Atentatua Bartzelona. Erreakzioak

Puigdemont: «Terrorismoa eta basakeria makurraraziko ditu demokraziak»

Kataluniako presidenteak eta Colauk nabarmendu dute hiriak «irekia eta baketsua» izaten jarraituko duela. Hiru dolu egun ezarri dituzte

Junqueras, Puigdemont eta Colau, kabinete krisiaren ondoren egindako agerraldian. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Carles Puigdemontek demokraziaren eta Kataluniaren aldarria egin zuen, behin erasoaren ondoren deitutako kabinete krisia bukatu eta gero. «Edonon gertatzen dela ere, demokraziak basakeria eta terrorismoa makurraraziko ditu», adierazi zuen Kataluniako presidenteak, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordearekin eta Ada Colau Bartzelonako alkatearekin egindako agerraldi bateratuan. Mundu guztitik heldutako elkartasun keinuak eskertu zituen, babesa eman larrialdi taldeei eta segurtasun taldeei, eta ondokoa gaineratu: «Katalunia lurralde baketsua izan da beti, harrera ona egiten duena, eta ez gaituzte menderatuko». Soilik katalanez hitz egin zuen.

Baita Ada Colau Bartzelonako alkateak ere, nabarmen hunkituta. Gogoratu zuen erasoa gertatu zen tokian minutu bateko isilunean deituta dagoela gaurko (12:00). «Adierazteko ez dugula beldurrik basakeriaren aurrean, eta beldurra sorrarazteko intentzioarekin atentatua egin duten koldarrei, demokraziaren defentsan batuta gaudela erakusteko». Colauk, gainera, hiriaren «espiritua» goratu zuen: «Bartzelona hiri baketsu bat izan da beti, eta hala jarraituko du: munduari irekia, bere dibertsitateaz harro». Kataluniako Gobernuak hiru dolu egun ezarri ditu.

Bestetik, EIk atentatua bere gain hartu zuela jakinarazi aurretik, Espainiako Batzorde Islamikoak erasoa kondenatu zuen, eta konpromisoa azaldu «edozein motatako terrorismoaren kontra borrokatzeko».

Trias: «Ulergaitza da»

Xavier Trias 2011 eta 2015 artean Bartzelonako alkatea izan zenak adierazi zuen arratsalde «tristea» izan zela, eta «lotsagarria» ekintza: «Badaude gauza batzuk ulergaitzak direnak: pertsona batzuek, ez dakit zeren izenean, nola eragiten duten hainbeste min». Alfred Bosch Bartzelonako Udaleko ERC Esquerra Republicanako bozeramailea, bere aldetik, jota zegoen ordu batzuk geroago: «Zure hirian gertatzen direnean, oso zaila da gisa honetako ekintzak jasatea».

Atentatua gertatu eta gero, Espainiako alderdi politiko nagusiek jakinarazi zuten gaurko programatuta zeuzkaten ekitaldiak bertan behera utziko zituztela. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea mintzatu zen: «Terroristek inoiz ez dute mendean hartuko basakeria beharrean askatasuna maite duen eta batuta dagoen herri bat». Madrilek ordezkaritza bat bat bidali zuen Bartzelonara, eta iluntzean hara jo zuten Rajoyk, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak eta Juan Ignacio Zoido Barne ministroak. Oposizioko alderdietako buruak ere berehala mintzatu ziren gertatutakoaz, Twitter bidez. Pablo Iglesias (Podemos): «Tots amb Barcelona! (Denok Bartzelonarekin!)». Pedro Sanchez (PSOE): «Gure elkartasun guztia biktimei eta babesa agintariei». Albert Rivera (Ciudadanos): «Bartzelonatik iristen zaizkigun albisteengatik jota. Gure sostengu guztia larrialdi eta segurtasun taldeei».

Donald Trump AEBetako presidenteak txio batean azaldu zuen bere iritzia: «Bartzelonan, Espainian, gertatutako eraso terrorista kondenatzen dute AEBek, eta edozer egingo dute laguntzeagatik. Izan indartsuak. Maite zaituztegu!». Zabalago mintzatu zen Rex Tillerson Estatu idazkaria: «Mundu guztiko terroristek jakin beharko lukete AEBek eta gure aliatuek deliberatu dugula [egileak] haiek topatzea, justiziaren aurrera eramatea». AEBetako segurtasun agentziak «laguntzeko prest» daudela gaineratu zuen, eta Bartzelonan edo inguruan dauden estatubatuarrei eskatu zien haien gertukoei jakinarazteko ondo daudela.

Europaren elkartasuna

AEBetan bezala, Europako zenbait herrialdetan pairatu izan dituzte gisa horretako erasoak, eta Bartzelonari elkartasuna adierazi zioten. «Bartzelonan eraso izugarri bat jasan duten biktimak gogoan dauzkat. Erresuma Batua Espainiaren alboan dago terrorismoaren kontrako borrokan!», idatzi zuen Theresa May lehen ministroak, Twitterren. Alemaniko Gobernuko bozeramaile Steffen Seibertek esan zuen «oso tristea» zeudela, eraso «nardagarria» zela eta. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak «Bartzelonaren ondoan» daudela idatzi zuen txio batean. Vladimir Putin Errusiako presidenteak atentatua kondenatu zuen, eta nazioarteren batasuna exijitu, «terrorearen kontrako indarren aurka borrokatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.