Euskarari zigor eta sari

Nafarroako Diputazioak, 1957 eta 1966 bitartean, diploma bana eta 200 pezetako diru sari bana eman zien euskaraz mintzo ziren haurrei. Gaur egun, euskararen aldeko urrats txikiena ere gaitzesten dute oposizioko alderdiek.

Saria. Euskaraz jakiteagatik Iruñeko Aurrezki Kutxan irekitako kartilla bat, 200 pezetarekin. BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Inposizioa». Ez da beste hitzik Nafarroako alderdi espainolisten ahotan. Euskararen alde egiten den urrats txikienari ere, «inposizioa» dela esanez erantzuten diote. Horren erakusgarri larunbatean egin zuten manifestazioa. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika gogor kritikatu zuten martxaren deitzaileek, eta euskararen kontrako oihuak egin zituzten ibilbide osoan zehar.

Euskara sustatzeko neurriak, baina, ez dira berriak. Nafarroako Gobernuak berak haurrak euskaraz matrikulatzeko kanpainak egin izan ditu UPNren garaietan ere, eta Vianako Printzea instituzioak euskara bizkortzeko sailaizan zuen hainbat urtez. Hain zuzen ere, sail horrek saria eman zien euskaraz mintzo ziren haurrei 1957. eta 1966. urteen artean. Pedro Diez de Ultzurrun mediku eta euskaltzalea herriz herri ibili zen garai horretan haur euskaldunak topatzen eta haiei diplomak eta diru saria banatzen. Ez da hori euskara saritu den garai bakarra. 1929an, Primo de Riveraren diktadurapean, Euskararen Adiskideak elkarteak 200 pezeta eman zien Etulain eta Leazkueko (Nafarroa) haur euskaldunei.

Gaur egun horrelakorik eginen balitz, oposizioan diren hainbat alderdik «gaztelera diskriminatzea» leporatuko liokete administrazioari. Hala egin dute, adibidez,Euskarabideak euskararen aldeko kanpainak prestatu dituenean. Bada, frankismo garaian neurri hori hartu zuen Nafarroako Diputazioak. Garai hartan, euskara debekaturik zegoen, eta zigorturik. Hainbat euskaltzalek uste zuten neurririk hartu ezean euskara galdu eginen zela Nafarroan 30 urteren buruan, eta bide horretatik heldu zen neurria.

1957an sortu zen Euskara Bizkormen Saila Vianako Printzea instituzioaren barruan. Diputazioak idazki baten bidez eman zituen azalpenak: «Nahigabe saminez» ikusten zuen euskaradesagertzen ari zela; beraz, «euskararen ikasbide bizkortze eta iraupenerako» lan eginen zuen saila aurkeztu zuen. Lehenbiziko lana euskaraz mintzo ziren haurrak saritzea izan zen. Zertarako? «Beti euskara maite izan dezaten eta sekulan hizkuntza eder hori galdu ez dezaten». Bidegileak bilduman jasotzen denez, diputazio frankistaren barneko mesfidantzak gainditu ziren Jose Javier Urmeneta eta Amadeo Marco diputatuen jarrerari esker.

Lan hori eginen zuten pertsonak aukeratzeko baldintzak zehaztu zituen diputazioak: gaztea eta euskalduna behar zuen, laikoa, eta 1936ko gerran bi aldeetako batean ere aritu gabea. Pedro Diez de Ultzurrun aukeratu zuten, eta bidaide izan zituen, besteak beste, Jose Maria Satrustegi, Angel Irigarai, Francisco Tirapu, Pedro Diez de Ulzurrun apaiza, Aita Felipe Murietakoa... Dena den, Bidegileak bilduman jasotako informazioaren arabera, Diez de Ultzurrun bakarrik aritu zen askotan, eta ordainetan sosik jaso gabe, gainera.

Lehenbizi, euskara atzera egiten hasia zen Nafarroako herrietara joan ziren: Sakana, Imotz, Atetz, Odieta, Anue, Esteribar, Erroibar, Artzibar, Aezkoa eta Zaraitzura. Etxe askotan, euskararen transmisioa eteten ari zen; beraz, haurrei euskara irakatsi zieten familiei aitorpena egin zien diputazioak. Lan horren helburua ez zen euskara zabaltzea, odolusteari uztea baizik. Asko harritu ere egin ziren. Berueteko (Nafarroa) zinegotzi batek zera esan zien haurrei azterketa egitera joan zirenean: «Artean zigorra euskaraz hitz egiteagatik, eta orain saria?».

Oztopoen gainetik

Ez zen lan erraza izan. Berueten bertan, Guardia Zibilak inguraturik sartu ziren herrian Diez de Ultzurrun-eta. Luzaidera (Nafarroa) joan ziren egunean ere, guardia zibilak agertu ziren herrian. Marco diputatuak joan behar izan zuen herrira, guardia zibilei alde egin zezatela eskatzeko. Normalki, herriko haurrak bildu, eta galdera sinpleak egiten zizkieten. Euskaraz ongi mintzo zirela ikusirik, diploma eta aurrezki kartilla ematen zieten. Satrustegik Bidegileak bilduman dioenez, «lan psikologikoa» egiten zuten haurrekin; esaten zieten ez zutela lotsarik izan behar euskaraz mintzatzeagatik.

Aspaldiko kontuak dira, eta, beraz, saria jaso zuten horietako asko ez dira kontu guziekin ongi gogoratzen. Lourdes Mercero Unanun (Nafarroa) jaioa da, eta hango eskolan zegoela eman zioten saria. 10 urte inguru zituen. «Ez naiz azterketaz gogoratzen, baina badakit euskaraz egin nuela». Gogoratzeko modukoa da, eskolan euskara debekaturik baitzuten. Iruñeko gizon ezezagunak, apaiza eta irakaslea aurrean zituela egin zuen azterketa. Diru sariaz ez da gogoratzen, baina diplomaz, bai. Ongi: «Beti gordea izan dut nire beste tituluekin batera, baina hau, altxor oso kutun gisa. Lehentasuna eman diot beti. Sentimentalki eta gure herriaren eta familiaren historian garrantzi handia du diplomak niretzat».

Garai berean —1957an— jaso zuen diploma Juli Larraza eta Pello Artieda Etxarri-Aranazko (Nafarroa) bikoteak. Larrazak 10 urte zituen azterketaren egunean: «Gogoratzen dut urduri egon ginela aurretik eskolan. Kanpoko gizaki bat tokatu zitzaidan, eta herriko apaiza». Gazteleraz esandakoak euskaraz esateko eskatzen zieten. «Niri galdetu zidaten: 'Dios creó el cielo y la tierra', eta nik hori euskaraz esan behar nuen. Hasi nintzen, 'zerua'... eta lurra ez zitzaidan ateratzen, inolaz ere. Apaizak lagundu zidan».

Artiedak 12 urte zituen. «Harrituta nago nola garai hartan euskarazko azterketa egitea zegoen, frankismoan euskara debekatuta baitzegoen», esan du. Gurasoek gorde zuten bere diploma. «Dudarik gabe, gurasoentzat inportantea izan zen. Nire aita euskararen aldeko amorratua zen».

Etxalekun (Nafarroa) bestela iragan zen sarien afera. Juani Azpirotzek dioenez, herriko idazkaria etxera etorri, eta diploma bat eman zien, baita 200 pezeta ere, Iruñeko Aurrezki Kutxan irekitako kartilla batean. 1958an jaso zuen saria Azpirotzek. «Jo, 200 pezeta, arraioa! Garai hartarako, asko zen. Dirua emateak harritu egin gintuen etxean, noski», azaldu du. Gainera, eskolan ez zieten euskaraz hitz egiten uzten, eta, beren hizkuntzan mintzatuz gero, zigortu egiten zituzten, bazkaltzera joan gabe edo belauniko jarrita liburuei eustera behartuz. Dioenez, irakasleak «erdaldun peto-petoak» ziren, ez zekiten hitzik ere euskaraz, baina beren artean euskaraz egiten zuten, «beti».

Denek ez zuten saria jaso: «Gurean euskara mantendu zen, eta beste batzuetan ere bai, bainaetxe batzuetan erdaraz hitz egiten zuten nahiz eta euskaraz jakin». Berdin beste herri batzuetan. «Familia asko erdarara pasatu ziren Etxarrin; batetik, presio politikoagatik eta beldurragatik, eta, bestetik, kontzientzia faltagatik», dio Artiedak.

Herri horiek bisitatu ondotik, euskarak hainbesteko arriskua ez zuen tokietara joan ziren diputaziokoak. Frantziska Zestao leitzarrak 1960an jaso zuen diploma, eta Angel Pikabea arantzarrak, 1964an. «Idatzi genuen zerbait ere euskaraz, eta arkatz batzuk eman zizkiguten. Diplomak ere bai», dio leitzarrak. «Nik gogoan dut eskolandiploma eman zigutela eta hogei duro sartu zizkigutela bankuan», dio arantzarrak. Pello Salaburuk 1962an jaso zuen, Arizkunen (Nafarroa). «[Etorri zirenen artean] baten bat trajez jantzita zegoen, elegante, eta hori deigarria zen. Ez geunden ohituak horrela janzten zen jendea euskaraz entzuten».

Badirudi sari haiek izan zutela eraginik. Izan ere, asko dira diploma etxean gorde dutenak. 6.000 haurrek baino gehiagok jaso zuten. «Prestigioaren kontuarekin lotuta dagoela uste dut», dio Salaburuk. «Bigarren mailako hizkuntza bat zen, deuserako balio ez zuena, eta ikustea diputazioaren izenean agiria eta dirua ematen zigutela, horrek hizkuntzari beste maila bat ematen zion». Pikabeak dio berdin-berdin izanen zela euskaltzale: «Ez nintzen sobera konturatuko sariaren balioaz. Hori gabe ere, beti euskalduna sentitu naiz. Traba azkarki ezagutu izan ditugu euskaldunok, orain ere bai zenbaitetan, baina beti harro sentitu naiz euskalduna izateaz».

Harrigarria dirudien arren, garai hartako Nafarroako eskuindarrek ez zuten gaur egungoek duten jarrera euskararekin. Hala uste du Salaberrik. «Nafarroan galdu den zerbait da hori. Foralistek eta eskuindarrek beti izan dute atal bat euskaltzalea, baina hori, gaur egun, guztiz galdua da. Gaur itxuraz foralistak diren horiek Iruñetik behera begiratzen dute bakarrik», azaldu du baztandarrak. «Foralistak ez, espainolista hutsak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.