Erleen alde lan egiteko garaia

Udaberrian sartuta, erleak giro onaren zain daude; erlezainak kezkatuta daude,ordea, urtetik urtera gero eta erle gehiago hiltzen direlako. Erleak bizirik mantentzeko ahalegin horretan, erlezainen lana asko handitu da, eta garrantzi berezia ematen diote erlezainen prestakuntzari.

<b>Egoitz Galartza. </b>Lizarrako Merindadean ditu erlauntzak, Arbeizan.
Egoitz Galartza. Lizarrako Merindadean ditu erlauntzak, Arbeizan. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko martxoak 22

Inflexio puntu batean gaude; modu batera edo bestera arazoa konpondu behar dugu, bestela erleak arriskuan egongo dira benetan». Arrate Cabrero albaitari eta erlezainaren kezkak bat egiten du Euskal Herriko erlezain askoren kezka nagusiarekin: erleak bizirik mantentzea. Azken urteetan nabarmen aldatu da erlezainen lana, erlezainak erleen beharra izatetik erleek erlezainaren beharra izatera pasatu diren heinean.

Udaberriro berritu behar dute erle kopurua; urtero %30 eta %40 inguru galtzen dituzte, eta, gaur egun normaltzat hartzen bada ere, Mikela Untsain erlezainak ohartarazi du hori ez dela normala: «Beste abeltzain bati erraten badiozu urte guztiz artaldea eraberritu behar duela, ekonomikoki ez luke irauten ahalko». Egoitz Galartza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitaria ere argi mintzatu da horren inguruan: «Erlezainen parte hartzerik gabe, erleak hil egiten dira».

Arrazoiak? Bat baino gehiago: lore barietate gutxiago, kutsadura, eritasunak (Varroa bizkarroia) eta Asiako liztorra (Vespa velutina nigotorax), besteak beste. Erleak bizirik edukitzeko erronka horretan bada hirurek bereziki nabarmendu duten kontu bat: prestakuntza. «Erlezainak gero eta kontzientzia eta prestakuntza handiagoak behar ditu erleak ongi zaintzeko. Lehen, nahikoa zen erlauntzetara urtean behin edo bitan joatearekin: udaberrian erlekumeak hartzera, eta udazkenean eztia kentzera, eta kito. Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak garrantzia ematen dio prestakuntzari», adierazi du Galartzak. «Lehen, kulturalki, bazekiten zer eta noiz egin behar zuten; orain, erlezain izateko, ikasi egin behar da», esan du Untsainek.


Arrate Cabrero erlezaina. / Isabelle Miquelestorena

Laborariek eurek ere erlezainak kontratatzen dituzte polinizatzeko. «Gure nekazaritzak gero eta erle gehiago behar ditu polinizatzeko baina gero eta gutxiago daude. Oreka galtzen ari gara», azaldu du Cabrerok. Untsainek Senperen egiten du hori (Lapurdi), kiwiak dituen nekazari batekin. Lagunarteko truke bat egiten dute, baina aipatu du ezagutzen duela Zuberoan nekazari bat 1.000 erlauntza kontratatzen dituena. Gipuzkoan sagardogile asko erlezain bihurtu dira, Galartzak kontatu duenez: «Ikusten dute sagarrondoetan sagar gehiago eta hobeak izan ditzaketela erleak egonez gero». Baina ikusten du fruta arbolak polinizatzeko erabiltzen diren pestizidak erleentzat arazo izan daitezkeela.

Negu luzea

Aurtengo negua hezea eta luzea izan da, eta horrek eragina izan du erleengan. «Erlea multzo txiki bat izaten da neguan, 10.000 eta 15.000 ingurukoa, eta gero, eguraldi onarekin, handitu egiten da, kopuruz zein tamainaz, 40,000, 50,000 edo 60.000ko kolonia izateraino. Hori atzeratu egin da, eta hor bada arrisku bat: erlezainak ez badu behar janari erreserbekin bezalako aurreikuspen bat egin, erleak justu samar irits daitezke», ohartarazi du Galartzak. Untsainek ez ditu erleak bazkatzen normalean, baina, bertako erle beltzarekin (Apis mellifera mellifera) lan egin arren, bada hilabete astean behin erleak bazkatzen dituela, eguraldi ona etorri arte iraun dezaten. Erle beltza neguari aurre egiteko gai da, baina, luze jotzen badu, erlezainen laguntza behar du.

Erleentzat negu gorria ez da arazo bat bereziki, Cabrerok azaldu duenez; izan ere, negua epela izaten denean, varroa etengabe ugaltzen da, eta galera handiak sorrarazten ditu. Erlezainak, beraz, udaberriko giroa noiz helduko zain daude. Uda partean, ordea, aurre egin beharko diote bere onenean egongo den Asiako liztorraren mehatxuari. Urte batzuk badira liztor hori Europan sartu zela; 2005ean Bordeleko portuan (Okzitania) sartu zenetik, Euskal Herrira zabaldu zen. Cabredok dio egoera ez dela askorik hobetu ordutik, baina Galartzak dio behintzat badakitela zer egiteko gai diren. Lapurdiko kostaldean zeuden erlezain txiki asko desagertu egin dira, ezin zituztelako erleak mantendu udatik goiti. Izan ere, erlezainak ohartu dira Asiako liztorraren presentzia nabarmenagoa dela kostaldean, eta ahal dutenek barnealdera eramaten dituzte udazkena bitarte. Cabrerok hori egiten du: «Kostaldean ditudan erlauntzak barnealdera sartzeko toki gehiagoren bila nabil. Transhumantzia egiten dut, nahiz eta nire helburua erlezaintza sedentarioa izan, baina oraingo honetan egin beharra dago. Ez ezti bila, erlea bizirik mantentzeko baizik. Horrek lan gehiago ematen digu, eta diru gehiago gastatu behar dugu, azkenean emaitza antzekoak lortu arren». Senperen, Uztaritzen, Zuraiden, Ezpeletan (Lapurdi) eta Aiherran eta Bidarrain (Nafarroa Beherea) ditu Cabrerok erlauntzak.

