Bilboaldearen bizkarrezurra

Hogei urte bete ditu Bilboko metroak, hirigintza arloan mugarri nagusietako bat izan denak. Metropoli eremuko jendearen higikortasuna hobetu du, eta Bizkaiko garraio publikoaren ardatz nagusi bihurtu da. Erronka nagusietako bat du esku artean: 2016an hirugarren lerroa zabaltzea.

Geltoki nagusietako bat da Abandokoa. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Zaila da metrorik gabeko Bilbo irudikatzea. Egunero milaka eta milaka lagun dira lur azaleko metro sarbideek irentsita hiriko paisaiatik desagertzen direnak. Hiri azpira murgiltzen dira, eskailera mekanikoetan barrena jaitsi eta barrunbean dauden geltokietara iristeko. Atzo bete ziren hogei urte metroak bere aurreneko bidaia egin zuenetik, eta denbora tarte horretan lur azpiko bizimodua ere Bilboren parte bihurtu da. Goizean goiz lanera doazen herritarrak bidaia lagun egin dira, ikasleek azken orduko oharrak berrikusten dituzte, Athletic zaleek badute gauez etxera nola bueltatu, eta erandiotarrak Zazpikaleetara joan daitezke erosketak egitera. Konturatzerako, zaila da metrorik gabeko Bilbo irudikatzea.

Metrorik gabe, hiria bestelakoa litzateke guztiz. Egunero 155.000 auto gehiagok gurutzatuko lituzkete hiriko kaleak, eta auzoen arteko distantziak ere beste era batera neurtuko lirateke. Gaur egun, Santutxu eta Sarrikoren artean hamar minutu daude. Hori da distantzia, egun minututan neurtzen dena. Iaz 87 milioi bidaia egin zituen metroak, eta Bilboaldeko 800.000 lagun ingururi eskaintzen dio zerbitzua. Trenak etorri eta trenak joan, etengabea da jendearen hara-honakoa. Metroko ateak zabaltzen diren aldiro, jendea jaisten da Norman Foster arkitekto ingelesak diseinatutako geltoki abangoardistetan.

Gaur egun, etenik gabeko zerbitzuak eskaintzen ditu metroak; urtean 80 bat gauez. Aurtengo Aste Nagusian, esaterako, bederatzi eguneko zerbitzu berezian2.303.429 bidaia zenbatu zituzten, inoiz baino gehiago. Daturik onenak, hala ere, San Tomas egunekoak izaten dira. Iaz, adibidez, errekor berria ezarri zen 386.228 bidaiarirekin.

Bilboko Metroaren zuzendari Eneko Arruebarrenaren iritziz, «argi dago [metroa] metropoliaren aurreneko mugarria izan zela». Hogei urte hauetan sorreran ezarritako helburuak bete direla uste du: Bizkaiko garraio publikoaren ardatz nagusi eta egituratzailea izatea. 2014an garraio publikoetan bidaiatu zuten lagunen erdiek baino gehiagok metroz egin zuten. Hala, metroak Bizkaiko gizartean izan duen eragina goraipatu du: «Soziologikoki garrantzitsua izan da. Bere garaian iraultza txiki bat izan zen itsasadarreko bi aldeak metro bidez lotzea». Egun, Ezkerraldeak eta Eskuinaldeak bat egiten dute Bilboko San Ignazio auzoan. 2002an inauguratu ziren Ezkerraldeko aurreneko geltokiak (Gurutzeta-Urbinaga), eta 2014ko ekainaren 28an bukatu zituzten bigarren lerro horretako lanak, Kabiezeseko geltokia (Santurtzi) abian jarri zenean. «Jendeari eguneroko bizimodua errazten diogu, leku batetik bestera eramanez».

Lorenzo Vicario soziologoaren ustez, metroak bere erroak metropoli osora zabaltzeak ez du esan nahi bidaiarien joan-etorria bi noranzkoa izango denik. «Alkate asko ikusi dugu esaten metroari esker jende askok bisitatuko duela herria. Baina metro efektuarekin, bilbotarrak hurbildu ordez, inguruko herritarrak izango dira Bilbora joango direnak». Getxon zazpi geltoki daude; Barakaldon lau; Erandio eta Santurtzin hiruna; bina Portugalete, Sestao eta Sopelan; eta bana Plentzia, Urduliz eta Etxebarrin. Bere begiekin ikusitakoa jarri du adibide Vicariok ideia indartzeko: «Erosketa poltsez beterik itzultzen dira inguruko hirietara, eta ez alderantziz. Zazpikaleak eta Bilboko Kale Nagusia denen eskura jarri dituzte, eta frankiziak horretaz baliatzen dira. Eragin handia izan du komertzioan».Hala ere, aitortu du metroak baduela inpaktu ekonomiko bat herri horietan. Batez ere, higiezinen merkatuak. «Etxebarri, Lamiako... lo-hiri bihurtzen ari dira. Metroa bertara iritsi denez, etxebizitza asko eraiki dituzte».

