste hainbat egitasmo ere jarri dituzte martxan urteotan Leioan euskal kulturgintza sustatzeko. Azken sei urteetan, esaterako, haiek izan dira Leioara euskarazko musika, literatura eta antzerki ikuskizunak eramateko helburuz sortutako Kultur Maratila izeneko programa kudeatu dutenak ere.

Agur eskutitza amaitzeko, esker ona azaldu dio Artedramak Leioako ikusleriari, eta pozik azaldu dira elkarlanak iraun duen bost urteetan izan dituzten lorpenekin. «Aldi berean, bide honek izan duen bukaeraren pena eta ezintasunarekin, bagoaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.