Iparraldeko gizarte arloko langileak «presiopean» ari direla salatu du LABek

«Alarma piztu» du berriz sindikatuak: sektorean gero eta baliabide gutxiago dituztela esan du, eta neurriak eskatu dizkie erakundeei

LABeko ordezkariak eta langileak, atzoko agerraldian. GUIILAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
«Baliabide gutxiagorekin, lan gehiago». Hori da osasun eta gizarte arloetako langileek Ipar Euskal Herrian «pairatzen» duten egoera. LAB sindikatuarekin batera agertu ziren atzo sektore horietako profesionalak, Frantziako Gobernuari, Pirinio Atlantikoetako Departamentuari eta Euskal Elkargoari «alarma piztua» dela adierazteko asmoz. «Sektore horietan lanean ari direnen prekaritatea geroz eta handiagoa da, eta presioa, geroz eta bortitzagoa. Adibidez, oporretara doazen ala eri geldialdian diren langileak ez dira ordezkatuak», azaldu zuen Argitxu Dufau LAB sindikatuko ordezkariak. Hori ikusirik, egitura publiko zein pribatuetako langileek bat egitea erabaki dute.

Finantzamendu iturrien beherakadaren eta zuzendaritza aldaketen ondoriotzat du LABek egoera hori. Idatziriko gutunean, langileek deitoratu dute «baliabide falta ikaragarrien ondorioz higatuak» direla, eta, beraz, zerbitzuak behar dituzten pertsonak «arriskuan ezartzen» dituztela. Lankide anitz depresioan ala «errearen sindromearekin» daudela oroitarazi du Dufauk.

Ondorio bikoitzak

Alexia zailtasunetan dauden gazteekin ari da lanean —ez du abizenik eman—. Lan egiten duen egiturak geroz eta lan administratibo gehiago egitea eskatzen dio. Horrek eragiten du gazteekin denbora gutxiago pasatzea eta lana «presaka» egitera behartua egotea. «Laguntzen ditugun pertsonek gure beharra dute, eta, laguntzeko, guk ere baldintza onenetan izan behar dugu», azpimarratu du. Gainera, diruztatzen dituzten erakundeen «etengabeko kontrola» salatu du. Segitzen dituen gazteengan ondorioak baditu, haren ustez: «Dispositiboak etengabe aldatzen dira, eta gazte horiek ez dute ulertzen zergatik. Segurtasun falta eragiten du horrek, eta gazteek segurtasuna behar dute».

«Kudeaketa finantzario eta larderiatsuen» aurka ere agertu da Dufau. Hain zuzen ere, salatu du «egiazko beharrak» kontuan hartu gabe ari direla erakundeak, eta departamentuari eskatu dio bere eginkizuna bete dezala, harena baita sektorearen eskumena. «Politika sozial eta solidario» baten aldeko apustua egin nahi du LABek.

Ez da sindikatuak halako mezu bat eman duen lehen aldia. Duela hiru urte ere «alarma jo» zuten sektorean, baina egoera «ez da hobetu», izen-abizenik eman ez duen langile batek adierazi duenez. «Diruaren politikan» oinarritutako lana egitera «behartuak daudela» salatu du. Adibide bat jarri du: zahar etxeetan dauden adinekoak garbitzean, kronometratuak dira langileak; zazpi minutu baizik ez dituzte eginkizun hori betetzeko. Egoera horrek langileen «erruduntasuna» ere eragiten du, haren ustez.

Datozen erreformekin, adi

Datorren irailean abiatuko den erreforma berriaren inguruan zalantzak dituztela aitortu du Dufauk. Haurren laguntzari dedikatuko zaizkion neurriak ezarri nahi ditu plantan gobernuak, baina «Macronen gobernuak zer bide hartu duen ikusirik, hurbiletik begiratu beharko diogu erreforma berriari, eta adi egon beharko dugu» .

LABek batzera deitu ditu egoera «latz» horietan dauden langileak. Bakoitza «bere enpresan ala egituran antolatzeko» deia zabaldu du. Ekainean abiatutako mobilizazioek aitzinera segituko dutela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.