Koronabirusa

Hegoaldean 220 kasu atzeman dituzte, daturik apalena abuztu hasieratik

Igandean egindako testen %3,6k eman dute positibo. 262 pertsona daude ospitaleratuta Hego Euskal Herrian, horietako 96 ZIUetan

Donostiako zezen plaza, txertaketa gune bilakatuta. JON URBE/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Apurka-apurka, ari da sumatzen COVID-19aren aurkako txertoaren eragina kutsatzeen bilakaeran. Izan ere, azken egunotan beheranzko joera nabaritu da koronabirusaren transmisioari buruzko informazioa ematen duten adierazle gehienetan Hego Euskal Herrian. Egunean atzemandako positiboen kurba apaltzen ari da, eta joera aldaketa bat antzeman daiteke. Datuei so, egun bakarrean zenbatutako COVID-19 kasuak 300eko langatik behera jaitsi dira Hego Euskal Herrian bigarren egunez jarraian: zehazki, herenegun 220 positibo detektatu zituzten Osasunbideak eta Osakidetzak. Hala, egun bakarrean atzemandako positiboei dagokienez, azken hamar hilabeteetako daturik apalena izan da Hegoaldeko osasun agintariek atzo jakinarazitakoa. Zehazki, abuztuaren 4an detektatu zen antzeko datu bat Hegoaldean, izurriaren bigarren olatua hasi baino lehenago; hain justu, 224 positibo zenbatu zituzten egun horretan.

Dena dela, aintzat hartzekoa da asteburuetan nabarmen test gutxiago egiten direla astegunekin alderatuta, eta horrek baldintzatu egiten duela kasuen zenbatekoa, hein handi batean. Igandean, 6.022proba egin ziren, eta, %3,6 izan zen positiboen ehunekoa.

Egunetik egunera izan daitezkeen gorabeherez haragoko bilakaera ikusteko, adierazle argigarria da azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan tasari erreparatuta, antzeman daiteke izurriaren bilakaera laututa dagoela. Azken hamalau egunetako positiboak aintzat hartuta, Arabak, Bizkaiak eta Nafarroak 200 kasutik beherako tasa dute 100.000 biztanleko: Nafarroan da apalena tasa hori, 134,06 baita; Araban 156,11 da, eta Bizkaian, 199,85.Gipuzkoak203,15eko intzidentzia tasa du egun.

Birusaren transmisioaren datuei erreparatuta, baikor mintzatu zen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Haren esanetan, «itxaropenerako arrazoiak» badira, nahiz eta azpimarratu zuen oraindik transmisioa handia dela eta egoera epidemiologikoa ez den «guztiz ona». Hala, «zuhurtzia» eskatu zuen, eta osasun neurriak zorrotz mantentzearen alde agertu zen. Besteak beste, nabarmendu zuen «goizegi» dela oraindik maskararen erabilera malgutzeko.

Osakidetzak eta Osasunbideak emaniko datuen arabera, COVID-19arekin kutsatutako beste hemezortzi lagun erietxeratu zituzten atzo, aurreko egunean baino hiru gehiago. Oraintxe, 262 paziente daude Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ospitaleetan birusaren sintomekin, eta ZIUetan 96 lagun daude, bezperan baino lau gehiago.

Ziurtagiria Nafarroan

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, herrialdeko biztanleek dagoeneko eskura dezakete COVID-19 ziurtagiri digitala deitua. Gobernuak atzo bertan jarri zuen martxan, eta Osasunaren Karpeta Pertsonalaren bidez deskarga daiteke. Digitala izanik, aise gorde daiteke sakelakoan.

Gainera, gobernuak jakinarazi zuen aurki aurrez aurre ere eskatzen ahalko dela ziurtagiria, osasun etxeetako administrazio zerbitzuetan; kasu horietan, nahi izanez gero, paperean ere jasotzen ahalko dainprimakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.