Estatus politikoa. Erreakzioak

Jaurlaritzak EH Bilduri eta PPri egotzi die «esentziak saltzea» estatus berrian

EAJk ez du nahi 2004ko proposamenarekin gertatu zena berriz gertatzea. EH Bilduk dio lan egingo duela erreforma «kale itsu batean» ez sartzeko

Maddalen Iriarte, Iñigo Urrutia eta Unai Urruzuno, atzo. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
jon olano
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Batzorde tekniko batek Euskal Autonomia Erkidegoak izan beharreko estatus politikoari buruzko dokumentuak entregatu eta gero, Eusko Jaurlaritzak kritikatu egin du adituen batzorde horretan EH Bilduk eta PPk izandako jarrera. Bi taldeek izendatutako adituak EAJ-Elkarrekin Podemos-PSE akordiotik kanpo geratu dira, eta, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, bi indarrek «beren burua» adostasunetik kanpo kokatu dute, «esentziak saltzeko».

Erkoreka Espainiako irrati kate publikoan mintzatu zen atzo. Behin adituek lana amaituta, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak asteazkenean aztertuko ditu dokumentuak, gero estatutu erreforma lege proposamen gisa tramitatu dadin. Fase horretan, Erkorekak espero du lantaldean «zabaltzea eta biziagotzea» aditu taldeak adostutako testu nagusia.

«Egia da akordioa ez dagoela %100ean. Bat egiteak daude %80an: sintonia handia dago gai sozial, politiko eta instituzionaletan, baina desadostasunak ere badaude gai batzuetan», aitortu du Erkorekak. Ildo horretan, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak Euskadi Irratian esan zuen estatutuak «gutxieneko berme» batzuk izan behar dituela, 2004ko estatutu proposamenak bezala ezezkoa ez jasotzeko: «Ez dugu errepikatuko jada probatu dugun biderik».

Bestela jardun zuen atzo Iñigo Urrutiak, EH Bilduk proposatutako adituak, alboan Unai Urruzuno eta Maddalen Iriarte indar subiranistako legebiltzarkideak zituela. Agerraldi bat egin zuen atzo, azaltzeko erabakitzeko eskubideak estatus politiko berriaren ardatza izan behar zuela testu osoan baina «gehiengo berriak» xedapen gehigarri batean sartu duela: «EH Bilduk aurkeztutako testuan, erabakitzeko eskubide eraginkorra jaso da. Estatuarekin harreman politikoa aldatzeko pausoak aurreikusten dira, bete beharreko erreferenduma eta bi urteko epea estatuarekin harreman berri bat negoziatzeko». Iriartek eta Urruzunok azaldu zuten EH Bildu saiatuko dela estatusaren erreforma «kale itsuan» ez sartzen, uste badute ere EAJk «ikara» diola erabakitzeko eskubidea estatus berriaren artikulatuan txertatzeari.

«Euskoprozesuaren» aurka

Raquel Gonzalez PPko Bizkaiko presidenteak, berriz, esan du EAJri «aurre» egingo diotela «euskoprozesua Euskal Herrira iritsi ez dadin». Izan ere, Gonzalezek uste du Katalunia duela hiru urte zegoen bezala dagoela Euskal Herria, jeltzaleek erabakitzeko eskubidea testu artikulatuan jaso eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.