Elbarrientzako enpleguak mantendu zituzten iaz EHLABEren zentroetan

Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak «helburu nagusia» bete zuen 2020an. 2019an baino lagun gehiago integratu ziren lan merkatu irekian

Gureak taldearen lantegi batean, langileak ekinean. GUREAK.
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak ekarritako krisi sozioekonomikoa gorabehera, elbarrientzako enpleguak mantendu zituzten iaz EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentroetan: 8.232 pertsonari eman zieten lana; hau da, 2019an baino hiru lagun gehiagori.

Iazko balantzearen berri emateko agerraldia egin zuten atzo Bilbon, eta EHLABEko presidente Txema Francok azpimarratu zuen «helburu nagusia» bete zuela elkarteak 2020an, eta elbarritasuna dutenen enpleguari eutsi.

Nabarmendu zuen, gainera, datuek hobera egin dutela elbarritasunen bat edukita ere lan merkatu arruntera jauzi egin dutenei dagokienez: 2020an 210 elbarri integratu ziren lan merkatu irekian; hau da, 2019an baino bost gehiago. Eta pauso hori eman zuten gehienak, %83,8 hain zuzen, EHLABEren arabera, «laguntza gehien behar duten elbarriak» izan ziren: gaitz mentalak edo %65 baino gehiagoko elbarritasun fisikoa eta sentsoriala dutenak.

EHLABEk hamalau entitate biltzen ditu: Indesa, RAEP (Araba); Lantegi Batuak, Usoa lantegia, Ranzari lantegia, Gallarreta tailerrak, Bidaideak, Bizgorri, Eragintza Fundazioa eta Apnabi, Rafaela Maria Elkartea (Bizkaia); eta Gureak, Sutargi eta Katea Legaia (Gipuzkoa). Horiek ehundik gora zentro dituzte. Sektoreak aintzat hartuz gero, enpleguen %58,4 industriakoak dira, eta %41, 6 zerbitzuetara bideratuta daude. Balantzearen arabera, elkarteko entitateek 291 milioi euro fakturatu zituzten iaz; hau da, 2019an baino %20 gutxiago.

Francoren esanetan, elbarriak lan merkatuan integratzeko EAEko eredua «erreferentziazkoa da, bai [Espainiako] estatu mailan, baita Europan ere». Horren harira, datu bat eman zuen: elbarritasunen bat dutenen langabezia tasa %16,5 da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta %23,9 estatuan. «Gure eredua da daukagun bermerik sendoena, pandemia mundu mailan lan merkatuan eta sozialki eragiten ari den inpaktuari aurre egin ahal izateko».

Nolanahi ere, Francok azaleratu nahi izan du elbarritasunen bat dutenen artean«oso handia» dela langabezia tasa, tasa orokorrarekin konparatuz gero, behintzat. «Beraz, hori murrizteko lan egin behar dugu». Atzoko agerraldian eman zituzten datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude 16 eta 64 urte arteko 84.300 bat elbarri. Horietatik 24.600 bat daude aktibo, eta hirutik batek lan egiten du zentro berezietan.

2021ari dagokionez, EHLABEren helburua enpleguari eustea da, «enplegagarritasun zerbitzuak indartzea» eta «lan auketa berrien bidez» aktibitatea berreskurtzea.

«Benetako motorra»

Idoia Mendiak ere parte hartu zuen atzo EHLABEren agerraldian, eta Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu sailburuak adierazi zuen elkartearen zentroak direla elbarrien inklusiorako «benetako motorra». Gogoratu zuen Jaurlaritzak iaz 55,6 milioi euro bideratu zituela kolektibo horren beharretara Lanbideren bidez, eta 2021an kopuru hori %9 handituko dela: 60,6 milioi euro. «Kolektibo horri Lanbideren bidez lagunduko diogu, dauzkaten enplegagarritasun aukerak ez daitezen izan abaguneari lotutakoak, etorkizunera begirakoak baizik».

Sailburuak esan zuenez, Jaurlaritzaren 2030erako Enplegu Estrategiaren barruan dago jokabide hori. «EHLABErekin daukagun esperientziak erakusten du gauzek hobeto funtzionatzen dutela erronkei elkarrekin heltzen zaienean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.