Auzolana lanabesa denean

Irulegiko ardoa egiteko mahastietako bat Azkaraten dago, Bidartia etxaldearena; mahatsa auzolanean biltzen dute auzoen artean. Betidanik lan egin dute molde horretan, eta, auzolan kulturaren aberasgarritasunaz jabeturik, argi dute bide horretatik jarraituko dutela.

Mahatsa biltzen. Azkarateko mahastian 20 eta 30 lagun artean bildu dira hamar egunez. JOANES ETXEBARRIA.
Azkarate
2017ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Auzo ona, adiskide ona, diote Nafarroan. Aizo hon dienak, begi lo hon, Zuberoan. Hala bilduta daude esapide horiek Juan Carlos Etxegoien idazlearen Orhipean. Gure herria ezagutzen lanean. Hainbat liburu eta ikerketa argitaratu dira auzolan kulturaren inguruan, eta kultura hori praktikara eramaten duen adibideetako bat Azkaraten dago, Nafarroa Beherean.

Irulegiko ardoa egiteko mahastiak dauden tokietako bat da Azkaratekoa. Bidartia etxaldearenak dira mahastiak, eta bertakoa da Pierre Laxage, Baigorrin dagoen Irulegiko Sotoaren lehendakaria ere badena. Hamar bat egunez aritu dira mahatsa biltzen 20 eta 30 lagun ingururen artean, eta asteartean bukatu zuten dena biltzeaz. Betidanik auzolanean lan egin dute; kultura horretatik edan dute gaztetatik, eta euren ondorengoei ere horixe transmititu diete.

Oraingoz, ez zaie burutik pasatu ere egin langileak hartzea, Laxageren hitzetan: «Auzolana ez balitz, langileak hartu beharko genituzke, baina auzoek elkar laguntzeko ohitura dugu herri honetan». Auzo hitza askotan errepikatu du, eta kultura horren mamia horixe dela nabarmendu du Jasone Mitxeltorena kazetariak Auzolanaren Kultura liburuan. Joxe Migel Barandiaranen hitzak jasotzen dira bertan: «Auzoa izatea etxe batekoak bestekoen ondoan edo hurbil bizitzea bakarrik ez da; horrez gain, elkarrekin era bereziko hartu-emanak izatea da, antzinako ohituraren ohituraz eginbehar eta eskubide bihurtu diren hartu-emanak edukitzea».

Eta horrela egiaztatzen da Azkaraten, mahatsa biltzeaz gain, beste hamaika lanetan aritzen baitira elkar laguntzen. Mahats bilketan jendea behar denez, baina, hor ikusten da gehiago auzolanaren indarra.

Kataluniatik mahatsetara

Kataluniako erreferendumean izandako istiluetatik Azkarateko lasaitasunera etorri da Mattin Errekart izpurarra. Bartzelonan izan zen joan den asteburuan, eta, han ikusitakoak ikusita, beldurtuta itzuli da. Guraizeak hartu eta mahats sortak mozteak on egin dio.

Joan den asteko astelehenean, Izpuran izan zen mahatsa biltzen; han etxe bakarrak lan egiten du auzolanean, beste etxeek langileekin egiten baitute bilketa. Hangoa bukatu eta Azkaratera joan da; izan ere, Izpurakoa izanagatik, Azkaraten du etxea, eta urte mordoxka daramatza mahatsa biltzen bertan, hamabost, hain justu. Auzolanean aritzen ez diren bilketak ez dituela gustuko dio, «beste giro bat sortzen da». Bide horretatik kultura horrek luzaz iraun behar duela konbentzituta dago: «Langileak mahastietarat jinarazten baditugu, jai dugu; ez da gehiago herriko giro hori izanen».

Sekulako zortea da Errekarterentzat horrela aritzea lanean, solas egiteko aukera eta elkartzeko gune bat baitute. Bere beldurra da urteak aurrera egin ahala bera bezalako «bilo zuririk» izango ote den auzolanean.

Oraingoz, segida bada; Bidartia etxaldeko Laura Irigarai gazteak barneratua du lan molde hori. Lehen, asteburuetan biltzen zuen uzta, baina orain dela sei urte etxera itzuli zen, eta horrek aukera gehiago ematen dizkio lanean behar denean aritzeko.

«Goxo da; lanaren aitzinatzeko jende anitz biltzen gara. Dena den, mahastietan ez ezik, auzoen etxeetan ere ibiltzen gara laguntza behar badute. Arazoren bat baldin bada edozer gauzatan, beti bada norbait laguntzeko», esan du.

Bost bat etxaldetatik joandako jendea bildu da, baina laboraria ez den jendea ere batu da auzolanera, erretiroa hartu dutenak, batik bat. «Gu etxalde txikia gara, eta ez dugu jende gehiagoren beharrik. Badira, ordea, familiarekin eta auzoekin aski ez diren etxaldeak, eta horiek langileak kontratatu behar izaten dituzte. Ez da gure kasua», adierazi du Irigaraik.

Gizon eta emakumeen rola ere izan du hizketagai. Haren ustez, mahats bilketan emakume gehiago izaten dira gizonak baino, baina bestelako lan batzuetan, siloratzeak egiteko adibidez, gizon gehiago ikusten direla adierazi du.

Altxorra xahutzen

«Kultura hau aski aberasgarria da, eta gutxitzen ari dela iruditzen zait», nabarmendu du arduratuta. «Lehen, laborari etxeetan jende gehiago egoten zen; beti zegoen norbait etxean, eta orain jendea ez dago hain eskuragai etxeetan. Etxaldeetan ere lana pixka bat aldatzen ari dela erranen nuke», adierazi du.

Haren parean mahatsa biltzen ari den Annie Iputxa anhauztarrak, hitza hartu, eta Irigarai familiaren eta euren auzoen lana goraipatu du: «Nik ikusten dut zuen auzoan urte guztian auzolana badela, eta beste tokietan ez da horrelakorik ikusten. Azkarate eta Irulegiko bospasei laborari dira, eta beti elkar laguntzen dute». Hori egia dela erantzun dio Irigaraik, «berezia» dela: «Denek erabiltzen ditugun material komun batzuk ditugu. Horrelakorik ez da denetan izaten; gutxi gara modu horretan gabiltzanak».

Auzolanaren bidetik jarraitzeko konbentzimendu osoa du; halako altxor bat babestu behar dela ez du inongo zalantzarik gazteak.

Erretiroa hartua duten asko ikusten dira mahats bilketan, horretan ez da erretiratu Josef Etxeagarai, Bidartia etxaldekoa hura ere. 88 urte ditu, eta gozatu egiten du. Etxeko mahastia denez, betidanik ibili da bertan lanean, beti auzolanean. «Gure adinean denbora pasatzea garrantzitsua da, eta honek horretarako aukera ematen du. Giro goxo bat sortzen da, betiko giroa, eta, denek elkar ezagutzen dugunez, gustura egoten naiz», adierazi du.

Auzolanean jarraitzen bada ere, anitz aldatu dela nabarmendu du: «Gure denboran beste lan batzuk baziren, jende gehiago gurutzatzen zen, baina oraingo lan moldean jende gutxiago behar da».

Mahastien kasuan, orain bakoitzak bere tresneria duela azaldu du, ez lehen bezala; lehen lanabesak elkarri uzten zizkiotela dio, eta pertsonak gehiago harremantzen ziren, haren iritziz. Etxeko mahastia izanik, urte guztian aritzen da bertan lanean, beti baita zerbait egiteko, eta, gustura aritzen denez, gustuko tokian aldaparik ez. «Izugarri lan goxoa da», adierazi du irribarre batekin.

Mahats bilketari dagokionez, auzolana bukatu dute Bidartia etxaldean. Auzolanak badu, baina, beste alde on bat: mahats sorten inguruan bildutakoak mahai inguruan bilduko dira azaroan, Bidartia etxaldean bertan egingo duten bazkarian. Hori ere auzo ona eta adiskide ona izatea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.