Marta Monfort. Gasteizko Antzoki Sareko arduraduna

«Antzokia Gasteizko erreferente kultural eta soziala da»

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Kerman Garralda Zubimendi -

2018ko otsailak 17
Marta Monfortek (Donostia, 1968) hamasei urte daramatza Gasteizko Antzoki Sareko arduradun lanetan. Ez da ohikoa ehun urte dituen antzoki bat kudeatu behar izatea, baina aitortu du berezia dela. Urte gogoangarria du aurretik, eta gasteiztarrentzat ere hala izatea nahi du.

Mendeurrenagatik lanez lepo?

Principal antzokian beti dugu mugimendu handia. Urte osoan eskaintzen ditugu ikuskizunak, eta, beraz, urte osoan egiten dugu lan. Mendeurrenean, ohikoa baino lan gehiago dugu, baina moldatzen gara.

Ekintza berezirik izango duzue?

Urte guztian prestatu ditugu zertzelada txikiak, baina mendeurrena bereziki nazioarteko jaialdiarekin batera ospatuko dugu, abenduaren 13tik 18ra. Arte eszenikoen edukiontzi bat garenez, musikari, dantzari, antzerkiari... lotutako eskaintza aurkeztuko dugu.

Gasteiztarrek hurbileko sentitzen dute antzokia?

Principal antzokia Gasteizko hiriaren erreferente kultural eta soziala da. Herritar askok norberarena sentitzen dute antzokia. Askok ikusten dute tenplu handi moduan antzokia, eta hori ona eta txarra da. Izan ere, asko, gazteak bereziki, ez dira hurbiltzen, antzerkia eta antzokia zaharkituak direla uste dutelako. Arte eszenikoak oso abangoardistakoak dira, eta, mendeurrenean, sorpresa puntu horrekin ere jokatuko dugu.

Betetzen da Principal antzokia?

Batez beste, sarreren %85-90 saltzen ditugu. Baina etortzen den publikoa ia beti oso antzekoa izaten da. Beharbada horregatik, baina Gasteizko publikoak jaso eta prestatu fama du, eta konpainiek eskertu egiten dute.

Nolako lanak gustatzen zaizkie gehienbat gasteiztarrei?

Irabazlea antzerkia da, baina Euskadiko Orkestra Sinfonikoa datorrenean ere bete egiten da antzokia. Musikalak eta festetan komediek arrakasta handia izaten dute. Gure erronka dantza eta lirika dira, kritika onak jaso arren Principal antzokiak ezin baititu halako obren eskakizun teknikoak bete.

Eta zu kateatu zaituen obra bat?

Geroz eta gehiago dira, azken finean, orain errazagoa delako goi mailako obrak topatzea. Baten bat aukeratu beharko banu, Wajdi Mouawad zuzendariaren Seuls lana eta Chack by Jowl konpainia lirateke; laster etorriko dira berriz ere biak Gasteizera. Oso albiste ona da, Euskal Herrian gutxitan izaten diren zuzendariak bertan egotea opari bat delako gure publikoarentzat.

Nolakoa izaten da obra bat Gasteizera ekartzeko bidea?

Metodologia berbera da aspalditik. Antzoki publiko baten helburuekin bat datorren eta gustatzen zaigun obra bat ikustean, arduradunekin jartzen gara harremanetan. Behin etortzea posible dela jakinda, data eta ordainsaria hitzartzen dugu. Egia esan, ordainsariak jada zehaztuak egoten dira.

Antzokia publikoa izanda, alkateak bere oniritzia eman behar du obra bat eskaini aurretik?

Ez, askatasun handiarekin egiten dugu lan. Antzoki publikoa izanda, baditugu betebehar propio batzuk. Adibidez, formatu inklusiboekin lan egiten dugu gizarte guztiari zabaltzeko kultura. Gure muga bakarrak teknikoak eta aurrekontuaren ingurukoak dira.

Ehun urtean, garai onak eta txarrak ezagutuko zituen antzokiak, ezta?

Gogoan dut urteren batean nazioarteko antzerki jaialdia ez zela egin, eta 1992an antzokia berritzean egin zen esfortzu ekonomikoa nabaritu zela programazioan. Krisiak ere eragin zigun. Ez horrenbeste publikoaren aldetik, baina aurrekontuak murriztu behar izan genituen.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Espero dut eraikin modernoago bat izatea etorkizunean. Betiere zentzuz eraikia, ez delako eraikin megalomano bat behar. Ez dakit posible izango den orube honetan izatea, baina gustatuko litzaidake.

Zer eskatuko zenuke urtebetetzea ospatzeko?

Antzerkiak gasteiztarren bizitzan tokia izan dezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: