Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Confebaskentzat, «premiazkoagoa» da hondakinak nora eraman erabakitzea

Zubiaurre patronaleko presidenteak Arriola sailburuari erantzun dio hori dela lehentasuna, bestela enpresen jarduna «eten» egingo dela

Eduardo Zubiaurre, erdian, Confebasken kontseilu orokorreko bileran, joan den uztailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 SM zabortegian gertatutako ezbeharretik hiru aste igaro diren honetan, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak planteatu zuen, herenegun, hondakinei «disuasio zerga bat» ezartzea. Bilbon adierazi zuenez, enpresek modu «gardenean eta argian» integratu behar dute hondakinen kudeaketa «ekoizpen kostuen» barruan. Eduardo Zubiaurre Confebask patronaleko presidenteak atzo erantzun zion «premiazkoagoa» dela hondakin industrialak nora eraman erabakitzea. Bestela «herrialdeko» enpresen jarduna «eten» egingo dela nabarmendu zuen Bilbon, Cebek Bizkaiko patronalak antolatutako hitzaldi baten ondoren kazetariei egindako adierazpenetan.

Zubiaurreren esanetan, Arriolaren proposamena «aztertuko» dute, eta nabarmendu zuen oraingoz «ideiaren» berri besterik ez dutela. Hori bai, ziurtatu zuen aurren-aurrenik jakin behar dela zein den «herrialdearen errealitate industriala, eta zer behar duen». Gainera, Arriolari ohartarazi zion sortzen diren hondakin industrialei irtenbide bat emateko «luze gabeko konponbideak» behar direla, hasteko.

Patronaleko presidentearen iritziz, enpresak «arduratuta» daude Zaldibarren gertatutakoren ondoren, ezin baitituzte Verter Recycling 2002 SM zabortegira eraman hondakinak. «Jardun industrialak egunero eragiten ditu hondakinak, eta horri irtenbide bat eman behar zaio». Zubiaurreren hitzetan «arazo gero eta handiagoa» da hori.

Arriolak herenegun adierazi zuenez, Zaldibarren gertatutako «desastreak» balio beharko luke «gogoeta sakona» egiteko «Euskadin sortu behar den ekonomia zirkularreko ereduari buruz».

'Zerga berdea'

Dena den, Eusko Jaurlaritzak aspalditik dauka mahai gainean Ingurumen sailburuak Basque Ecodesign Meeting kongresuan proposatutakoa; izan ere, 2003an, EA Eusko Alkartasunak zeukanean sail horren ardura —Joseba Azkarraga zen sailburua— zerga berde hori aipatu zuen Hondakin Arriskutsuen Kudeaketarako 2003-2006 Planean. Horretan jaso zuen «zerga molde berri bat» ezarri behar zela hondakinak zabortegietara eramaten zituztenak zergapetzeko, eta hondakinak botatzen zituztenei «pizgarria kentzeko».

Baina ez zuen aurrera egin, ez orduan, ezta hurrengo legegintzaldietan ere —PSEk eta EAJk ere izan dute sail horren ardura—, nahiz eta denek agertu duten intentzio hori.

Horren harira mintzatu zen atzo Jose Ramon Becerra, azken legegintzaldian Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea izan dena. Twitterren idatzi zuenez, Arriolak planteatutakoaren «antzeko neurri» bat proposatu zuen Eusko Legebiltzarrean 2017ko martxoan, ekonomia zirkularri buruzko mozio baten barruan. «Zer erantzun zuen gobernuak EAJren eta PSEren bozeramaileen ahotik? Ez zela beharrekoa», gogoratu zuen.

Nafarroan badago gisa horretako neurri bat hondakinen planean, eta aurreko legegintzaldian onartutako Hondakinen Foru Legean. Katalunia, bestalde, aitzindaria izan zen Espainiako Estatuan, hondakin industrialak botatzen dituztenei kanon bat jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.