Koronabirusa

Zenbaki larriak utzi arren, gaitza «egonkortzen» ari da, osasun arduradunen ustez

10.000 pertsona baino gehiago kutsatu eta 555 hil dira Euskal Herrian, baina positibo berrien kopurua apaltzen hasi da azken egunotan

Hego Euskal Herrian, 316 pertsona daude ZIUn. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Etenik gabe hazten ari dira COVID-19arekin lotutako zifrak: 10.000 kutsaturen langa gainditu zuen atzo gaitzak Euskal Herrian, eta 555 pertsona hil ditu. Hala ere, birusaren zabalpenari begira, baikor antzean agertzen hasiak dira osasun arduradunak. Epidemia «egonkortze fasean» dela adierazi dute Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko eledunek, baina ohartarazi dute datozen egunotako zenbakiak ez direla onak izango.

Erakundeek atzo emandako datuen arabera, 55 pertsona zendu dira azken orduetan koronabirusaren ondorioz. Egunean hildakoen zifra handienetako bat da; asteazkenean izan zen daturik latzena: 61 hildakoren berri eman zuten. Heriotza horiek duela aste batzuk kutsatutako pertsonenak direla nabarmendu dute instituzioek, konfinamenduaren eragina aurki nabarituko delakoan.

Izan ere, beste datu batzuek arnasa eman dute: COVID-19an positibo ematen dutenen gorakada egonkortzen ari da. 664 kasu berri izan ziren atzo, eta azken astean 700dik gora izan dira egunean, nahiz eta astelehen eta asteartean 500 baino gutxiago zenbatu zituzten. Nafarroan, bosgarren egunez, %10 baino gutxiago handitu da kutsatuen kopurua. «Espero dugu datozen egunetan joera hori berresteko moduan izatea», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Zuhurtziaz mintzatu da Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua ere. Ohartarazi du hildakoen kopuruak gora jarraituko duela datozen egunotan, eta gainerako datuak ere oso gorabeheratsuak izan daitezkeela: «Ezin da bermatu kutsatzeak ez direnik areagotuko, konfinamenduan egon arren. Zifrak oso aldakorrak izango dira, zerra hortzen modukoak». Dena den, Jaurlaritzako Osasun Planifikaziorako zuzendari Mikel Sanchezek gaineratu du ospitaleratzeetako eta ZIUetako zifretan ere antzeman daitekeela egonkortze hori: «Joan den astean, igoera etengabea zen, eta azkarragoa». Azken egunotako zenbakiei begira, gaitza «euste fasean» dagoela ondorioztatu du.

Probarik «fidagarrienak»

Kutsatuen igoera probekin lotuta dago, neurri handi batean. Jaurlaritzak 18.200 egin zituen atzo arte —herenegun, esaterako, 1.400 egin zituen—, eta Nafarroako Gobernuak, 7.000 inguru, egunean 400 eta 500 artean. Murgak azaldu du martxoaren 29tik egindako hamar probatik hiru positibo izan direla, eta zazpi negatibo; «esanguratsutzat» hartu du proportzio hori: «Aurreko asteetan, positiboen portzentajea %60ra iritsi izan da».

Era berean, berretsi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR probak erabiltzen ari direla, horiek direlako «fidagarrienak»; izan ere, proba azkarrak ez dira hain eraginkorrak birusa hastapenetan detektatzeko. «Proba masiboak esperimentazio fasean daude oraindik». Arnasgailuei dagokienez, argitu du Jaurlaritzak 150 tresna erosi zizkiola Txinari duela aste batzuk, baina ez direla iritsi, «aduanetako arazoengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.