Efektua nahi, sindromea lortu

Gero eta gehiago entzuten da 'gentrifikazio' hitza. Baina zer da? Zein lotura du 'Guggenheim efektua' deiturikoarekin? Nola eragiten ari da Euskal Herriko hainbat hiriburutan? Luzera begira, zein eragin izan dezake muturrera eramanez gero?
Zorrotzaurre «Bilboko Manhattan» izango dela diote eraberritzearen bultzatzaileek.
Zorrotzaurre «Bilboko Manhattan» izango dela diote eraberritzearen bultzatzaileek. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2015eko maiatzak 14
Tximeleta efektua bezalakoa da, baina eguraldiari eragin beharrean, hiriko bizimoduari eragiten dio: gaur, eraikin ikusgarri bat altxatzen dute ibaiaren ondoan, eta, bihar, alokairua eta tabernako kafesnea izugarri garestitzen da. Gentrifikazioa esaten diote horri hiria pentsatzen dutenek: Gentry, ingelesez, hirietako aberatsak dira. Sinonimo gisa erabili dituzte burgestea, eliteko bihurtzea, garestitzea... Mundu osoan gertatzen da fenomenoa, baita Euskal Herriko hiri nagusietan ere. Gutxiago irabazten dutenek, langile, langabe, ikasle eta erretiratuek, betiko auzoa utzi behar izaten dute, gehiago ordain dezaketenek begiz jo dutelako. Hiriaren soziologia aldatzen du gentrifikazioak, baina ez dirudi erakunde publikoek ahalmena dutenik horren eragina leuntzeko politikak ezartzeko, ez eta gogorik ere, kasu askotan udalek bultzatzen baitute gentrifikazioa.

«Abandoibarra da hirigintza neoliberalaren adibidea», dio Lorenzo Vicario EHUko soziologia irakasleak. Bilbo «berriaren» gentrifikazioa aztertu du Vicariok. Hiriaren erdialdeak berritzeko estrategiak ez dira denentzat: erdigunea klase ertain edo altuentzako gune bihurtzen dute. Baina berritu al daiteke gune bat, aldi berean garestitu gabe? «Tranpa dago horretan: garestitzea onartzen ez baduzu, berritu gabe geratzen zara», dio Vicariok.

Euskal Herrian fenomenoa ez da beste leku askotan bezain ikaragarria, jende asko pisujabea delako. Hiritarrak maizter direnean, ordea, oso bortitza da gentrifikazioaren eragina: Londresko ekialdean, New Yorkeko Williamsburgen zein SoHo auzoetan bezala.

Jarraitu hippyei, Bilbon

Gentrifikazioaren eredu klasikoa SoHokoa da, hain zuzen ere: auzoak zaharkituta daude, askotan udalek beraien utzikeriagatik, eta, gero, saiatzen dira eraldatzen artista eta bohemioen bidez. «Hipsterrak dira gentrifikazioaren abangoardia; horregatik diete askok horrenbesteko gorrotoa», esan du Vicariok. Jarraitu hippiei izan da etxegintza agentzien leloa AEBetan. Auzoa modan jartzen da, eta orduan hasten da garestitzen, eta betiko biztanleak kanporatzen. «Hori egiten saiatu ziren Bilbo Zaharrean». Etorkinek salbatu zuten aberatsentzako modako auzo bihurtzetik.

Bada beste gentrifikazio eredu bat: eraikin berrietakoa. Abandoibarra adibide: zorua eta egitasmoak publikoak izan arren, luxuzko pisuak eraiki zituzten. Babes ofizialeko etxeak egin behar zituzten, baina horiek Ametzola auzora eraman zituzten. «Ez zuten jendea nahastu nahi Abandoibarran».

Politikari neoliberalek hiria saltzeko produktu gisa ulertzen dute, hiria enpresa bat balitz bezala kudeatu nahi dute. Bilbao Metropoli-30 elkarteak Baltimoreko eta Pittsburgeko (AEB) ereduari jarraitu zion. Baltimoreko egitasmoa eta Abandoibarrakoak kopiak direla dio Vicariok: «Luxuzko etxeak, saltoki handia, museo bat, ur-bazterreko pasealekua, aberatsen itsasontzientzako kaia...».

Baltimoreko adibideak iragarritakoa Eustat estatistika institutuak baieztatu du Bilbon: auzoen arteko ezberdintasuna asko handitu da 1990ko hamarkadaren amaieratik. Abando-Indautxu auzoak aberatsenak ziren, eta are gehiago irabazi dute, eta auzo gehienak, lehen ere pobreagoak, urrutiago daude orain per capita errentan. «Erakunde publikoak dira lurrarekin espekulatu duten lehenak», salatu du Vicariok.

Adibide asko daude Bilbon: Mazarredo zumardian IFASen txiroentzako aterpea zegoen lekuan, luxuzko pisuak eta hotela eraiki asmo dituzte. Zorrotzaurren «Bilboko Manhattan» eraiki nahi dutela diote bultzatzaileek. Ez dute horren ozen zabaltzen nora joango diren hango biztanleak.

