«Erabakitze eskubidearen aurkako» auzia salatzera deitu du GEDek 17rako

Martxa bat egingo du Donostian, auzipetu katalanen aurkako epaiketa hasi eta bost egunera. Astearterako, elkarretaratzeak antolatu dituzte

GEDeko kideak, atzo, mobilizazioen berri emateko agerraldian. JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Datorren asteartean hasiko da, Madrilen, Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa. «Erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa bat» izango da, Gure Esku Dago dinamikak salatu duenez. Horregatik, mobilizazioak antolatu ditu, eta ordezkaritza bat bidaliko du Madrilera datorren asteartean, «preso politikoei babesa adierazteko eta bidegabekeria honen aurkako konpromisoa adierazteko, beste behin ere». Otsailaren 17an izango da hitzordu nagusia, igandez: manifestazio bat abiatuko da 12:00etan, Donostiako Kataluniako plazatik.

GEDek agerraldi bat egin zuen atzo Donostian, epaiketaren aurkako protesten berri emateko. Batetik, Bilboko Arriaga plazan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Iruñean oraindik zehaztu gabeko leku batean eta Donostiako Bulebarrean elkarretaratzeak egingo dituzte asteartean bertan; 20:00etan Bizkaiko hiriburuan, eta 19:00etan gainerakoetan. Handik bost egunera egingo dute Gipuzkoako hiriburuko manifestazioa, eta joateko asmoa dutenei eskatu diete eramateko jantzi, xingola edo bestelako elementu horiak martxan zehar nahiz epaiketak irauten duen bitartean: «Elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak». Dinamikak berak euritako horiak jarriko ditu eskuragarri ibilbidearen hasieran eta amaieran.

Agerraldian, Jone Amonarriz GEDeko Komunikazio arduradunak ohartarazi zuen epaiketa «denon kontua» dela, «prozesu judizial honek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako eta, beraz, guztion eskubide zibil eta politikoak daudelako jokoan». Era berean, erantsi zuen «erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu» nahi dutela Espainiako Auzitegi Gorenean, eta hiru hitzetan laburbildu zituen «oinarrizko» aldarrikapenak: «Konponbidea, demokrazia eta askatasuna».

Epaiketaren aurkako protesta dinamika zabalago baten katebegi izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetako elkarretaratzeak eta hilaren 17ko manifestazioa. Izan ere, «mobilizazio ziklo historiko bat» iragarri dute Kataluniako eragileek datozen asteetarako.

Etzidamu, manifestu bat

Edozein gisatara, mobilizazioak ez dira izango auzipetu kataluniarrekiko elkartasunez GEDek martxan jarritako egitasmo bakarra. Izan ere, alor anitzetako 60 herritar ezagun inguruk sinatutako manifestu bat plazaratuko dute astelehenean. Elkartasun egitasmoez harago, bihar agerraldi bat egingo du GEDek Tolosan (Gipuzkoa), «bost urteko zikloa borobildu eta etapa berri baten abiapuntu izango den ekitaldiaren» berri emateko. Martxoan izango da ekitaldi hori, Bilbon. Urteotan herri galdeketak antolatu dituzten herrietako kideak elkartuko dira etzi Tolosan, «kontsulten ildoari amaiera eman eta ekitaldi berezi horren deialdia egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.