Ongizatearen olatu kolpea

Pertsona bati aldartea aldatzeko ahalmena du itsasoak, horren lekuko dira urte osoan Miarritzen bainatzen direnak; Donostian ere ohitura handia dago horretarako.

Donostian, 700 lagun inguru bainatzen dira urte guztian, egunero. J.C. RUIZ / ARP.
2017ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Ikusi dituzu horiek bainatzen? Zortzi gradu besterik ez du egiten eta!», esan dio Miarritzeko (Lapurdi) Portu Zaharreko hondartzan zebilen mutil batek bere lagunari. Kamera hartu, eta argazkiak atera dizkie bainulariei. Bikote gaztea harrituta geratu bada ere, ez da harritzekoa Portu Zaharreko uretan jendea igerian ikustea. Les Ours Blancs (Hartz Zuriak) deitzen da Miarritzeko bainulari taldea eta eguerdi aldera elkartzen dira han dituzten aldageletan. Neguan jende gehiago biltzen da, «udan ezin zara lasai bainatu; neguak beste lasaitasun bat ematen du», azaldu du taldekide batek, uretatik atera berritan. «Bai, udan bainatzearekin ez du inongo zerikusirik. Negua lasaiagoa da; are gehiago, Miarritze bezalako herri turistiko batez ari bagara», esan du taldeko beste hartz zuri batek. Urte guztian bainatzen direnek negua da gehien maite duten sasoia. Horrek begirada ugari erakartzen ditu herritarren artean.

Euria, elurra, eguzkia, hotza edo beroa egin, itsasoa dute iratzargailu, urteko egun guztietan, sasoi guztietan. Miarritzen ez ezik, Euskal Herriko beste itsasbazterretako tokietan ere ohitura handia dago urte guztian itsasoan bainatzekoa: Donostian, esaterako. Hantxe bizi da Maite Belaustegi 70 urteko eibartarra. «Emozio aldetik, asko nabaritzen dut. Egun txar bat izan badut, edo estresagarria, uretara sartu, eta handik ateratakoan beste pertsona bat naiz», adierazi du. Kontxako hondartzan bainatzen da goizean egunero, edo ia egunero behintzat; «egunen batean huts egiten badut... gozoa nago ni!», dio barrez.

Erromatarren garaitik, jakina da itsasoko uraren onurak asko direla. Celso Pedraza Donostiako La Perla Talaso-Sport zentroko medikua da, eta ongi ezagutzen ditu ur gatzatuaren nondik norakoak. «Itsasoko urak dituen onurak gorputz barrukoak zein kanpokoak dira. Azalaren bidez, mineralak barneratzen dira, eta horrek barnean eragina du, erlaxagarriak izan daitezke edo anti-inflamatorioak. Zirkulazioari dagokionez, arteria eta zainen mugimendua estimulatzen du, eta horrek ponpaketa efektu bat egiten du. Hau da, odolak barneko ehunak hobeto oxigenatzen laguntzen du», azaldu du Pedrazak. Arnasketa kontuetan ere lagun dezakeela aipatu du medikuak; izan ere, aire bideak ireki eta itxi egiten dira, eta horrek sekrezioen mugimendua estimulatzen du, gerora errazago kanporatu ahal izateko.

Miarritzeko bainulariek ere asko nabaritu dute aldaketa osasun aldetik; «nik, lehen, nahiz eta oraindik badudan, azalean orban batzuk nituen, psoriasi antzekoak, eta asko hobetu zaizkit», aipatu du horietako batek. Besteak baietz erantzun dio buruarekin, aspalditik ezagutzen baitute elkar.

Belaustegik artikulazioetan nabaritzen du hobekuntza. Hamar urte baino gehiago daramatza errutina berarekin: lehenik eta behin uretara sartzen da, ordubetez egoten da, gero saunara joaten da, eta hortik berriz itsasora, orduerdi bat. Hori eginez, eguna joan eta eguna etorri, osasun fisikoan nabaritu duela dio, baina batik bat osasun psikikoan: «Ez dakit depresiorako edo estreserako joera ote dudan, baina itsasoan bainatzeak bizitasuna ematen dit». Joera hori familiatik ote datorkion pentsatzen du, bere amonakhalako gorabeherak izaten baitzituen: «Nire amona ia neurotiko zegoen, geriatriko batean sartzea pentsatzen hasia zen, baina horrela eginez gero bere negozioa, bezeroak eta familia utzi beharko zituen. Medikuarengana joan zen, eta hark esan zion itsasoa gertu edukiko balu egunero bainatzeko aholkatuko ziola. Nire amona, baina, Eibarren bizi zen, eta ez zuen horretarako aukerarik. Beraz, errezeta hauxe emanzion: bezperan, gau osoan maindire bat kanpoan utzi behar zuen hozten, eta, jaikitakoan, maindire horrekin bildu behar zuen gorputza. Bere egoerak hobera egin zuen».

Propietate aldaketa

Itsasoko uraren propietateak sasoiaren arabera aldatu egiten dira, Pedraza medikuak azaldu duenez: «Gazitasuna, normalean, 35 gramokoa izaten da litro bakoitzeko, eta gazitasun hori urte osoan mantentzen da. Dena den, aldaketak egon daitezke uraren sakontasunaren arabera, edota euri kopuruaren arabera. Mineral mota batzuekin edo besteekin kontaktuan zaude neguan edo udan bainatuz gero». Tenperatura ere desberdina da, «hori da talasoterapiaren eraginik garrantzitsuenetako bat».

Joan den urtarrilean izan zen hotzaz ederki gogoratzen da Belaustegi. Hiru egunetan ura hamar gradutan egon zen, eta normalean beroxeago egoten da. «Badirudi itsaslaster hotz bat sartu zela, eta nabaritu nuen, baina oso ohituta nago dagoeneko», esan du; «hala ere, ura zenbat gradutan dagoen ez jakiten ahalegintzen naiz, baldintzatu egiten baitzaitu. Gorputzak tenperatura aldaketa nabaritzen du; hotza sumatzean, hankei gehiago eragiten diet, eta epela nabaritzean, berriz, erlaxatu egiten naiz». Hasi zenean itsasoan igeri egiten bere buruari balazta jartzen ziola dio; hogei minutu baino gehiago ez zen uretan egoten, «badaezpada». Beste bainulariek ez zela ezer gertatzen esaten zioten; «haiek ordubetez egoten ziren». Pixkanaka, konfiantza hartuz joan zen, bere burua ere ezagutuz, eta denbora tartea gehituz joan zen. «Gogorra da itsasoan ordubetez bainatu, eta gero dutxa bat hartzea ; baina sauna batean sartzen bazara... plazer hutsa da», adierazi du.

Itsasoko urak bere efektua egin dezan, pauta batzuk bete behar direla azaldu du La Perlako medikuak. Itsasoan bainatzea onuragarria dela entzun, eta uretara sartu, eta handik minutu batera ateratzeak ez du eragin handirik terapeutikoki, behinik behin. «Minutu batean gorputzak ez ditu mineralak xurgatzen; bederen, hamar minutuz bainatu behar da», adierazi du. «Gorputza urarekin kontaktuan egon behar du denbora batez; horrela, truke ioniko eta mineral bat egoten da».

Dena den, bakoitzak lortu nahi duen onurak baldintzatzen du terapia bera, Pedrazak adierazi duenez: «Eragin terapeutikoa artikulazioen mugimenduan oinarritzen da batik bat, betiere uraren barnean. Kontaktua soilik ez da nahikoa, uraren barnean ariketak egitea beharrezkoa da;maiztasun batekin, gainera. Aquagym deitzen dena». Muskuluak denbora bat behar du egoera berrira egokitzeko, eta, horretarako, ordu laurden inguru behar da, «ur hotzarekin zailagoa da egokitzapen hori lortzea».

Oro har itsasoan bainatzea denentzat onuragarria bada ere, zenbait kasutan kasu eman behar dela esan du Pedrazak:«Tenperatura baxuak daudenean, arnasketa aparatua sentikorragoa da. Ez badituzu neurri egokiak hartzen, segur aski hotzeriarekin bukatuko duzu. Horrez gain, pertsona batek arnasketa arazoak baldin baditu, egoera konplikadaiteke». Hori horrela, baten batek itsasoan bainatzen hasi nahiko balu, lehenik medikuarengana joatea gomendatzen du Pedrazak, osasun egoera aztertzeko; «batzuentzat ona izango delako eta beste batzuentzat, agian, ez».

Zenbait segurtasun neurri hartzea ere garrantzitsua da, itsasoak ikusten ez diren arriskuak baititu. Jendearekin bainatzea, arriskurik ez hartzea eta inor arriskuan ez jartzea. Horiek urrezko arauak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.