EHUko Leioako campusa normaltasunera bueltatu da tiroketaren ostean

Ustezko egileak asteazken goizean erosi zuen arma. Erkorekak esan duenez, badirudi haren asmo bakarra kalte materialak eragitea zela

Tiroek eragindako kalteak agerikoak ziren atzokoan. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kezka eta larridura zabaldu ziren joan den asteazken arratsaldean, jakin zenean gizon gazte bat EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Leioan (Bizkaian) duen egoitzan eskopeta batekin agertu eta tiroka hasi zela. Aferak ez du ondorio larriagorik izan, eta atzo normal aritu ziren Leioako campusean. EHUk jakinarazi duenez, tiroketa Zientzia eta Teknologiako eraikinean gertatu zen, eta kalte bakarrak kristaletan, hormetan, sabaian eta informazio pantaila batean gertatu ziren. «Gertaera larriaren» ostean, jarduera «guztiz normala» izaten ari dela esan du EHUk.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eta Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok zenbait xehetasun eman dituzte gertatutakoaren inguruan. Azaldu dutenez, ustezko egileak asteazken goizean erosi zuen arma, bigarren eskuko objektuen salerosketarako webgune baten bitartez.

Erosi eta segituan, Guardia Zibilaren egoitzara abiatu zen arma legeztatzera. Gazteak bazuen ehizarako baimena, eta hori aurkeztu zuen, nortasun agiriarekin eta beste zenbait dokumenturekin batera. Ondoren, eta unibertsitatera joan aurretik, Abantoko Gallarta elkartean (Bizkaia) aritu zen tiro praktikak egiten.

Ikerketa, abian

Erkorekak esan du Ertzaintzaren ikerketa oraindik amaitu gabe dagoela, baina seguru asko gaztea «aurki» eramango zutela epailearen aurrera. «Itxura guztien arabera, badirudi haren asmo bakarra zela unibertsitatean kalte materialak eragitea», azaldu du, eta erantsi du ertzainek atxilotu zutenean ez ziela kontra egin.

Gazteak 21 urte ditu, unibertsitateko ikaslea da, eta, atxilotua izan aurretik, 25 bat aldiz egin zien tiro unibertsitateko eraikin eta azpiegiturei. Erkorekak ez du ezer esan nahi izan gaztearen ustezko motibazioen edo haren buru osasunaren inguruan: «Hori ez da Ertzaintzaren lana, eta gaian adituak diren teknikariek aztertu beharko dute», adierazi du.

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz ere auziaz mintzatu da, eta nabarmendu du «azkarra» izan zela arazoari emandako erantzuna, eta «ongi» funtzionatu zuela EHUk horrelako aferetarako prestaturik duen protokoloak. «Den-dena oso arin konpondu zen», erantsi du.

Erkorekak ez ezik, Bildarratzek ere ez du «espekulatu» nahi izan gaztearen motibazioez edo haren osasun mentalaz, eta, era berean, ez du aurreratu nahi izan EHUk ikaslearen kontrako neurririk hartuko ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.