Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Bizigiro Harpe diem

Publizitatea

Bizigiro

Harpe diem

Aurkikuntza arkeologiko saldoa egiten dabiltza espeleologo talde boluntarioak, baina kexu dira administrazioak «mespretxuz» tratatzen dituelako. Euren lana azaleratzea eskatzen dute.
Argazkia: JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

2016-10-21 / Edu Lartzanguren

Oier Gorosabel fisioterapeuta da Lekeition (Bizkaia), eta, bere kontsultan, bezero baten eta hurrengoaren artean, filmen azpidatziak euskaratzen ditu. Ez da hori, ordea, egiten duen lan boluntariorik bitxiena. Asteburuetan, lur azpiko zuloetan ibiltzea maite du, lokatzetan murgilduta, pasabide arriskutsuetan. Joan zen udaberriko igande batez, esaterako, Lekeitioko Armintxeko harpean zegoen, Ades espeleologia taldeko lagunekin, euren begien aurrean zaldiak, lehoiak eta beste animalia batzuk agertu zirenean. Egundoko aurkikuntza egin zuten espeleologiazaleek, baina inor gutxik aipatu ditu egunotan, Armintxeko labar artea jendaurrean aurkeztu dutenean.

«Apaingarri gisa aurkeztu gaituzte, laguntzaile moduan, eta ez da horrela izan», esan du Gorosabelek. Haserre daude Ades taldeko espeleologoak, politikariek eta funtzionarioek Paleolitoko grabatuak beraiek aurkitu izan balituzte bezala aurkeztu dituztelako. «Geuk topatu genituen, geuk ohartarazi genituen arkeologoak eta teknikariak, hori delako geure lana». Alegia, batzuek lan zikina egin dutela (ez da metafora, kasu honetan), eta beste batzuek hartu dutela ospea.

Espeleologo guztien arazoa da, Gorosabelek azaldu duenez. «Ez dago espeleologo profesionalik». Armintxeko altxorra aurkitu dutenek beste zerbaitez bizi dira: bat peoia da adreilu lantegi batean; besteak, abokatuak, sukaldariak, delineatzaileak... eta fisioterapeuta, noski.

«Ez gara profesionalak, eta espeleologo zaharrek ere gauza bera kontatzen didate: arkeologo profesionalek, teknikari funtzionarioek eta biologo profesionalek gutxiesten gaituzte», esan du Gorosabelek. Haiek, ordea, harro esaten dute amateurrak, afizionatuak, zaleak direla, profesionalik ez dagoelako. «Izan ere, lur azpian gaudenean, denok berdinak gara, hau da, marroiak».

Gernikan (Bizkaia) dute egoitza Adesekoek. Ostegunetan egiten dute plangintza, eta Lea-Artibai eta Urdaibain ibiltzen dira asteburuero. Astero hiru bat esplorazio egiten dituzte, hiruzpalau pertsonako taldetan.

Belaunaldi transmisioa egiten dute, gainera. Espeleologoa zahartu ahala, esplorazio gutxiago egiten du, eta beste zeregin egokiagoetan ari da. Horregatik, taldeetan, hainbat belaunalditako jendea elkartzen da, eta lanak horren arabera eta bakoitzaren trebezien arabera banatzen dituzte. Harremanetan daude elkarrekin, eta esplorazio bakoitzerako behar dituzten adituak trukatzen dituzte elkar laguntzeko. «Zaleak izatearen abantailak dira», esan du Gorosabelek.

Bizkaiko Aldundiaren «harropuzkeria» gaitzetsi du Gorosabelek. «Esan dute gauzok aldundiaren plangintzari esker aurkitzen ari direla. Zakurraren putza! Adesen ekimena izan da dena». Armintxeko kobazuloaren sarrera galduta egon da 20 urtez. Etxeak eraiki zituztenean, zuloa estali egin zuten. «Arduragabekeria bat izan zen. Haitzuloa ez zen existitzen aldundiarentzat. Zuloa topatu dugu horretan setatu egin garelako».

Profesional espezialisten mugak salatu ditu espeleologoak. Kontatu duenez, hainbat harpetan aztarnategi arkeologikoa suntsitu izan dute saguzar populazioa babestearren. Alderantziz ere gertatu dela esan du.

Era berean, Armintxeko labar artea arriskuan dagoela salatu du Gorosabelek. Eraikuntza lanen eraginez, kobazuloaren uren irteera estali dutelako, eta, orain, tarteka, urez betetzen delako. «Geuk, ordea, karstaren ikuspegi orokorra daukagu, eta horrek sekulako balioa du».

'Euskal hutsunea' betetzen

Diego Garateren kasuak oso ondo ilustratzen du profesional eta ez-profesionalen arteko muga oso lausoa dela. Arkeologoa da Garate, eta lanean dabil Bizkaiko Arkeologia Museoan. Lan burokratikoa egiten dabil han, eta horretaz bizi da. Baina, aisialdian, arkeologia ikerketa egiten du, Paleolitoko artearen inguruan. «Nahi dugulako egiten dugu lan hau», esan du Garatek.

Zuberoan hasi zen ikerketan, gero Izturitzen (Nafarroa Beherean), arkeologoek euskal hutsunea izenarekin ezagutzen duten kontzeptuaren inguruan. Asturiasen eta Kantabrian (Espainia) horrenbeste margo badaude kobazuloetan, zergatik daude horren gutxi Euskal Herrian? «Ezin nuen ulertu, eta, horregatik hasi nintzen kobazuloak esploratzen artearen bila».

