Argitu gabeko atentatuak. Jaurlaritzaren txostena

220 atentatu, argitu gabe

Jaurlaritzaren txosten batek dio 1960tik 2014ra ETAk eta talde parapolizialek hildako ehunka biktimen kasuak argitu gabe daudela auzitegietan.GAL eta BVEren atentatuen datu ofizial nahikorik ez egoteak lana zaildu die egileei

220 atentatu, argitu gabe.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Azken mende erdian talde armatuen atentatuetan hildako 220 lagunen kasuak argitu gabe dauden oraindik. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren aginduz aditu talde batek landu duen txostenaren ondorio nagusia. Carlos Fonseca irakaslearen gidaritzapean landutako azterlanaren arabera, argitu gabe dauden atentatu horietatik 197 ETAk egin ditu; hogei, GAL, BVE eta bestelako talde parapolizialek, eta beste hirurak, ez dakite nork egin zituen. Gainera, estatu indarkeriaren biktimen beste 29 kasu argitzeko nahikoa datu ez dagoela dio txostenak.

1960. eta 2014. urteen artean hildakoak eragindako erakunde terroristen atentatuen auzibideari buruzko txostena. Euskal kasua izena du azterlanak. Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak eskatuta egin dute lan hori Fonsecak berak, Enara Garro Zigor Zuzenbideko irakasle eta Kriminologiako lizentziadunak, Jose Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko epaileak eta Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari nagusi ohiak. Dokumentua «aurrerapauso bat da iragana argitzeko», Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak azaldu duenez.Hala ere, aitortu du nekeza izan dela txostena osatzea, gaia «konplexua» denez eta erakundeek eta justizia auzitegiek hildakoen kopuruaren inguruan datu ezberdinak dituztenez, horrek «zaildu» egin duelalako adituen lana.

Txostena egiteko, izaera, jatorri eta zehaztasun askotariko iturriak erabili dituzte, horietan jasotako datuak alderatuta. Nolanahi ere, amnistiatutako eta preskribatutako auzien gaineko datuak falta direnez, argitu gabeko hilketa kopurua ez dela «erabat zehatza» dio txostenak. Hildakoak eragin baina argitu gabe dauden talde armatuen atentatuen kopurua eta kasu horiek auzitegietan duten egoera izan dute aztergai txostenean. Datu «zehatzak» biltzen ditu dokumentuak, besteak beste, biktimen izen-abizenekin zerrenda osatu dute egileek, eta atentatuei buruzko datu kuantitatibo eta kualitatiboak modu grafikoan bildu dituzte. Azterlanetik kanpo utzi dituzte indarkeriari lotutako gertaeretan hil direnenak, hala nola armak erabiliz edota atentatuen biktimei lagunduz izandako istripuetan hildakoak.

Kontzeptu tekniko edo juridikoak erabili dituzte atentatuen auzibideen egoera azaltzeko orduan. Hala, lege esparrura mugatuta, hainbat bereizketa egin dituzte: epaia jaso duten kasuak (epaia emanda daukaten prozedurak dira); amnistiatutakoak (1977ko Amnistia Legeak eragindakoak); preskribatutakoak (delitua egin zenean indarrean zegoen Zigor Kodeak ezarritako denbora igaro ondoren ikerketarik egin ez denean eta delitua preskribatutzat jo denean); largetsitakoak (delitugilea zein den edo non dagoen jakinekoa ez denean artxibatu direnak); berriro irekitakoak; deseginda edo espurgatutakoak (ikerketa eraginkorrik ezin delako egin epaileak sumarioak suntsitzea erabaki duenean) eta Frantziako auzitegiek epaia noiz emango zain daudenak.

Atentatuen egilearen arabera, lau ataletan banatu dituzte biktimak: ETArenak, BVE, Triple A, ATE, ANE, GAE eta kontrolik gabeko taldeenak, GALenak eta egile ezezagunenak. Biktimen kopuruari dagokionez, ETAk eragin du hildako gehien: 849. Kasu horietatik 548k (%64,5) epaia jaso dute eta beste 197 (%23,20) argitu gabe daude. Argitu gabe dauden atentatuen artean, 170 auzitegietan largetsi dira (artxibatzeko modu bat da), 65 amnistiatuta daude, 27 artxibatuta eta zazpi kasu desegin dituzte.

Estatuaren indarkeriari dagokionez, ETAkoak ez diren beste talde armatuen atentatuetan hildakoen egoeraren gaineko datu ofizialen falta «esanguratsua» dela dio azterlanak. Egileek aurkitu duten informazio iturri bakarra Jaurlaritzak landutako estatu indarkeriaren biktimeiburuzko txostena da, eta, horregatik, iturri bibliografikoetara eta prentsara jo behar izan dute datuak biltzeko. Guztira, 41 hildako zenbatu dituzte BVEk eta gainerako talde armatuen eskutik, baina ezin izan dute egiaztatu atentatuen erdiak baino gehiagok auzitegietan duten egoera. Hilketa horietako asko Frantzian izan zirela kontuan hartutik, oso zaila izan da auzibidearen jarraipena egitea, egileek diotenez.

Emandako datuen arabera,GALek, BVEk eta tankera horretako talde armatuek hildako hogei pertsonek gutxienez ez dute auzia argitzeko epairik jaso. Guztira, talde parapolizialek egindako atentatuen %29,4 daude oraindik argitu gabe. Horrez gain, beste 29 hilketaren daturik ez dago, eta oso litekeena da argitu gabe jarraitzea, azterlanaren arabera. Horien artean daude Guerrilleros de Cristo Rey eta DRIL taldeek egindako hainbat atentatu.

Datu ofizialik ez

Txostena lantzerakoan, Espainiako Barne Ministerioak, Auzitegi Nazionalaketa biktimen elkarteek egindako txostenak aztergai izan dituzte adituek. Datuak biltzeko, honako iturriak erabili dituztela jakinarazi dute: Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 2011n egin, eta aurtengo apirilean eguneratutako txostena, 2013an Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak egindakoa, Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak egindako lanak, Eusko Jaurlaritzako Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak egindakoak, eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioak egindakoa.

Azterlan horietan biktimen kopuruak ez datoz bat, eta, hainbat kasutan, atentatuen egilearen inguruko datuak kontrajarriakere badirela nabarmendu du Fonsecak. Hori dela eta, kazetariak aitortu du oso zaila izan dela atentatuetan hildakoen kopuru zehatza jakitea, eta beraz balitekeela argitu gabeko atentatuak gehiago izatea. Gainera, biktimen eta auzibide egoerei buruzko dokumentazioa bilatzeko orduan, hainbat oztopo topatu dituzte txostenaren egileek, hala nola Barne Ministerioak, Terrorismoaren Biktimen Fundazioak eta Auzitegi Nazionalak ez die laguntzarik eskaini azterlana osatzeko. «Desadostasunak zilegi direla jakinik, elkarrekiko aitorpena, konfiantza eta errespetua beharrezkoa dira,interes politikoak eta alderdikoiak alde batera utzita».

Datuen anabasa horren erdian, aditu taldeak ondorioztatu du gutxienez 44biktimaren inguruan ez dagoela nahikoa datu atentatua nork egin zuen jakiteko eta, horregatik, azterlanean «kasu eztabaidagarritzat» jo dituzte, eta argitu gabeko atentatuen ataletik kanpo utzi. Horien artean daude, besteak beste, Begoña Urroz Ibarrola (1960), Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur (1976) etaGerman Agirreren (1975) heriotzaren kasuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.