Herdoildu ez diren esaldiak

Sarien ekitaldietan, omenaldietan eta bestelako ekitaldi publikoetan ematen diren hitzaldi batzuek egoera bera gainditzen dute. Adituek uste dute gizartean dagoen kezka bati erantzuten zaiola halakoetan. Halaber, garrantzitsutzat jo dute hizlariak esaten duen hori sinestea, entzuleengana iristeko.
<b>Ramon Saizarbitoria. </b>Gipuzkoako Urrezko Domina (2016).
Ramon Saizarbitoria. Gipuzkoako Urrezko Domina (2016). ANDONI CANELLADA / FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko apirilak 13
Miguel Unamuno, Salamancako Unibertsitateko (Espainia) errektore zela, altxatutako faxistei mintzatu zitzaien 1936ko urriaren 12an: «Irabaziko duzue, baina ez duzue konbentzituko». Marguerite Yourcenar, Frantziako Akademiako lehen emakume izendatu berritan, 1981eko urtarrilaren 22an: «Akademia bereziki misoginoa izan da». Memorian gelditu diren esaldiak.

Egoerari gailendu zaizkion diskurtsoak oso gutxi dira, Joxerra Gartzia idazlearen arabera —jendaurrean hitz egiteko ikastaroak eman izan ditu—. Baina izaten dira, tarteka, memoria kolektiboan gelditzen diren hitzak, «okasiozko» hitzaldietan: sari ekitaldietan, omenaldietan edo bestelakoetan. «Hori gertatzen denean, arrazoia ez da diskurtsoaren beraren barruan, bere ezaugarri tekniko-erretorikoan, bilatu behar. Aurren-aurreneko baldintza da diskurtsoa egiten den unean han dagoen jendearentzat pertinenteak edota axola handikoak izatea jorratzen duen gaia eta hartzen duen ikuspegia».

Olatz Beobide antzerkigile eta aktoreak ere eman izan ditu jendaurrean hitz egiteko ikastaroak. «Hitzak saria bera baino gehiago gogoratzen badira, normalean erantzun bat dagoelako izaten da. Gizartean dagoen kezka edo galdera bati erantzuna ematen dio hizlariak; ihesbide emozional moduko bat ematen du, diskurtsoak formulazio egokia aurkitu duelako», esan du Beobidek.

Ramon Saizarbitoria idazleak garai batean hitzaldiak idazten zituen zenbait politikarirentzat, eta makina bat aldiz egokitu zaio hari ere jendaurrean hitz egitea. Thomas Bernard Austriako idazleak emandako diskurtsoak ditu gogoan: «jarrera zinikoa zuen sariekin». Halaber, Albert Camusek Literaturako Nobel saria jaso zuenean eman zuen diskurtsoa oroitu du. Hala esan zuen Camusek, 1957ko abenduaren 10ean: «Belaunaldi bakoitzak uste du bere patua mundua berregitea dela. Nire belaunaldiak badaki ezingo duela halakorik egin».

Salbuespenezko hitzaldi bikainak badaudela onartuta, Gartziak hau dauka «kutunenen» artean: Imanol Lazkanok 1987ko ekainaren 18an egindako hitzaldia. Bertsolari elkarteko lehendakari —gerora Bertsozale— izendatu berritan mintzatu zen Lazkano. «Hainbeste aipatzen diren Kennedy, Churchill edo Obamarekin zorrik ez du Lazkanoren horrek», uste du Gartziak. Hala mintzatu zen Lazkano: «Helmuga nahiko urruti eta gainean karga ikaragarria daraman bertsolaritzaren gurdi honek aurrera egingo baldin badu, uste dut indarra ere ikaragarria behar duela, eta indar hori maila txiki batean egongo da bertsolariongan, baina maila handi batean herri osoarengan». Elkarteak ateak zabalik zituela aldarrikatu zuen: «Bertsolaritzari buruz ideia berririk edo kezkarik balu norbaitek, bere ikuspegia eman dezake. Onartua bezain eskertua izango da, bertsolaritzaren etorkizuneko putzu edo osin beltz honetan zenbat busti nahi den, hainbat ur baitago».

Beobidek, berriz, oso gustukoa du Saizarbitoriak 2016an Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzerakoan eman zuen hitzaldia. «Kulturaren merkantilizazioa eta beste kezka batzuk plazaratu zituen. Diskurtsoari jauzi kualitatibo bat eman zion», uste du antzerkigileak. Saizarbitoriak berak aitortu du halakoetan ez dela eroso sentitzen: «Erakunde batek gonbidatzen zaitu, eta ez dakit ondo dagoen eta dotorea den egoera profitatzea kritika bat egiteko. Baina hor zaudela, kulturaz zerbait ez esatea ere...».

