Koronabirusa

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.226 kutsatu

Igandetik astelehenera 50 pertsona hil dira, egun bakarrean inoiz izandako heriotza gehien. Beste 452 pertsonari atzeman diete birusa

Bi anbulantzia, Donostia ospitaleko larrialdietako sarreran. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Koronabirus kasuak 8.226ra iritsi dira Euskal Herrian, nahiz eta aurreko egunetan baino mantsoago hazten ari diren. Orotara, 452 kasu gehiago atzeman dituzte, larunbatetik igandera baino 334 kasu berri gutxiago. Hildakoei dagokienez, beste 50 pertsona hil dira, orain arte egun batean izan den kopururik handiena. Ospitaleko sendagiri kopuruek erakusten dute eguneko zenbakirik positiboena. Hain zuzen, 1.807 pertsonak jaso dute ziurtagiria; horrenbestez, bezperan baino 279 pertsona gehiago daude sendatuta.

Zenbakiei lurraldez lurralde begiratuta, Bizkaian dago kasurikgehien (2.937), eta ospitalean daude horietako 1.233. Kutsaturik gehien duen hurrengo lurraldea Nafarroa da (2.146), eta horietatik 955 daude ospitalean. Araban, berriz, 2.049 pertsona daude birusak jota, eta 376 ospitaleratu behar izan dituzte. Gipuzkoan kopuruak txikiagoak dira: 1.071 gaixo daude, eta horietako 357 ospitalean. Ipar Euskal Herriko zenbaki zehatzak jakitea zaila da, Akitania Berriko datuak ematen dituztelako. Hala ere, 21 pertsona egon dira Baionako ospitalean eta zuberotar bat dago Pauekoan (Okzitania). Azken 24 orduetako kasu berriei erreparatuz, Bizkaian agertu dira gehien (+161), eta gutxiago Nafarroan (+135), Araban (+102) eta Gipuzkoan (+54).

Heriotza berrien kopurua da atzoko zenbakirik ezkorrena; izan ere, beste 50 pertsona hil dira, egun bakarrean inoiz erregistratutako daturik altuena. Orotara, koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian. Lurraldeei erreparatuz, 133 pertsona hil dira Bizkaian, 123 Araban, 102 Nafarroan, 41 Gipuzkoaneta bat Zuberoan.

Zerbitzuen berrantolaketa

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo egindako prentsaurrekoan iragarri zuen aurrerantzean euren ohiko osasun etxera deitu beharko dutela COVID-19aren sintomak dituztenek. Beharrezkoa balitz, handik bideratutako dituzte erreferentziazko zentroetara. Lehen arreta ematen duten osasun etxeak berrantolatu egin dituztela azaldu zuen Murgak. Hemendik aurrera,beharrezkoa dela ikusiz gero, sintomak dituztenak erreferentziazko osasun etxe zehatz batzuetara bideratuko dituzte. «Berrantolaketa horrek dakarrena da kontsultategi periferiko gehienak aldi baterako itxi behar izatea». Horietan aritzen ziren profesionalak eremu bakoitzeko zentroetara joango dira laguntzera.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua ere egon zen atzoko agerraldian. Jakinarazi zuen Jaurlaritzak agiri bat prestatuko duela funtsezkotzat jotako lanak egiteagatik mugikortasuna egiaztatu behar duten langileentzat.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak ere hitz egin zuten. Osasun sistema osoaren «moldaketa azkarra» nabarmendu zuen Indurainek, eta azaldu hotelak berregokitu direla, bat Iruña Park. Txibite osasun materialaz mintzatu zen. Esan zuen «merkatu nahasia» dela ekipamenduen erosketa ere, eta «autohornikuntzaren alde» egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.