Karlos Apeztegia atxilotu du Guardia Zibilak

Hernanin atzeman dute, Etxerat-en bulegotik irteten ari zela. «Erakunde terroristako kide» izatea leporatzen diote. Apeztegiak 22 urte eman zituen preso, eta 2013ko maiatzean geratu zen aske
Manifestazioa egin zuten atzo Hernanin, Karlos Apeztegiaren atxiloketa salatzeko.
Manifestazioa egin zuten atzo Hernanin, Karlos Apeztegiaren atxiloketa salatzeko. URTZI ERRAZKIN

Jon O. Urain -

2018ko urriak 17
Guardia Zibilak Karlos Apeztegia atxilotu zuen atzo eguerdian Hernanin, Gipuzkoan. Han du egoitza Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak, eta bertan egiten du lan Apeztegiak. Beharretik ateratzean joan zitzaizkion bi polizia, eta atxilo eraman zuten. Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten aurrena, eta, handik, Madrilera. Gaur igaroko da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik.

Espainiako Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi zuenez, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta atxilotu dute Apeztegia, larrigarritzat jota delitua «berriro» egin izana. 2016an hasi ziren ETAren argitu gabeko atentatuak ikertzen, eta, gobernuaren arabera, ikerketa horietan jakin zuten Apeztegiak, 2002. urtean, Puertoko espetxean preso zegoela, «komunikazio kanal egonkor eta seguru bat» eratu zuela ETAren zuzendaritzarekin. Kanal horren bitartez, hainbat funtzionariori buruzko informazioa helarazi zion ETAren zuzendaritzari, horien aurkako erasoak presta zitzaten, Barne Ministerioaren arabera betiere. Auzitegi Nazionalaren 3. Instrukzio Aretoak agindu du operazioa, eta Lenteak izena jarri diote.

Informazio hori 2003an konfiskatu zuten Frantzian, Saintesen eginiko operazio batean. Frantziako Gobernuak Espainiakoari ETAren aurkako jardunaz emandako dokumentazioaren artean zegoen Apeztegiaren aurka jotzeko baliatu duten agiria.

21 urteko espetxe zigorra bete zuen Apeztegiak, eta 2013ko maiatzean askatu zuten. Atzo iluntzean, batzar informatibo bat egin zuten Hernaniko Gudarien plazan.

«Mendeku gosea»

Apeztegiaren atxiloketa arbuiatu du Sortuk. Ohar batean, «mendeku gosez» jokatzea egotzi die Espainiako Gobernuari eta Guardia Zibilari: «Espainiako Gobernua eta Guardia Zibila tematuta daude jendeak kartzelaldia kosta ahala kosta luzatzeko edo jendea berriro ere auzipetzeko».

Horretarako, «era guztietako trikimailuak» erabiltzea leporatu die: «Lehenago, Parot doktrinarekin saiatu ziren; gero, zigorrak ez metatzearekin; orain, berriz, mendeku gose amaiezinez, paper frantsesen kontuari heldu nahi diote. Edozein kartzelaldik ez ditu asetzen: Apeztegiaren kasuan 22 urte eman ditu kartzelan, baina ez omen da aski». Apeztegia «lehenbailehen» aske uzteko eta «operazioak jarraipenik ez izateko» eskatu du: «PSOEren gobernuari exijitzen diogu gatazka konpontzeko enfoke politiko-judizial berria aplika dezala mendekua albo batera lagata». EH Bilduko kide Julen Arzuagak ere salatu du «iraganeko jazarpena eta errepresioa» dela atzoko atxiloketa. Salatu du PSOEren gobernuaren babesarekin «mina eragiten duten operazioak» martxan jartzen dituztela biktimentzako egia eta justizia bilatzeko.

Sortuk egin zuen atzo arratsaldean elkarretaratzerako deia, eta manifestazioa egin zuten 300 bat lagunek. Gaur, berriz, Sarek egingo du mobilizazioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna