Kataluniako hauteskundeak. Erreakzioak

Unionismoa indartuta ikusi du Ciutadansek bere garaipenarekin

Arrimadasek nabarmendu du independentistek «botoak, jarlekuak eta indarra» galdu dituztela. PPren ustez, garaipenaren pozak «bortz minutu» iraunen dio Ciutadansi

Albert Rivera eta Ines Arrimadas Ciutadanseko buruak emaitzak ospatzen, atzo, Bartzelonan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainan anitz zabaldu den ideia izan da parte hartze handi batek mesede gehien alderdi unionistei eginen ziela, abstentzio diferentziala erran zaionarengatik. Horren arabera, Kataluniako herritarren zati batek ez du botorik ematen Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan, baina bai, ordea, Espainiako Kongresurakoetan. Gehienbat hiriguneetan bizi dira herritar horiek, hortaz, nortasun nazional espainiarrekotzat jotzen dira. Herritar horiek Kataluniako hauteskundeetan abstentziotik ateraz gero, nagusiki alderdi unionistei emanen liekete botoa, teorian. 2015eko bozek zalantzan paratu zuten hori, inoiz baino parte hartze handiagoarekin (%75) independentistek gehiengo osoa lortu baitzuten. Atzokoan marka guztiak hautsi zituen parte hartzeak (%82), baina abstentzio diferentzialaren teoria berriz ere zalantzan gelditu zen, independentistek gehiengo osoa lortu baitzuten berriz. Hala ere, Ciutadansen erauntsiak ahozapore gozoa utzi dio unionismoari.

CIUTADANS

«Gehiengo soziala Espainian gelditzearen alde dago»

Besta giroa nagusi zen Bartzelonako Catalonia hotelean eta Espainia plazako Maria Cristina etorbidean, Ciutadansek ospakizunetarako aukeratutako tokian. 23:00tarako iragarri zuten agerraldia Ines Arrimadas hautagaiak eta Albert Rivera alderdiko buruak, baina ia gauerdia zela atera ziren jendaurrera. «Independentistek botoak, jarlekuak eta indarra galdu dituzte hauteskunde hauetan», poztu zen Arrimadas. «Duela 11 urte ohartarazi genuen Katalunian zer gertatuko zen», erran zuen, independentismoaren hazkundeari buruz. Ondorio argia atera zuen Arrimadasek: «Kataluniako gehiengo soziala Espainian eta Europan gelditzearen alde dago».

Alderdiaren hazkundea erabatekoa izan da. 2006an aurkeztu zen lehenbiziko aldiz Kataluniako hauteskundeetara, eta hiru parlamentari irabazi zituen, botoen %3rekin. 2010ean emaitza berdintsua lortu zuen, eta 2012an hazi zen lehenbizikoz: botoen %7,5, eta bederatzi parlamentari. 2014tik aitzinera, prozesu independentista azkartu zenean, Ciutadansek alderdi unionista tradizionalei gain hartu, eta erreferentzia espainolista nagusia bihurtu zen. 2015eko hauteskundeek berretsi zuten hori: Junts Pel Si koalizio independentistaren gibeletik bigarren indarra izan zen, botoen %18rekin eta 25 parlamentarirekin. Joera hori erabat berretsi zen atzo.

PSC

«Gobernuak egungo legediaren markoan jardun beharko du»

«Ez dira nahi genituen emaitzak. Ez dugu lortu independentismoari alternatiba bat eratzea, ezta alternatiba hori zuzentzea ere», adierazi zuen Miquel Iceta PSCko hautagaiak atzo arratsean. Dena den, independentismoaren gehiengoak «ñabardurak» dituela uste du Icetak, jarleku batzuk galdu dituelako, eta ez duelako botoen gehiengoa lortu. Bertze alderdiei elkarlanerako deia egin die —Kataluniarentzat finantzaketa sistema berezia lortzeko proposamena berretsi du—, eta ohartarazpen bat egin du. «Gobernuak egungo legediaren markoan jardun beharko du».

1999tik jasan duen gainbehera etengabea zertxobait leundu du PSCk. 1999an, Pasqual Maragall lehenbiziko aldiz hautagai aurkeztu zutenean, botoen %38 lortu zituen PSCk, eta 52 parlamentari —bototan, lehenbiziko indarra izan zen—. Marka historikoa izan zen. 2015ekoetan ere bertze marka historiko bat egin zuen, baina gutxienekoan: botoen %12,7 eta 16 parlamentari.

EN COMU PODEM

«Nola liteke herrialde ezkertiar batean eskuinak irabaztea?»

Kataluniak Espainiaren zati izan behar duela defendatzen badu ere, En Comu Podemek bere burua ez du unionismoaren barrenean kokatzen, bertzeak bertze, Madrilekin adostuta erreferendum bat egitea defendatzen duelako, eta 155. artikulua aplikatzearen aurka dagoelako. Jarrera horrek ez zuen saririk lortu atzo. «Autokritika» egiteko beharra dutela erran zuen Xavier Domenech hautagaiak, baina Kataluniako ezker osoari eta «progresismoari» egin zion eskakizun bera. «Nola liteke herrialde ezkertiar eta aurrerakoi batean eskuinak hainbertze boto lortzea?». Rosa Cañadell En Comu Podemen koordinadorako kide eta hautagaiak ere mezu berbera eman zuen:«Eskuina ezarri zaigu boterean. Hangoa eta hemengoa», adierazi zuen koalizioak Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean hauteskunde arratsa jarraitzeko ezarri zuen egoitzan. Ospakizunik batere, eta giro ezkorra nagusitu zen comukoen artean.

Barcelona En Comuren babesa gehituta, Catalunya Si Que Es Poten oinordekotza hartuko du En Comu Podemek Kataluniako Parlamentuan. Aitzindariaren aldean, ordea, emaitza apalagoa izan du —11 parlamentari irabazi zituen Catalunya Si Que Es Potek, botoen %9rekin—. En Comu Podemen zati den ICV-EUiA koalizioak 2012an botoen %10 lortu zituen, eta 13 parlamentari.

PP

«Independentismoaren gehiengo osoak kezkatzen gaitu»

PP, Espainiako Gobernutik Kataluniako prozesu independentistaren aurkako errepresioa eta autonomia kentzeko 155. artikulua zuzendu dituen alderdia, gutxieneko historikoan gelditu zen atzo. 2003 eta 2012 artean botoen %10 eta %13 artean mantentzea lortu zuen, baina 2015ean, Xavier Garcia Albiol lehenbizikoz hautagai aurkeztu zutenean jaitsiera nabarmena izan zuen —botoen %13tik %8,5era; 19 parlamentaritatik 11ra—, eta atzo guztiz berretsi zen beherakada. «Gauzak diren bezala esango ditut: emaitza txarra da, eta ezin gara harro sentitu», adierazi zuen Garcia Albiolek. Ciutadans zoriondu zuen, baina ospakizunek «bortz minutu» iraunen zutela erran zuen, unionistek ezin izan dutela «alternatiba bat» osatu. «Independentismoaren gehiengo osoak kezkatzen gaitu». PPk Katalunian egin duen «pedagogia» ez da nahikoa izan. Talde mistora pasatuko da PP, CUPekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.