Saizarbitoria kritikoa da gaur egungo hitzaldiekin: «Naturaltasun inpostatu bat dago modan. Txantxa batekin hasten dira asko. Niri txantxa batekin hasten denak min ematen dit». Haren ustez, maila asko apaldu da azkenaldian: «Ume bihurtu gaituzte, pentsatzen da entzuleak azkar aspertuko direla, telebistako kulturaren eraginez».



Entzuleak neurri (ala ez)

Diskurtsogintzan, Gartziari iruditzen zaio «audientzia» dela beti neurri: «Hori, eta xede-jende horrengan zer lortu nahi dugun, gure diskurtsoari aurrez ezarri diogun xedea». Idazleak uste du kalkulua egin beharra dagoela, entzuleak gogoan, «eta aldiro». Kalkuluaren arabera moldatu beharra gomendatzen du: «Kalkuluak huts egiten badu, ez dago atarramendu onik. Eta kalkulurik batere egiten ez bada, are gutxiago».

Saizarbitoriak ohartarazi du gaur egun hitzaldi bat ez dutela soilik ekitaldia egiten den tokikoek entzuten: «Gaur egun, herri txiki batean diskurtso bat ematen baldin baduzu telebistan, Interneten zabal daiteke bizkor, eta mundu guztiaren aurrean azalduko zara. Horrek aldatu egiten du diskurtsoa egokitzearen kontzeptua. Betirako da esaten dena».

Beobidek hitzaldi guztietan aintzat hartu beharreko pautak eman ditu: «Inportantea iristea da. Esaldi motzak erabili behar dira, indarra daukatenak, eta beti oinarria da zuk sinisten duzun gauza bat transmititzen ari zarela». Horretan guztian, antzerkigileak uste du AEBetako hainbat emakume «trebeziaz» aritu direla azkenaldian. Oprah Winfrey kazetari eta enpresariak oihartzun handia izan zuen urtarrilean, Urrezko Globoetan Cecile B. de Mille saria jaso zuenean. Hala esan zuen: «Aurrean egun berri bat dugu, eta neska guztiek hori jakitea nahi dut. Egun bat non inork ez duen berriz Me too esan beharko» —#MeToo mezuarekin, milaka emakumek salatu dute sexu gehiegikeriak jasan dituztela hainbat gizonengandik—.



Beobidek goraipatu egin du Eneko Sagardoik zinemako beste sari batzuetan, Goya sarietan, otsailaren 4an eman zuen diskurtsoa: «Haren aldarrikapenak oso zentzudunak izan ziren, identitate eta gorputz ezberdinen aldekoak. Ezberdina izatea balio bat dela aldarrikatu zuen, eta oso garai egokian iritsi da mezu hori». Sagardoik esan du Migel Joakinekin —Altzoko erraldoia— lotutako aldarrikapen bat egin nahi zuela, «baina, era berean, gaur egungo egoerarekin lotura izango zuena». Ezberdinaren mezua ematea garrantzitsua zen harentzat: «Bada pertsonalki ukitzen nauen garrasi bat». Jendaurrean hitz egitea arte bat dela esatea «gehiegi» iruditzen zaio Sagardoiri. «Hala ere, behar da erritmoaren nozioa, sentsibilitatea, esango den horretan sineste bat. Artea ez, baina magia iruditzen zait askotan».



Beobideri funtsezkoa iruditzen zaio aintzat hartzea zer ez den egin behar: «Ezin da aurkezpen luze bat egin justifikatzeko zergatik zauden toki horretan, intereseko edukia iritsi denerako entzuleak deskonektatu egingo baitu. Komunikatu behar dena iragarri egin behar da, gogoa sortu. Momentuarekin eta zauden tokiarekin bat egin behar da».

Iazko ekainean, Kukai dantza taldekoek hiru Max sari irabazi zituzten. «Zirraraz gogoratzen dugu Jon Maia besoa jasota, bizirik dagoen herri bat garela aldarrikatzen», idatzi du artikulu batean Imanol Esnaolak, Gaindegiako koordinatzaileak, urteko balantzea egitean. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren urteurrenetan, zabaldu ohi den bideo bat Fermin Muguruzaren hitzaldi labur bat da. Espainiako Musikaren Sarietako bat jasotzen ageri da, kazetako langileei elkartasuna adierazten, 2003ko apirilean.

Gartziak bi kirolariren agurrak alderatu ditu, hitzek noiz sortzen duten zirrara eta noiz ez adierazteko: «Miguel Indurainek abokatuek idatzitako testu hotz txepel bat irakurri zuen, begiak paperean iltzatuta; mezuak emozioa desaktibatu zuen. Andoni Zubizarreta atezainak, aldiz, paperik gabe kazetariei begira, hau esan zuen isilune luze baten ostean: 'Tira, izugarri ederra izan da, baina txirrinak jo du, eta amaitu da jolasaldia'». Gartziari iruditzen zaio zaila dela egoera horretan Zubizarretarena baino hitzaldi egokiagorik egitea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna