David Beriainen gorpua Euskal Herrira ekarri dute

Fraile Espainian ehortziko dute. Espainiako Auzitegi Nazionalak diligentziak ireki ditu. Madrilek «talde jihadistei» egotzi dizkie hilketak

Espainiako militarrak hildakoen zerraldoak eramaten, atzo, Madrilen. F.V. / EFE.
Erredakzioa
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean ziren ekartzekoak Euskal Herrira David Beriain kazetariaren gorpua, baina, azkenean, 22:00 aldera iritsi zen Artaxoara (Nafarroa), aurreikusi baino denbora gehiago behar izan baitzuten autopsia egiteko. Atzo goizean eraman zituzten haren gorpua eta Roberto Frailerena Burkina Fasotik Espainiara, Rory Young ekintzaile ekologista irlandarraren gorpuarekin batera, eta Madrilen autopsia egin zieten. Behin Artaxoara iritsita, Beriainen gorpua Iratxe beilatokira eraman zuten, eta gaur, 18:00etan hasita, hileta elizkizuna egingo dute, Urraka Erregina herriko ikastetxean. Goizean emango diote lur, hiletaren aurretik.

Roberto Fraileren gorpua, berriz, Espainian utziko dute. Gurasoak Valladoliden bizi dira, eta hiri horretan jarriko dute hil kapera. Ehortzi, berriz, amaren herrian ehortziko dute: Valdespino Ceron (Leon). Barakaldokoa (Bizkaia) zen Fraile, baina udak amaren herrian igarotzen zituen, eta Salamancan bizi zen gaur egun, emaztearekin eta bi semeekin.

Gertatutakoa ikertzen

Bi kazetariak eta ekologista dokumental bat egiten ari ziren gobernuz kanpoko erakunde batekin, Burkina Fasoko parke naturaletako isilpeko ehizari buruz. Biak 40 bat laguneko talde batean zihoazen, eta, Burkina Fasoko agintarien arabera, gizon armatuen talde batek eraso zien. Talde islamista batek hartu ditu bere gain erasoa eta hilketak. Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, erabili zituzten baliabideak ikusita, «talde jihadistei» egotzi dizkie hilketak. «Erasotzaileak ez ziren trafikatzaileak edo isilpeko ehiztariak izan», ebatzi dute. Azaldu dutenez, hasieran, «Burkina Fasoko segurtasun indarrek lortu zuten erasoari aurre egitea, baina gero gainditu egin zituen erasotzaileen su indarrak». Gaineratu dutenez, bi kazetariak une oro «zuhurtziaz» aritu ziren, «eta horren erakusgarri da isilpeko ehizaren aurka aritzen den Burkina Fasoko unitate batekin zihoazela». Gertatutakoa argitze aldera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak diligentzia informatiboak zabaldu ditu. Fiskaltzak bildutako datuekin kausa bat irekitzea susta dezake, «ustezko terrorismo delitu batengatik».

Espainiako armadako hegazkin batean eraman zituzten atzo goizean Madrilera aste hasieran Burkina Fason hil zituzten David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetarien eta Rory Young ekintzaile ekologista irlandarraren gorpuak. Torrejon de Ardoz base militarrean hartu zuen lur hegazkinak, eta autopsia egin zieten ondoren.

Senideak bertan izan ziren. Haien izenean, Alfonso Bauluz familien bozeramaileak eskerrak eman zizkien kazetariak itzultzeko modua eman duten funtzionario publiko guztiei, baita prentsari eta lagunei ere. Aldi berean, euren mina eta dolua errespetatzeko eskatu zuen. Harrera ekitaldian zeuden, gainera, Espainiako Atzerri Ministro Arantxa Gonzalez Laia eta Defentsako arduradun Margarita Robles, baita Irlandak Espainian duen enbaxadore Sile Maguire ere. Bi ministroek hildako kazetarien lana goraipatu zuten. Gertatutakoa argitzeko «ahal den guztia» egitea nahi dutela nabarmendu zuen Roblesek, eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuak ere horretarako lanean ari direla ziurtatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.