Jaurlaritzak «elkarrizketa prozesu bat» abiatuko du 'Herenegun' programaz

Jonan Fernandezek azaldu du hezkuntza materialari eginiko 31 alegazio jaso dituztela. Horiek aurkeztu dituztenekin hitz egingo dute ekarpenak biltzeko

Fernandez, Ezenarro eta Alonso, joan den azaroan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jon olano
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak iazko urrian aurkeztu zuen Herenegun programaren edukien proposamena, 1960tik aurrerako gertaerak azaltzeko hezkuntza egitasmoa. Maite Alonso Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak eman zituzten azalpenak duela hiru hilabete eta erdi egindako agerraldi hartan, eta hiru horiexek irten ziren atzo prentsaren aurrera, Bilbon, aurpegi serioagoarekin. Izan ere, eztabaida politiko handia piztu du programak. EAJk ez beste talde politiko guztiek eskatu zuten aldatzeko, eta, egoera ikusita, programa gelditzea erabaki du gobernuak.

Geldialdi horretan, «elkarrizketa prozesu bat» abiatuko du Jaurlaritzak materialari ekarpenak egin dizkioten erakunde eta pertsonekin, atzoko agerraldian azaldu zutenez. Gaur bertan ekingo diote prozesu horri, «zuhurtasunez, denborarekin eta baretasunarekin», iradokizun «gehienak» barneratzeko «borondatearekin». Asmoa da proiektu aitzindaria, apirilean hastekoa zena, 2019-2020ko ikasturtean abiatzea. Izan ere, hilabeteotan 31 alegazio jaso dituzte: zazpik eskatu dute materiala erretiratzeko, beste zazpik nahi dute edukia «sakonetik» berritzea, eta beste hamaseik egokitzat jo dute. «Euskadiko unibertsitate eta hezkuntza erakunde nagusiek ontzat hartzen dute materiala, eta hobetzeko proposamen puntualak egin dituzte», Fernandezek azaldu zuenez.

Edonola ere, ekarpenak «ikuspegien pluraltasunaren isla bat» direla azpimarratu zuen Alonsok, eta gaineratu Jaurlaritzak «elkarrizketarekin, denborarekin eta harmenarekin» kudeatuko duela gaia. Era berean, funtsezkotzat jo du «hezkuntzaren helburua eta bizikidetza aurretik jartzea, ekarpenek biltzen dituzten iritzi desberdinak ebatzi ahal izateko».

Fernandezek ahotan izan zuen programaren inguruan sortutako kalapita ere: «Eztabaida lehenaldiari buruz dugun ikuspegiari buruzko aukera sortzaile eta konstruktibo baten gisan har daiteke». Hala ere, bi «muga etiko» ekarri zituen gogora: «Ezin da onartu terrorismoaren eta indarkeriaren inolako legitimazio modurik. Eta ezin da baztertu edo ezkutatu gertaera bakar bat ere, azken 60 urte hauetan giza eskubideen edo bizitzarako eskubidearen eraso larri bat izan bada».

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak gaur du bilera, eta Eusko Jaurlaritzak bertara eramango du Elkarrizketarako proposamena Herenegun material didaktikorako jasotako ekarpenen inguruan izeneko dokumentu bat. Horrekin ekingo diote elkarrizketa prozesuari.

EH Bildu, zuhur

Jaurlaritzaren asmoen inguruan zuhur mintzatu zen atzo Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea. Fernandezek, Alonsok eta Ezenarrok agerraldia egin baino lehen, Arzuagak azaldu zuen Herenegun-en gisako proiektu batek «babes politiko handia» behar duela, eta EAJk ez zuela bilatu, ezta aurkitu ere: «Bere kontakizuna kontatu nahi zigun guztiona balitz bezala». Hortaz, esan zuen indar subiranista «erne» egongo dela: «Gure beldurra da orain, datarik gabe, egitateen indarrez Herenegun operatibo bat sartuko diguten».

PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek azaldu zuen Herenegun programaren lehentasuna «terrorismoaren deslegitimazioa» izan behar duela. «Gazteek jakin dezaten Euskadin jendea hil zutela ezberdin pentsatzeagatik».

Lander Martinez Ahal Dugu-ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusia, berriz, ados azaldu zen prozesua atzeratzearekin, beharrezkotzat jo baitu arlo horretan adostasunez jardutea.

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak, berriz, eskatu zuen hezkuntza programak belaunaldi berriei transmiti diezaiela «ETAren inposaketa terrorista». Horrez gain, nahi du materialean «espaziorik» ez ematea ETAren indarkeria «gaitzesten ez dutenei» eta «biktimen elkarteen gehiengoaren ikuskera» jasotzea.

Izan ere, Covitek eta ETAren indarkeriaren biktimen beste elkarte batzuek Herenegun deitoratu zuten, baina hura babestu zuten hezkuntza programetan parte hartzen ari diren hemezortzi biktimak. Bestalde, Egiari Zor fundazioa ere kritiko agertu zen egitasmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.