Zentroak gazteak galtzen ditu, populazioa zahartu egiten da, hiriak galdu egiten du. SoHo, Baltimore edo Guggenheim efektuak sindrome bihurtzen dira.

Gentrifikazio berdexka

Gasteizen batez ere alde zaharrean gertatu da gentrifikazioa, Unai Fernandez de Betoño arkitektura irakasle eta Aldiria hirigintza aldizkariko zuzendariaren arabera. Izan ere, eraikin berri ikusgarriak hiri ia guztietan dituzte dagoeneko. Orain, erdialde historikoak dira hirien bereizgarria. «Berritu egin behar dira auzoak, bai, baina kontuan hartu behar da zelako ondorioak dituen gizartean», dio Fernandez de Betoñok. Esan duenez, edozein eraberritzek ekarriko du gentrifikazioa, baina badago neurriak hartzerik ondorioak horren dramatikoak izan ez daitezen, Bolonian (Italia) egin duten bezala. «Gasteizen ez dira hori egiten ari». Adibideak: Oihaneder Etxea eta Artium museoa lotu zituztenean, hortxe jarri zituzten eskailera mekanikoak. «Agian, behar handiagoa zegoen auzotarrak osasun zentroarekin lotzeko». Erabakiak kanpotarrei eta turistei begira hartzen dira, ez han bizi direnei begira.

Euskal Herriko hiriak beren marka propioaren bila dabiltza, Fernandez de Betoñoren arabera. «Arazoa da hiri gehiago daudela munduko lehia horretan, eta gero eta zailagoa dela lekua aurkitzea». Donostia kulturarekin bezala, Bilbo, orain, diseinuarekin lotzen saiatzen ari dira. Gasteizek Green etiketa horretan aurkitu du marka. Ekogentrifikazioaren arriskuez ohartarazi berri du Jeanne Haffner historialariak The Guardian egunkarian, New Yorken parke bihurturiko High Line tren zubibidearen harira.

Gasteizen, Europa jauregiaren kasua aipatu du Fernandez de Betoñok. Fatxada landarez bete diote, eta, orain jakiten hasi da hura mantentzea zenbat kostatuko den. «Berdearen erabilpen friboloa da».

Abiadura handiko trenaren geltokien inguruan egin nahi izan dituzten operazioak salatu ditu hirigileak. Gasteizen trenaren geltokia lurperatu nahi zuten, eta, gainean, etxe asko eraiki. Astigarragan (Gipuzkoa) ere antzekoa egin nahi zuten. Iruñekoa zen operaziorik handiena: Etxabakoitzen, ia 9.000 etxebizitza egin nahi zituzten. Etxegintzaren krisiak atzeratu ditu egitasmook.

Baionaren eskizofrenia

Lapurdiko hiriburuaren kasua esanguratsua da. Udalak Europako beste hiri historikoekin LINKS egitasmoan parte hartzen du, «hiri ondasunen ustiapen iraunkorra» lortzeko eta «hiria museo bihurtzea saihesteko». Baina ez du arazorik Baiona Ttipiaren eta San Izpiritu etorkin txiroen auzoaren gentrifikazioa bultzatzeko. Le Carre erakustokiaren eraikina saldu berri du udalak, lau izarreko hotela eraiki dezaten. Yves Ugalde udal ordezkariak ezin argiago azaldu zuen urrian udalek gentrifikazioa bultzatzea zer den: «Beste populazio bati seinaleak bidaltzea hautatu dugu». San Izpirituren gentrifikazioari aurre egiteko lanean ari da Magnolia auzo elkartea. Eraikin berri ugari egiten ari dira udalak saldutako orubeetan, eta, horren ondorioz, «auzoaren alde kosmopolita» galtzen ari dela salatu du Olivier Biarrote-Sorin elkarteko kideak Ipar Euskal Herriko Hitza-n. «Alokairuak goiti joanez, auzoko kosmopolitismoa eta jendarte nahasketa galtzera darama».

Lehen, hirietan, eraikin ikusgarri bat izatea zen kontua. Orain, hiri osoa museo bihurtzen ari dira, transatlantikoetan ekarritako turisten kontsumo azkarrerako. Bartzelona eta Venezia sindromeen arriskua dago hor, hau da: gentrifikazioa saldokako turismoaren bitartez. Donostiak du hor galtzeko gehien, batez ere 2016ko Europako Kultur Hiriburutzarekin. Halako ekitaldiek beti dakarte hiria garestitzea eta gentrifikazioa, Manuel Delgado antropologo bartzelonarrak ohartarazi zuenez, Donostian, apirilaren 22an. Hala gertatu zen Glasgown (Eskozia) Europako Kultur Hiriburua izan zenean 1990. urtean. «Agintariak setatuta daude turistekin», dio Vicario soziologoak, «turistak edonola ekarri behar dira». Hiria horiei begira jartzen da, eta dena horientzat egiten da.

Sindromearen sintomak gero eta ageriagoak dira: maiatzaren 2an, turista gazte talde handi bat ibili zen Donostiako alde zaharrean, gidari megafonodun baten atzetik, La Marsellaise ereserkia gogoz abesten. 1813. urtean baleude bezala, hiriaren suntsipenaren bezperan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna