Etxean, nahieran ikasten

Hainbat gurasok erabakitzen dute haurrak etxean heztea, egungo hezkuntza sistemari hutsuneak ikusten dizkiotelako. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da derrigorrezkoa haurrak eskolara eramatea, eta, beraz, legez ez dute arazorik; beste probintzietan ez da gauza bera gertatzen.
Ainize Madariagak eta haren bikotekide Asisko Urmenetak etxean hezten dute Gexi alaba zaharrena, berak hala eskatuta. Leixa alaba, berriz, poz-pozik doa eskolara, berak erabakita.
Ainize Madariagak eta haren bikotekide Asisko Urmenetak etxean hezten dute Gexi alaba zaharrena, berak hala eskatuta. Leixa alaba, berriz, poz-pozik doa eskolara, berak erabakita. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nagore Etxeberria -

2018ko urtarrilak 13
Gexi Urmeneta Madariagak oso argi du: «Gusturago egoten naiz etxean ikasten. Ikastola ez zait gustatzen». Eta hainbat arrazoi zerrendatu ditu bere baieztapen irmoa arrazoitzeko: «Ikastolan badira lagun batzuk, baina beti izango da norbait zutaz trufatzen. Klasean, ikasle batzuk mintzatzen dira, eta arreta galtzen dut; lau orduz jarria egonik, ipurdia gogortzen zait; beste batzuekin jolastu nahi dudalarik, askotan ezetz esaten didate; jantokian harrabots handia dago...».

Hoztan (Nafarroa Beherea) bizi da Urmeneta Madariaga sendia. Martxoan, 10 urte beteko ditu Gexi Urmenetak, eta urtebetez baino ez da ibili eskolan. Ainize Madariaga haurraren amak eman ditu argibideak: «Naturalki iritsi gara egoera honetara. Ez genuen presarik bera ikastolan hasteko, eta sekula ez genuen planteatu eramatea edo ez eramatea. 3 urte zituenean, haurrak eskatu zigun eskolara joan nahi zuela. Hamar eguneko saioa egin zuen Oztibarreko ikastolan [Nafarroa Beherea]. Zoragarri hartua izanagatik, amesgaiztoekin hasi zen, eta ikusi zuen ez zela gustura. Orduan erabaki genuen etxera ekartzea». 6 urterekin, ikastolara joateko grina piztu zitzaion berriro, baina, ikasturte oso bat han eman ondoren, erabaki zuen ez zuela gehiago itzuli nahi. Geroztik, gurasoek hartu dute ardura haurra etxean hezteko.

Beste bi alaba dituzte Madariagak eta Asisko Urmenetak: Leixa eta Xara. Bigarren alaba Oztibarreko ikastolara doa, 4 urte zituenetik; laster, 7 beteko ditu. Madariagak onartu du hura «gozatzen, izugarri kontent» dabilela.

Madariaga Urmeneta familiaren kasuak argi uzten du haur bakoitza mundu bat dela. Horregatik, ezinbesteko iruditzen zaie haurraren beharrei arreta jartzea.

Iritzi berekoa da Miren nafarra —legez izan ditzakeen arazoak tarteko, nahiago du nor den ez zehaztu—. Bi seme-alaba ditu Mirenek, eta biak etxean ditu ikasten. Medikua du senarra, eta irakaslea da bera. Hezkuntzaren arlo askotan lan egin du, eta horrek aukera eman dio hezkuntza sistemaren «ikuspegi zabala» izateko: «Edukiek pisu handia dute hezkuntzan, eta haurren interesak eta beharrak ez ditu inork ikusten, guztiak homogeneizatu egiten baitituzte. Haur guztiak gela batean sartzen dira, baina bakoitzak interes eta gaitasun ezberdinak ditu, eta ezin zaie denei modu berean erakutsi eta lagundu. Nire bi seme-alabek oso bestelako beharrak dituzte. Batekin balio izan duenak ez du bestearekin balio izan». Horiek horrela, haurrak etxean heztea erabaki zuen bikoteak.

Miren Olatz —ez du izenik eman nahi— Bizkaian bizi da. 9 eta 7 urteko bi seme-alaba ditu, eta etxean hezten ari da, laugarren urtez. «Egungo sistemara baino, irakasteko bestelako modu batera hobeki egokitzen da gure familia, eta horregatik hartu genuen erabakia. Eredu aktiboagoa, pertsonalizatuagoa, malguagoa eta errespetagarriagoa nahi genuen».

Haurren erritmora

Hiru familiei ezinbestekoa iruditzen zaie haurren erritmoa errespetatzea. Mirenek gogoratu du: «Hezkuntza sistemako liburu guztietan idatzita dago erritmoa errespetatu behar dela, baina, praktikan, sistemak jan egiten du haurren erritmoa. Presaren gizartean bizi gara, eta erritmo biologikoa aldatzeak ondorio batzuk dakartza. Beraz, lasaitasunaren erritmoa da etxean geratzea. Bakoitzaren erritmoa errespetatuta, beste hainbat gauza agertzen dira: jakin-mina, interesak eta beste».

Haurren interesa eta jakin gosea izan ohi da etxeko eskolaren gidaria hiru etxeetan. Ez dute ordutegi finkorik, ezta bete beharreko programa zehatzik ere, eta inprobisazioari tarte handia eskaintzen diote. Miren Olatzek dio «eskolak ezartzen duen eskema itxiari alternatibak eskaintzea» dela etxean irakastea, eta horregatik ez dutela «curriculum zehatzik». «Haurrak dira erritmoa ezartzen dutenak eta euren ikasketaren gidaritza daramatenak», gaineratu du.

Urmenetarren etxean, esaterako, matematikak Ikas pedagogia zentroko liburu batekin ikasten dituzte, eta «gainerako guztia» haurren interesen arabera antolatzen dute. «Helburu potolo batzuk finkatuak ditugu. Eguneroko gogoaren arabera, bat edo beste egin hautatzen dugu», zehaztu du Madagariagak.

Mirenek aitortu du: «Hasieran, programazio txiki bat nuen, baina, denbora pasatu ahala, erlaxatuz joaten naiz, eta, orain, haien interesen araberako gauzak prestatzen ditugu. Errespetatzen dugu haurren erritmoa eta kuriositatea. Egun bakoitza abentura berri bat da, eta abentura hori bizitzera ausartu behar duzu».

Haurren ikasteko gogoa asetzeko, denetarik erabiltzen dute hiru etxeetan: testuliburuak, Internet, erakusketak, filmak, dokumentalak, museoak, kultur ekintzak eta beste. Miren Olatzek azpimarratu du edonon dagoela ikasteko materiala eta aukera: «Bizitzako edozein arlotan».

Mirenek ere onartu du «baliozkoa den edozer» dutela etxean, baina denetan garrantzitsuena «ikuspegi irekia izatea» dela. Izan ere, «haurren jakin-mina gero eta handiagoa da, eta guk ezin dugu denetik jakin. Askotan, haiekin batera jarri behar dugu informatzen. Gurasoak haien interesen kudeatzaileak gara».

Haurren bidelagun

Oro har, goizak etxean ematen dituzte, eta, arratsaldeak, kalean, lagunekin. Izan ere, denek garrantzi berezia ematen diete sozializazioari eta harremanei.

Mirenek argi dio: «Edonork hezi ditzake haurrak etxean». Gurasoetako inork ez du zertan irakasle izan. Haren ustez, ezaugarri batzuk behar dira soilik: «Interesa izatea eta haurrekin batera ikasteko gogoa izatea».

Bizkaitarrak ere ez dira irakasleak, eta ez dute rol hori jokatu nahi, gainera: «Gure seme-alaben ikaskuntza prozesuan laguntzaile gara, bidelagun. Ez diegu eskolarik ematen; une bakoitzean behar duten laguntza baino ez diegu ematen, behar dituzten baliabideak eskaini».

Hirurek ikusten dizkiote aldeko gauza gehiago kontrakoak baino irakasteko modu horri. Madariagak uste du «haurrarekin gozatzea eta haurraren garapena hurbiletik bizitzea» ordaindu ezin den zerbait dela. Mirenek ere balio berezia ematen dio «presente egoteari, haurrekin egoteari, haien interesak jorratzeari, haien beharrak asetzeari». Miren Olatzen ustez, «abantailak dira denak: malgutasuna, erosotasuna, haurraren ezaugarriak errespetatzea, autoestimua indartzea...».

Madariagak ez du sekula arazorik izan haurra etxean hezten duelako. Izan ere, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez da derrigorrezkoa eskolaratzea; Euskal Herriko beste probintzietan, aldiz, legez, ezinbestekoa da haurrak eskolara bidaltzea 6 urtetik 16 urte bitartean. Horregatik dute datuak emateko beldur hori Mirenek eta Miren Olatzek.

Arazoak arazo, hiru familiek haurrak etxean hezteko hautua egin dute, baina argi dute: haurren beharren arabera jardungo dute beti. Hala, inoiz seme-alabek eskolara joateko gogoa badute, beti laguntzeko prest egongo dira; seme-alaben heziketaren eta ikaskuntza prozesuaren bidelagun izango dira beti.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna