Alien, ezkutuko bidaiaria

Euskal Herriko kai eta ibaietan ehunka espezie arrotz eta inbaditzaile aurkitzen dituzte biologoek, besteak beste Australia, Txina eta Japoniakoak. Nola heltzen dira, ordea? Itsasontziek orekatzeko erabiltzen duten lasta ura da erruduna: planetaren punta batean hartu, eta bestean botatzen dute.

Alien, ezkutuko bidaiaria.
Edu Lartzanguren.
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Izurri beltza portuetatik sartu zen Europan 1340 aldera, baita Euskal Herrira ere. Gutxienez, kontinenteko populazioaren herena hil zuen gaitzak. Uste denez, bakterio hilgarria itsasontzietan heldu zen, ezkutuko bidaiari gisa. Historiak irakaspen hori utzi du, baina gaur ere sarbide egokiak dira itsas kaiak halakoentzat, besteak beste ontziek etengabe askatzen dituztelako han, munduaren beste mutur batean jasotako urak, organismo arrotz, eta, askotan, inbaditzaile bihurtzen direnez beterik. Lasta ura esaten diete marinelek ontzien sotoetan zama orekatzeko edo ontzia hutsik dagoenean iraul ez dadin eramaten duten urari.

«Gaur espezie arrotzak edo inbaditzaileak dira itsas ingurumenak dituen arazo larrienetako bat, eta lasta urak dira horiek Euskal Herrian sartzeko bide nagusietako bat», esan du Angel Borjak. Itsas ekologian doktorea da eta ikertzaile nagusia Azti Tecnaliak Pasaian duen egoitzan. Lasta urak aztertzen lanean dabiltza azken boladan Pasaiako kaian: gene analisien bitartez, lasta uretan zer espezie heltzen ari diren aztertzen dute. «Normalean, ez da espezieko animalia edo landare heldua, baizik eta arrautzak, harrak edo planktona, gero hemengo ekosisteman sar daitezkeenak».

Ontziak nondik datozen aztertzen du Borjaren taldeak: Europatik badator, ez dago arazorik. «Bai, ordea, Ekialde Hurbiletik, Itsaso Gorritik, Australiatik, Japoniatik edo AEBetatik datozenean». Hau da, hemengoak ez bezalako espezieak dituzten herrialdeetatik.

Espezie batzuk ontzien kroskoari itsatsita heltzen dira, baina horiek ez dira horrenbesterako arazo, Borjaren arabera, ez badituzte kroskoak garbitzeko lanak Euskal Herrian bertan egiten. «Errazagoa da espezieak lasta uretik sartzea».

Izan ere, lotura zuzena egiaztatu du Borjak trafikoaren eta kanpoko espezien kopuruaren artean: kai txikietan, gutxi daude, ontziak inguruan ibiltzen direlako, edo, asko jota, Bizkaiko golkoan. Bilbon, Pasaian eta, Baionan, ordea, espezie arrotz asko sartzen dira.

Zer aurkitzen dute Aztiko ikertzaileek ur horietan? «Batez ere, plankton espezieak: Ibaizabalen, kanpoko plankton espezie bat sartu da, eta dagoeneko bertakoa bezainbeste zabalduta dago». Kanpoko itsas belar handiak, ornogabe handiak, moluskuak, krustazeoak... ari dira zabaltzen Ibaizabalen.

Espezien artean, bi multzo bereizten ditu Borjak: aloktonoak,—hau da kanpotarrak, edo alien-ak, ingelesez esaten dieten bezala—,eta inbaditzaileak. Lehenek ez duten zertan kalte egin. Inbaditzaileek, berriz, ekosistemari min egin diezaiokete —bertako espezien lekua hartzen dutelako— edo interes ekonomikoei. Azken horren adibidea da duela urte batzuk agertu zen sargassum muticum Japoniako kostaldeko itsas belarra. 1970eko hamarkadan sartu zen Europan. «Gurean, Hondarribian agertu zen, eta kalte handia egin zien bertako espeziei». Izan ere, oso azkar hazten da itsas belar japoniarra: udaberrian, hamar zentimetro egunero.

Wakame itsas belar handia Bretainian sartu zuten 1980ko eta 1990eko hamarkadetan gizakien elikadurarako, eta asko zabaldu da. «Hona ez da oraindik heldu, baina iritsiko da; orain ez bada, gero», esan du Borjak.

Anais Rey biologoa Bilboko kaiko espezie inbaditzaileak DNA analisien bitartez identifikatzen dabil, eta horren inguruko doktoretza tesia egiten. Zaharkituta geratu da organismoak mikroskopioarekin ikusi eta identifikatzeko lan geldo eta nekeza. Gaur, laginak DNA irakurtzen dituzten gailuetan sartzen dituzte, eta hark irakurtzen ditu, azkarrago, eta merkeago.

Bilboko portuko uraren eta lohiaren laginak hartu ditu Reyk, eta oraindik ari da horiek aztertzen. Japoniako ruditapes philippinarum moluskua topatu du, besteak beste. Dozenaka espezie exotikoren zerrenda luzea osatu du dagoeneko, denak Bilbon bertan aurkitutakoak. Zorionez, guztiak ez dira inbaditzaileak. «Bilbon, Pasaian eta Baionan antzeko gauzak topatuko genituzke, baina interesgarria litzateke parekatzea, ikusteko espezie inbaditzaile guztiak agertzen ote diren kai denetan».

Bakterio erresistenteak

Lasta uretan ez dira bakarrik ekosistemak honda ditzaketen espezieak garraiatzen, baita gizakiak hil ditzaketenak ere. AEBetako Duke unibertsitateko talde batek antibiotikoei aurre egiten dieten bakterioak topatu ditu ur horietan, berriki argitaraturiko ikerketan azaldu dutenez. Singapurko kaian, hainbat herrialdetatik helduriko sei ontziko lasta uren laginak hartu zituen Claudia Gunschek zuzenduriko taldeak. Betalaktamiko familiako antibiotikoek hiltzen ez dituzten vibrio bakterioen 11 espezie topatu dituzte. «Ontziek bidaia luzeak egiten dituzte, eta tropikoetako ura beste urekin nahasten da», azaldu du Gunschek. «Honek iradokitzen du gure aurkikuntza mundu osoari aplika dakiokeela. Bakterio erresistenteen arazoa Europako eta AEBetako portuetan ere badagoen argitzeko ikerketa zabalagoa egiten ari gara orain».

Euskal Herrian bakterioen inguruko azterketarik ez dutela egiten esan du Borjak. Izan ere, askoz arrisku handiagoa ekartzen dute ekosistemari kalte egiten dioten espezieek, gizakientzat arriskutsuak izan gabe, zientzialariaren arabera.

Ituna, konponbidea?

Irailaren 8tik indarrean da munduan Ontzien Lasta Ura eta Sedimentuak Kontrolatzeko eta Kudeatzeko Nazioarteko Ituna. Nazioarteko Itsas Garraio Erakundeak bultzatu du, eta hainbat betebehar ezartzen die nazioartean dabiltzan ontzi guztiei. Ontzi berri guztiak urok tratatzeko sistemekin eraiki beharko dituzte. «Ur araztegiak bezalakoak dira», Borjak azaldu duenez. Ontzi zaharrak moldatu beharko dituzte epe batean, baldin eta kontinenteen arteko garraioa egiten badute.

Trantsizio hori egitea garestia izango da, ordea, eta horrek galdera bat sortzen du berehala: nork ordaindu behar ditu ontzietako arazte sistemak eta prozesuak? Gaiaren inguruko kanpaina egiten ari da ResponSeables Europako elkarteak, eta erantzuna argi du horren koordinatzaile Olga Mashkinak: «Ontzi jabeek ulertu behar dute zergatik instalatu behar dituzten sistema horiek, eta gastu horiek egin, arazoa euren operazioekin lotuta dagoelako, euren negozioarekin, eta espezie inbaditzaileen aferak eurek uste baino askoz kalte handiagoa egiten diolako ekonomiari».

Bitartean, behin-behineko neurri gisa, lasta ura portuan edo kostan isuri beharrean, itsaso erdian botatzeko eskatzen die itunak ontziei. Zalantza du Reyk neurri horren inguruan. «Sotoetan ura aldatzeak oxigenatu egin dezake giroa bidaiaren erdian, eta gatz maila ezberdinekin hiltzen ez diren espezieei bizirik irauteko aukera eman». Borja ere ez da oso baikorra: «Arazoa ezingo da guztiz konpondu, flotatzen ari den gai organikoa ere hartzen baita lasta ura hartzen denean, eta sedimentu gisa geratzen da ontzien sotoetan».

Itunak itun, urte asko beharko dira, beraz, itsas flota guztia eraberritzeko. Bitartean, ezkutuko bidaiariek jarraituko dute munduari itzulia doan egiten, lasta ur salda gazi-gozoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.