Karlos Apeztegia espetxean sartu dute, «ETA erakunde terroristako» kide delakoan

Delitu horrek zigor «larria» duenez, epaileak uste du «ihes egiteko arriskua» duela. Mobilizazioak egin dituzte espetxeratzea salatzeko
Atzo iluntzean Hernanin egindako manifestazioa.
Atzo iluntzean Hernanin egindako manifestazioa. GORKA RUBIO / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko urriak 18
Atzo igaro zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik Karlos Apeztegia euskal preso ohia, eta hura bermerik gabe behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen Diego de Egea epaileak. «ETA erakunde terroristako kide» izatea egotzi dio epaileak Apeztegiari, eta, delitu horrek zigor «larria» duenez, epaileak uste du «ihes egiteko arriskua» dagoela; horregatik erabaki du Apeztegia espetxera bidaltzea. Epailearen arabera, Apeztegiak Malagako espetxeko zuzendariari buruzko informazioa helarazi zion ETAri, eta proposatu zuen ACAIP espetxe funtzionarioen sindikatuko egoitzari eraso egitea, funtzionarioek beste preso batzuk jipoitu zituztelako.

Herenegun eguerdian atxilotu zuen Guardia Zibilak Apeztegia, Hernanin (Gipuzkoa). Herri horretan du egoitza Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak, eta bertan egiten du lan Apeztegiak. Beharretik ateratzean joan zitzaizkion bi polizia, eta atxilo eraman zuten. Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten aurrena, eta, handik, Madrilera.

Espainiako Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi zuenez, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta atxilotu zuten Apeztegia, larrigarritzat jota delitua «berriro» egin izana. 2016an hasi ziren ETAren argitu gabeko atentatuak ikertzen, eta, gobernuaren arabera, ikerketa horietan jakin zuten Apeztegiak, 2002. urtean, Puertoko espetxean preso zegoela, «komunikazio kanal egonkor eta seguru bat» eratu zuela ETAren zuzendaritzarekin. Kanal horren bitartez, hainbat funtzionariori buruzko informazioa helarazi zion ETAren zuzendaritzari, horien aurkako erasoak presta zitzaten, Barne Ministerioaren arabera, betiere. Auzitegi Nazionalaren 3. Instrukzio Salak agindu zuen operazioa, eta Lenteak izena jarri diote.

Informazio hori 2003an konfiskatu zuten Frantzian, Saintesen eginiko operazio batean. Frantziako Gobernuak Espainiakoari ETAren aurkako jardunaz emandako dokumentazioaren artean zegoen ustez Apeztegiaren aurka jotzeko baliatu duten agiria.

Apeztegiak 21 urteko espetxe zigorra bete zuen, eta 2013ko maiatzean askatu zuten. Bezperan bezala, atzo iluntzean ere batzar informatiboak eta manifestazioak egin zituzten, besteak beste Hernanin, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Iruñeko Donibane auzoan.

Etxerat-en «elkartasuna»

Etxerat elkarteak «animoa eta elkartasuna» adierazi die Apeztegiaren senideei: «Ustekabean eta atsekabez jaso ditugu Karlos Apeztegiaren atxiloketa eta espetxean sartzeko agindua. Karlos Apeztegiak Etxerat elkartean egiten du lana, Frantziako Estatuan dauden euskal presoen senideei ematen diogun laguntza tekniko eta humanoaren barnean, hain justu». Halaber, «gatazkaren ondorioen konponbidean eta bakearen alde gure elkartearen barnean Karlos Apeztegiak egiten duen ekarpena» azpimarratu du Etxerat-ek.

Sarek ere atxiloketaren eta espetxearen aurkako arbuioa adierazi du. «Ulergaitza» iruditzen zaio: «Atzera garamatza. Urteetako sufrimendua amaitzeko une historiko baten aurrean gauden honetan, aurreko egoera bortitza mantendu eta hain beharrezkoa dugun elkarbizitza egoera bat zapuzteko ekintza gisa baino ezin ulertu genezake Apeztegia espetxeratzea».

Espainiako Gobernuari eskaera egin dio: aurreko gobernuak «hasitako mendekuan oinarritutako politikarekin ez jarraitzeko». Sareren iritziz, «jendartearen gehiengoaren behar eta nahiei erantzuteko ordua» da, «ausardiaz jokatzeko» garaia «bakearen eta elkarbizitzaren alde». Atxilotzea eta espetxeratzea, ordea, «norabide horren aurka» doala uste du.

Sortuk, bestalde, nabarmendu du «bakean eta bizikidetzan sakontzeko garaia» dela, «ez sufrimendua hauspotzekoa». «Edozein oztopo jartzeko kapaz dira oraindik ere, Euskal Herriari eta Kataluniari beren etorkizuna bakean eraikitzen ez uzteko. Hori ez da demokrazia. Utz gaitzazue bakean».

LABek ere salatu du atxiloketa eta espetxeratzea: «Euskal presoen kontrako mendeku grina ez da amaitu». AEMk ere egin du salaketa, eta zera nabarmendu: «Amnistia osoa gauzatu ezean, preso politiko gehiago sortzeko arriskua egongo da beti».