Koronabirus

Goranzko joera ez da eten: 807 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Urkulluk «kezka» du hazkundearekin, eta «ez du zalantza izango» behar diren neurriak hartzeko. Iparraldean, murrizketa gehiago bihartik

Lazkaoko (Gipuzkoa) baheketa masiboa, martxoaren amaieran. JON URBE / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Jon O.Urain - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Positiboen kurba goranzko joerari eusten ari zaio martxoaren 11z geroztik. 12.278 PCR proba eta antigeno test egin zituzten herenegun Hego Euskal Herrian, eta 807 positibo atzeman zituzten, aurreko egunean baino hamabost gehiago. Positiboen portzentajea, berriz, %6,57 da.

Lurraldeetako egoerari dagokionez, Bizkaian detektatu zituzten positibo gehienak: 302. Gipuzkoan, 239; Nafarroan, 164; eta Araban, 99. Gainontzeko hiru kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak izan ziren, Jaurlaritzaren arabera.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «kezka» azaldu zuen joera hori eta neurri murriztaileen betetze maila dela eta. Haren arabera, datu epidemiologikoek adierazten dute pandemia «etengabe hazten» ari dela; beraz, erantsi zuen «ez duela zalantzarik izango» izurriaren hazkundea eteteko «beharrezko neurriak» hartzeko. Indarrean dauden neurriez ere jardun zuen, eta azpimarratu zuen hartu dituzten horiek «soilik osasun irizpideetan oinarrituta» daudela, baina «arriskuak hartu» dituztela, oreka bat lortzeko «osasunaren, arlo emozionalaren eta ekonomiaren artean».

Erietxeetan herenegun beste 77 ospitaleratze egon ziren, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 110 pertsona daude. Jaurlaritzak ez du datu zehatzagorik eman, baina Nafarroako Gobernuak azaldu zuen 93 pertsona daudela gela arruntetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuenez, bestalde, Segurako zahar etxean hemezortzi egoiliarrek eman dute positibo. Zazpi detektatu zituzten herenegun, eta 11 atzo: asintomatikoak dira, baina Eibarko ospitalera eraman dituzte, bakartzeko.

Horrez gain, gogoan izan behar da Nafarroan atzo sartu zirela indarrean gobernuak Aste Santurako hartutako neurriak; besteak beste, tabernen barnealdeak itxita egongo dira. Osasun Sailak ere dei egin die herritarrei egun horietan neurriak «zorroztu» ditzaten. Halaber, Arguedasen eta Urdiainen baheketak egingo dituzte gaur, azken egunetan kasuek gora egin ostean.

Ipar Euskal Herrian, bihartik goiti gehienez ere etxetik 10 kilometroko perimetroan mugitzen ahalko dira herritarrak, etxeratze agindua 19:00etan izango dute, eta, astelehenetik aitzina, eskolak itxiko dituzte. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak agindu zituen neurri horiek herenegun; eta, atzo, Jean Castex Frantziako lehen ministroak neurriei buruzko eztabaida eraman zuen Frantziako Asanbleara. Karrikan alkohola kontsumitzea ere debekatu du gobernuak. Oposizioko diputatuek ez zuten bozketan parte hartu; dena den, kontsulta bozka da, eta Frantziako Asanbleak onartu egin ditu Macronek eta Castexek iragarritako neurriak.

Txertaketak, aurrera

Hegoaldeko osasun zerbitzuek txertaketarekin aurrera jarraituko dute, eta, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du bihar hasiko direla martxan BECeko (Barakaldo, Bizkaia) txertaketa gunean. 65 urtetik beherako pertsonak txertatuko dituzte, eta, Osasun Sailaren arabera, egunero 5.000 dosi jartzeko gaitasuna izango dute. Hala ere, dosien «eskuragarritasunak» baldintzatu dezake aurreikuspena. Gasteizko Lakua pilotalekuan ere bihar hasiko dira.

Espainiako Osasun Ministerioak ere txertaketa estrategiaren aldaketen berri eman du, eta zehaztu du txertoa jartzeko orduan lehentasuna izango dutela zenbait patologia dituzten pertsonek, birusarekin beraien egoera okertu daitekeela argudiatuta; hala nola minbizia dutenei eta GIB birusa dutenei jarriko diete txertoa. Downen sindromea duten 40 urtetik gorako 10.000 pertsonaren txertaketa ere aurreratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.