Hiriari, «nortasuna»

Hogei urte geroago, metroaren diseinuak oraindik ere nazioarte mailako goraipamenak jasotzen ditu. Baita sariak ere; besteak beste, garbitasunagatik edo diseinuagatik. Hirigintza ikuspuntutik aztertu du Olaia Ziarrusta arkitektoak metro efektua: « Uste dut auzoen eta inguruko herrien balioa handitzea ekarri duela, erdigunea hustu gabe. Hiriburuaren mugak hautsi egin ditu. Gaur egun ezin dugu Bilbo hiriaz hitz egin bere metropoli eremua kontuan hartu gabe». Ziarrustaren ustez, metroa hiri-paisaiaren parte egin da. «Hiriari nortasuna ematen dio. Metrorako sarrerak eta irteerak hiri eremura ezin hobeki egokitzen dira. Kontuan izan behar dugu sarrera gune hauek [fosteritoak] elementu arrotzak zirela hasiera batean, eta, hala eta guztiz ere, berehala barneratu genituela. Beirak eskaintzen duen gardentasunak, altzairuaren erabilerak eta lur azpirako sarreraren naturaltasunak erabilera ulertzen laguntzen du. Erabiltzaileen ibilbidea erraztu egiten du. Hiriaren paisaiara ez ezik, hiritarren joan-etorrira ere egoki moldatzen da».

Geroa, teknologiari lotuta

Hogei urte horietan egin bezala, Bilboko Metroa lanean ari da, atseden hartzeko geltokirik gabe. Arruebarrenaren ustez, garapenak ezin du etenik izan. «Beste hogei, hogeita hamar edo berrogei urtez jarraitu behar dugu lanean. Berdin-berdin. Atzera begira gelditzeak porrotera eramango gintuzke». Ez du etorkizun urrunera begira jarri beharrik, metroak datozen hilabeteetan egin beharko baitio aurre erronka nagusietariko bati: trenbidearen hirugarren lerroari. Datorren urte amaieran aurreikusi dute lerro berriaren inaugurazioa, Etxebarri Iparraldea eta Matiko auzoa lotuko dituena. Hala, Zazpikaleetako geltoki nagusiarekin egingo du lotura Bilbo hiriaren bihotzean. «Erronka handia izango da guretzat», aitortu du zuzendariak, hirugarren lerroa Euskotrenek kudeatuko baitu. «Horrek esan nahi du elkarlanean aritu beharko dugula».

Hirugarren lerroak, gainera, Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoak hiriaren erdigunearekin lotuko ditu. Otxarkoaga Bilboko goi auzo modura ezagutu izan da, eta, Vicarioren ustez, garraio publikoen azpiegitura faltak auzo bat hiritik baztertu dezake. «Lotura hori orain arte egin ez bada, uste dut kontu teknikoengatik izango zela». Hala ere, Errekalde auzoaren adibidea jarri du. Izan ere, auzoa tranbiarekin lotzeko planak auzotarren haserrea eragin zuen —azkenean plana ez zen gauzatu, eta metroko laugarren lerroarekin lotzeko proiektua martxan dago—. «Auzoan ez zuten tranbiarik nahi. Uste zuten espazio publikoaren ordainetan eskainiko zieten zerbitzuak ez zituela gogobeteko». Ziarrustaren iritziz, Bilboko metropoli eremua osatzen duten hiri guztietara iritsi beharko litzateke metroa. «Biztanle gisa, ulertzen dut ekonomia kontuak direla hauek, baina arkitekto hirigile gisa, metropoliarentzat hobekuntza garrantzitsua izango litzateke».

Etorkizuna teknologiarekin lotzen du Arruebarrenak. Geroa aurreratzea zaila begitandu arren, «Back to the Future filmak gauza apurrak asmatu zituen», beharrezkotzat jotzen du etorriko diren berrikuntzei adi egotea. «Metroa beste modu batean ikusiko dugu. Eraginkortasun energetikoa gakoetako bat izan daiteke. Diru asko gastatzen dugu energian. Aitzindariak izan gara Europan jarritako bitartekoei dagokienez, eta uste dut aurrerantzean ere hala izaten jarraitu behar dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.