Eta horrela topatu zituzten irudiak Askondon (Mañaria, Bizkaia), Lumentxan (Lekeitio), Danbolinzulon, Erlaitzen, Astuigainan (Gipuzkoa )... «Aizpitarte Bost kobazulora joan ginen Hernaniko [Gipuzkoa] Felix Ugarte taldeko espeleologoekin, eta nik bisonte batzuk ikusi nituen. Haiek ezin zuten sinetsi, aurrean egonda ere ez zituztelako ikusten». Begia trebatuta izan behar da antzemateko. «Nola antzemango zituzten, bada, bakarrik argazkitan ikusiak bazituzten?».

Gurpil zoroa zen: arkeologoak ez ziren kobazuloen hondora sartzen, ez daudelako trebatuta espeleologiarako sokak eta bestelakoak erabiltzen. Baina espeleologoek ez zituzten artelanak topatzen, ez zekitelako zer bilatu. «Onartu behar zaio Bizkaiko Aldundiari espeleologoak eta arkeologoak elkarrekin esertzeko lana, eta zer bilatu irakatsi zigutela haiek. Horregatik hasi gara, azken hiruzpalau urteotan, margolanak topatzen alde guztietan», esan du Gorosabelek.

Izan ere, margolanak aurkitu dituzte oso ondo esploratuta zeuden harpeetan. Barandiaranek ere ez zituen ikusi berak induskaturiko kobazuloetan. «Hemen arterik ez zegoela, ideia hori onartua zuten. Horregatik ez zuten bilatzen», esan du Garatek. «Teknologia ere oso garrantzitsua izan da. Sekulako argiak ditugu orain. Barandiaranek esku-argi ziztrin bat besterik ez zuen, hanka ez apurtzeko harpean».

Garatek esan du arkeologoen eta espeleologoen arteko lankidetza erabakigarria izan dela, eta nazioarteko arkeologoak harrituta daudela: Frantzian aurkikuntzaren bat egiten dute hamar urtetik behin, eta, Euskal Herrian, azken hamasei urteotan, hogei egin dituzte. «Iparraldean ez dabil inor lanean, eta, Nafarroan, Pirinio aldean, asko agertu behar dira oraindik».

Nafarroan dabil Iruñeko Satorrak espeleologia taldea: Aralarren, Abodin, Larran... «Erakundeek espeleologoei egin diezaguketen aitortzarik handiena gurekin kontatzea da», esan du taldeko Arturo Hermoso de Mendozak. «Ez dugu protagonismo berezirik nahi, baina bai argi esatea espeleologoek zer egin dugun». Nafarroako katalogo espeleologikoan, esaterako, «hutsegite larriak» daudela esan du: harpeak gaizki kokatuta daude, informazioa ez da argia... «Gurekin kontatu ez dutelako gertatu da hori».

Euskal Espeleologoen Elkargoaren barruan egitasmo handia gauzatzen ari dira orain, Larrako BU56 leizea berriz esploratzen eta topografiatzen. Leireko mendilerroan ere ari dira zuloak aurkitzen, beste taldeetan bezala, jaieguna harrapatzen dutenean.

Horretan beteranoak dira Antxieta arkeologia taldeko kideak. Mende erdia daramate lanean. Ekaingo artea beraiek aurkitu zuten, 1969an. Jabier Lazkano presidentea mekanikaria izan da, baita dendaria ere. Besteak, arotzak, ingeniariak, optikariak... «Igandero lur azpira joaten gara, baina aire librean ere ari gara gauzak aurkitzen», esan du. Bi urteotan egin duten aurkikuntzen lista txundigarria da. «Orain arte, behera begira ibili gara hezur eta suharri bila. Paretei begiratzen genien, baina Ekain bat aurkitu nahian». Orain ikasi dute labar arte gehiena ez dela erraz ikusten. «Argiekin jokatu behar duzu ikusteko. Gu ez gara katedradunak, baina urteen poderioz asko ikasi dugu».

Erakundeekin kexa dute, ordea. «Asko kostatzen zaie gu aipatzea», esan du taldeko Jose Inazio Arrietak. Gainera, esan du historiaurreko ondasunari jartzen zaion arreta agintean den politikariaren «gustuaren araberakoa» dela. Interes faltaren adibide gisa Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatua jarri du Arrietak, eta adierazi du Astuigainako (Zestoa, Gipuzkoa) labar artea iaz aurkitu zutenean «prentsaurrekorik ere ez zuela egin». Salatu du %30 murriztu dutela halako lanetarako aurrekontua: «Lau urte txar pasatuko ditugu». Eta gaineratu du Gipuzkoa dela arkeologia museorik ez duen herrialde bakarra, «sekulako aberastasuna izan arren».

Hilobi bat garajean

«Guk ez dugu nahi gerra bat hasi [Bizkaiko] aldundiarekin, elkar behar dugulako. Geure lanaren garrantzia onartzea besterik ez dugu nahi», esan du Ades taldeko Gorosabelek. Hainbat egitasmo dituzte orain esku artean, horietako batzuk deigarri samarrak. Eraikin bateko garajean, adibidez, koba bat dago, eta, han, Burdin Arokoa izan daitekeen hilobi bat. Beste labar margolan batzuk ere aurkitu dituzte, baina oraindik «egiaztatu gabe» daude.

Lur azpiko boluntarioen epika laburbiltzen duen detaile bat: Armintxeko grabatuak maiatzaren 1ean topatu zituzten Adesko lagunek. Han zeuden lokatzetan blai, haien buruen gainean Langileen Eguna ospatzen zen bitartean. «Egun horretan funtzionarioek jai zuten», nabarmendu du Gorosabelek, barre bihurri batez.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak