Albistea entzun

Saioa non, jarraitzaileak han

Iritsi da azken geltokira Bertsolari Txapelketa Nagusia: bihar jokatuko da final nagusia, BEC erakustazokan. Irailaren amaieran hasi zuten bidaia 36 bertsolarik, haietako zortzi baino ez dira iritsi helmugara, eta, haiekin batera, saioz saio bidelagun izan dituzten bertsozale amorratuak. 14.600 zale bilduko dira biharko finalean, zortzi bertsolarien bertsoak eta errimak aditzeko irrikaz.
16 urte izan arren, txapelketako saio guztietan izan dira ahizpa bikiak.
16 urte izan arren, txapelketako saio guztietan izan dira ahizpa bikiak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Etxeberria -

2017ko abenduak 16

Iritsi da egun handia: bihar erabakiko da, BEC erakustazokan, nor den 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna. Zortzi aulki oholtza gainean, txapelketaren helmugara igaro diren zortzi bertsolari finalistentzat: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Zortzi buru, eta txapela bakarra. Nori jantziko dio Sebastian Lizaso bertsolariak Ana Zalduak mimoz brodatutako txapel preziatua?

Hasiak dira zaleak apustuak egiten. Haizea eta Oihana Arana ahizpen ustez (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001), Gipuzkoara joango da txapela, zalantza izpirik gabe. «Maialenek irabaztea nahi dugu, eta hark irabaziko du txapela», aitortu dute ahizpa bikiek, aho batez. Joxe Garaizabalek (Elorrio, Bizkaia, 1955), baina, ez du hain argi ikusten txapelaren patua: «Ez nuke izenik emango. Zortziek dute aukera. Puntu aldetik, ez da alde nabarmenik egongo lehenaren eta bigarrenaren artean. 1.000 puntutik hogei puntu zer dira, ba? Ezer ez». Eta Alazne Untxalok (Ituren, Nafarroa, 1989) ez du bere desioa eta aurreikuspena aitortu nahi izan: «Nork jantziko duen eta nork janztea nahiko nukeen, niretzat bertsolari bera da; igandean jakinen duzue».

Untxalo, aranatarrak eta Garaizabal ez dira bertso aditu, baina bai bertsozale amorratu. Irailaren amaieran txapelketa nagusiko kanporaketak hasi zirenetik ez diote hutsik egin txapelketako bertso saioari. Hiru hilabetez, hamalau saio antolatu ditu Bertsozale Elkarteak txapelketari begira. Eta saioa non, hantxe izan dira jarraitzaileak ere, leial-leial, bertsolarien lanarekin belarriak gozatzeko irrikaz. Ikusleen artean izan dira Arana ahizpak, Untxalo eta Garaizabal.

Pasioz bizi dute bertso mundua, eta bertsolaritza da lauren zaletasun handienetako bat. Aitarengatik zaletu zen Garaizabal. «Bertsopaper ugari zituen, eta ikasitako bertsoak maiz abesten zituen». Gero, auzoko jaietako saioak entzuten hasi zen; geroago, kuadrillakoenak. «20 urterekin, leku gehienetara joaten ginen: Gipuzkoara, Nafarroara, Iparraldera... Asko mugitu izan naiz bertsoengatik», aitortu du. Eta gehitu du: «Letek, Lekuonak eta Valverdek ateratako diskoek ere mila buelta eman zituzten etxeko disko biragailuan. Bertsolaritzari buruz ere asko irakurri dut. Bertsoa oso presente egon da nire bizitzan eta belarrietan».

Untxalok ere maiz entzuten zituen bertso zaharrak etxean, amatxiren ahotik. Aitarekin bertso saioetara joaten zen, eta halaxe bertsozaletu zen. «Bertso eskolan izena eman nuen, eta mundu honetan murgildu nintzen, Estitxu Arozenaren eta Estitxu Fernandezen laguntzarekin».

Alazne Untxalo

Eskoriatzako bikien kasua bestelakoa da. «Berez, gure etxea ez da oso bertsozalea izan. Eskolan bertsotan hasi ginen, eta harrapatuta geratu ginen; atzetik etxeko guztiak zaletu dira», aitortu du Haizea Aranak. «Lehen Hezkuntzako laugarren mailan sortu zitzaigun bertso eskolan hasteko aukera. Ni hasi nintzen, eta Haizea animatu zen gero», kontatu du Oihana Aranak.

Bertsoak urte osorako

Modu batera edo bestera, bertsolariek hitzekin jolasteko eta haiek errimatzeko duten dohainarekin liluratu dira laurak, eta gozatu egiten dute bertsolariak entzuten, urteko edozein sasoitan. «Txapelketa Nagusiari ilusio handiz erreparatzen diodan arren, modu askotan gozatzen dut bertsolaritzaz: bertso eskolan eta saioetan kantatuz, afarietara joanez, grabaketa zaharrak entzunez, gaur egungo bideoak ikusiz…», kontatu du Untxalok.

Iturendarrak argi zuen txapelketa ikusiko zuela, eta berehala eskuratu zuen saioetarako bonua. Baita Garaizabalek ere. «Denboraldiaren arabera, baina hogei bat saiotara joaten naiz urtean. Azkenaldian, ama zaindu behar izan dut, eta gutxiago ibili izan naiz», onartu du. Dena den, aurten txapelketa saioz saio ikusiko zutela erabaki zuten emazteak eta biek, eta bonua hartu zuten.

Arana ahizpek, berriz, oparitan jaso zuten hamalau saioetarako sarbidea emango zien bonua. «Urriaren 12an betetzen ditugu urteak, baina opari aurreratua jaso genuen: bonua», dio Haizea Aranak, pozik. Opari ezin aproposagoa gazte bertsozaleentzat.

Eta bonua eskuan izanda, saioz saio ibili dira laurak: hasi Baigorritik, eta igandeko saiora arte.

Txapelketa lehen saiotik ikusten duen lehen aldia da elorriotarrarentzat: «Besteetan, haurrengatik edo beste arrazoi batzuengatik, saio erdietan izan naiz, baina txapelketa hasi eta buka jarraitu dudan lehen aldia da. Erretiroa hartu dut, eta horrek ere laguntzen du pixka bat». Hala ere, bertatik bertara eta saioz saio egon ez denetan, txapelketaren berri izan du: prentsan, telebistan edo irratian.

Untxalok ere beti egin izan dio kasu txapelketari, Internetez ez bada telebistaz, eta, bestela, zuzeneko saioetara joanda. Aurten, bertatik bertara entzun ditu bertsolarien lanak.

Arana bikiak ere nola edo hala moldatu dira saioa zen lekura iristeko: «Gurasoekin ez bazen, lagunen gurasoekin mugitu izan gara. Joateko modua topatu izan dugu beti», aitortu du Oihana Aranak. Beti bertso udalekuetan ezagututako lagunekin gozatu izan dute saioa. «Elkartzeko aitzakia da txapelketa», aitortu du.

Tolosako (Gipuzkoa) saioan izan ezik, denetan izan dira ahizpak, lehenengoz. «2009an, aita ikusi nuen sukaldeko telebista txikiari begira negarrez, Maialen Lujanbiok txapela jantzi zuelako. Hori da 2009ko txapelketaz dudan oroitzapen bakarra». Orain lau urteko txapelketan lauzpabost saiotara joan ziren; baina, aurten, gertutik bizi ahal izan dute txapelketako berotasuna.

Txapelketarekin, pozik

Eta «asko gustatu» zaie ikusitakoa: «Gazteak eta emakumeak oso indartsu ikusi ditut, eta horrek asko poztu nau. Finala ongi geratu da. Egin duten txapelketarekin, ongi merezia dute finalera iritsi diren bertsolariek», dio Haizea Aranak. «Ez dut ezusteko handirik hartu. Oro har, txapelketa ona izan da, eta oso gustura ibili naiz. Emakumezko bakarra iritsi da finalera, eta pena da. Baina Unai Agirre sartu da, eta pozik nago. Merezi zuen», zehaztu du ahizpak.

Garaizabalen ustez, «saioetan eta bertsolarien artean gorabeherak izan dira; baina, oro har, maila handiko txapelketa izan da. Gai aldetik ere, gai egokiak eta politak planteatu dira».

Untxalok ere txapelketaren «balorazio positiboa» egin du: «Denetarik egon da: bertsolari batzuk gehiago hurbildu dira euren mailara bertze batzuk baino; areto batzuk egokiagoak ziren; entzulea batzuetan oso bero egon da, eta bertzeetan, ez; doinu berri pila atera dituzte... Ez dira saioak soilik; horren inguruan sortzen dena ere gustuko dut: lagunak elkartu, saioa komentatu, elkarrekin afaldu, parranda egin, aspaldiko ezagunak ikusi...».

Gustura ibili dira saioz saio, eta, nola ez, bihar ere BECen izango dira. «Goizean goiz, lekua hartzeko», dio Garaizabalek: «Hurbil esertzea gustatzen zait, bertsolarien erreakzioak ikusteko».

Joxe Garaizabal

Gogotsu daude finalerako beste hirurak ere. Haizea Aranak dio: «Finalerako gogoa dut, baina ez finala amaitzeko. Lagun pila elkartuko gara, eta finala entzuteko eta bertako giroa bizitzeko gogoa dut. Oso berezia izaten da BECeko giroa». Haren ahizpa ere bat dator: «Oso egun berezia da, polita. Lagunak elkartzeko aitzakia bat ere bada txapelketa». Untxaloren hitzetan: «Emozio handiko eguna izanen da, egun-pasa bikaina eta sakona».

Ezin jakin nork eramango duen sari preziatua. Elorriokoaren ustez: «Txapelketa zerbait puntuala da, egun bakarrekoa. Lau urtekoa dela esaten da, baina, azkenean, bertsolariek izaten duten egunaren araberakoa ere bada. Egun ona izanez gero, ezustekoa eman dezakete askok».

Oro har, baina, «saio biribila» espero du Garaizabalek: «Finalean dauden bertsolariak makal ibilita ere, saio bikaina eskaintzeko gai dira. Eta giroak ere asko egiten du, noski». Untxalok ere argi du: «Saioa izango da: luzea, fina, arina, sakona, umoretsua, sentimentala, zorrotza, ñabarduraz betea, harrigarria, hunkigarria... Zaila da definitzen».

Emozioz betea ere izango da, ziurrenik. «Txapela jokoan dago, eta denek irabazi nahi dute; baina albokoak janzten badu ere, irabazlea bezainbeste pozten da ondokoa. Bertsolarien artean laguntasun handia dago, eta ez dute bizi beste kiroletan ikusten den lehia», kontatu du Garaizabalek.

Bihar jakingo da nork nor zoriontzen duen. Txapela janzten duenak janzten duela ere, ziurtatuak ditu jarraitzaileen eta gainerako bertsolarien berotasuna eta txalo zaparradak. Onenak irabaz dezala txapela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hemeretzigarren Glisseguna aroak mugatu badu ere, surf egin ahal izan dute goizean, Iban Iturbiderekin. ©GUILLAUME FAUVEAU

Glisseguna, urak atzemana

Ainize Madariaga

Seaskak eta Miarritzeko eta Angeluko ikastolek antolaturiko hemeretzigarren Glisseguna aroari moldatu behar izan zaio: giro baikorrean, goizean surfean bakarrik aritu ahal izan dira.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ikusten ikastea da margolaritza»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du.
Iñigo Vicens eta Lur Errekondo, <em>Naufragoak</em> saioko aurkezleak, Gazteizko FesTVal jaialdian. ©EITB

'Naufragoak' abentura saio berria, Karibeko uharte galduetatik ETB1era

Olatz Silva Rodrigo

Asteartean estreinatuko dute 'reality'-a. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.