Petronor zigortzeko eskea berretsi diote auzitegiek Madrilgo gobernuari

Muskizko koke planta behar ziren baimenik gabe eraikitzeagatik zigor espedientea ireki behar du ministerioak; eta, bestela, arrazoiak azaldu

Petronorreko findegia, Muskizen. LUIS TEJIFO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak laugarren aldiz eskatu dio Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioari erabakitzeko Petronorri zigor espedientea ireki edo ez, Meatzaldea Bizirik taldeak azaldu duenez. Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiko koke plantarekin du lotura auziak.

Elkarteak gogorarazi du Kostaldeetako Agintaritzak ez zuela baimenik eman koke planta eraikitzeko, eta hori ezinbestekoa dela kostaldeko lur eremu publiko batean eraiki behar denean. «Baimen hori izan gabe, eta dagokion zigor espedientearekin, eraitsi egin behar da, edo jarduera bertan behera utzi».

Meatzaldea Bizirik taldeak nabarmendu du 2009tik ari direla salatzen baimen falta —planta 2013an ireki zuten—. «Gaia ez du aintzat hartu Eusko Jaurlaritzak —planta eraikitzea baimendu zuen ezinbesteko baldintza hori bete gabe, ezta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak berak ere, hamabi urtean ez baititu aintzat hartu gure informazio eskaerak, salaketak eta bilera eskaerak». Orain, ordea, erabaki bat hartu behar du ezinbestean.

Hogei eguneko epea du bi aukeraren artean erabakitzeko: zigor espedientea ireki dezake, edo, ez irekitzea erabakitzen badu, horretarako dituen arrazoiak azaldu beharko ditu, Meatzaldea Bizirik taldeak jakinarazi duenez. Aldi berean, ohartarazi dute ministerioak erantzukizun penalak edo administratiboak izan ditzakeela, aginduari jaramonik egiten ez badio.

Herritarrek orain arte bizi behar izan duten egoera gaitzetsi du taldeak. Haien hitzetan, «justifikatu ezinezkoa» da kostaldeko lur eremu publikoa babestu behar luketenek bizilagunak «behartzea» hamabi urteko auziak jasatera. «Horiek igarota ere, ez dituzte epaileen aginduak betetzen», erantsi dute.

Meatzaldea Bizirik taldeak argi du zer pauso eman behar diren: «Kostaldean egindako legez kanpoko obrak baimendu edo eraitsi egin behar dira, txosna bat edo koke planta bat izanda ere». Taldeak berretsi du koke planta baimenik gabe eraikita dagoela, eta eskatu du hori aldatzeko.

Jaurlaritzak2008an eman zion baimena eraikitzeko, esanaz ez zuela «modu esanguratsuan» kutsatuko. 2009an, udalak ere eman zizkion eman beharreko baimenak, baina kostan egonda, Ingurumen Ministerioaren baimena ezinbestekoa zuen aurrera egiteko, eta haren baimenik gabe eraiki zuen Petronorrek Muskizen koke planta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.