Desmartxa horretan, Untsainek beste aterabide bat atzeman du: kofoinak batzea. Azkainen (Lapurdi) ditu berak, eta, aurreko urteetan kostaldetik ateratzen bazituen ere, orain erabaki hori hartu du, lan handia delako. Untsainek hipotesi bat du Asiako liztorra kostaldean gehiago egoteari buruz: «Iruditzen zait arratoiak bezalakoak direla, gehiago garatzen direla urbanismo handia den tokietan».

Gipuzkoako hainbat tokitan, Asiako liztorraren dentsitatea beste tokitan baino handiagoa da, Irunen eta Hernanin, esaterako. Galartzak uste du zaila dela bertan erlauntzak dituzten tokietan handik ateratzea, edozein erlezainek ezin baititu erleak mugitu; auto berezi bat behar da, erlauntzak uzteko tokiak topatu behar dira...

Bakoitza ahal duena egiten saiatzen da, eta denak ala denak irtenbide baten zain daude. Gipuzkoan, foru aldundiarekin eta hainbat udalerrirekin batera, protokolo bat matxan jarri zuten, Asiako liztorren tranpatzean oinarritua. Galartzak azaldu du oraingoz nahiko ongi funtzionatzen duela, eta horri eusteko nahia dute. Orain, udaberria iristearekin batera, erlezainek tranpak jartzen dituzte, Asiako liztorrak orain ateratzen baitira neguko loalditik.

Horrez gain, uda bukaera eta udazken aldera, habiak kentzen dituzte, gutxi gorabehera %90. Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak ez dute tranpatze masibo bat eskatzen, nonahi eta edonork egin ahal izango lukeena. Hala, erlezainek nahiago dute tranpak euren erletegietan jarri, Asiako liztorrak bertara joaten direlako. Cabrerok argi du ez dutela desagerraraziko Asiako liztorra, baina uste du ezinbestekoa dela oreka bat mantentzen saiatzea behintzat, eta pentsatzen du denek egin dezaketela zerbait, erlezain izan edo ez izan; baita tranpak jarri ere. Cabrero kexu da administrazioek ez zutelako zegokionean esku hartu: «Erlezainok hasi ginen bakarrik lan honetan». Ikusten du orain gizartea kontzientziatuago dagoela, erlezainen kontzientziazio lanari esker, eta hori ona dela uste du.

«Erlezainok ez dugu pisurik, ekonomikoki. Askotan ez dugu lurrik; kopuruz gutxi gara, eta produzitzen dugun kantitatea Frantzian kontsumitzen den %20 bakarrik da; ez dugu fitsik produzitzen. Ez dugu erakundeen sustengu handirik; badira diru laguntzak batimendu bat egiteko edota erlauntza gehiago ezartzeko, baina gure etorkizuna ez da hortik etorriko. Gure aterabidea natura gehiago errespetatzea izanen da, produktu kimiko gutiago erabiliz eta kontsumitzaileek egiazko hautuak eginez», adierazi du Untsainek. Bide horretatik, iruditzen zaio garrantzitsua dela jendeak erlezaintza sustengatzea, eta hori «argiki» sentitzen duela dio: «Azoketan jendearen babesa sentitzen dut; interesatuak dira, eta zuzenki sentitzen dut sustengu hori». Eztiaz gain, polen freskoa, propoleoa, ezti ozpina, xaboia eta beste hainbat produktu egiten dituzte hirurek, ekologikoan, erleek ematen dizkieten mozkin guztiak balioetsiz. «Supermerkatuko prezioekin ezin gara lehiatu, baina guk zuzeneko komunikazioa dugu», esan du Cabrerok.

Erlezain berriei bidea

Erlezainen lana aldatu eta areagotu bada ere, sektorea nahiko osasuntsu dago, eta gero eta erlezain berri gehiago daude Euskal Herrian: horietako bat da Xilbi Errotabehere bankarra. Baigorriko bere etxean (Nafarroa Beherea) laborari plantatu da, bere senarrarekin batera: «Pentsatu nuen erleekin zerbait ekarri ahal niola laborantzari; baita naturarekin bat egiteko, urte sasoiekin bizitzeko...». Hala, prestakuntza egin zuen Untsainekin, eta profesionalizatzea buruan ez badu ere, erleekin lan egiten jarraituko du: «Interesgarriak dira gure gizartea ulertzeko; bada lotura bat». Zortzi kofoin ditu orain; Jeanot Senpe erlezainak eskainitako kofoin batekin hasi zen: «Erlezain batendako, bikaina da horrela hastea, altxor bat. Lotura bat bezala bizi izan nuen».

Hainbeste mendez ezer eman gabe, hainbeste hartu diegun erleei laguntzeko tenorea iritsi da orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna