Zonifikazioaren aurkako adierazpena aurkeztuko dute gaur Cortesen

Hainbat herritarrek egitasmo bat sortu dute Nafarroan, euskara sustatu eta hizkuntza eskubideak «agenda politikoan sartzeko»

Zonifikazioaren aurkako protesta bat, Tuteran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Nafarroako erdialdeko eta Erriberako herritar talde batek euskararen aldeko adierazpen bat aurkeztuko du gaur, Cortes herrian (Nafarroa). Aragoirekin mugakidea den udalerri hori aukeratu dute «Nafarroako udalerririk hegoaldekoena delako», eta aurkeztuko dutena «behetik gora, hegoaldetik iparraldera doan mugimendu bat» izatea espero dutelako. Horrez gain, «zonifikazioak kalte gehien eginikoetatik abiatu» nahi izan dutela adierazi dute.

Gaur eguerdian aurkeztuko duten adierazpenean, manifestuaren sinatzaileek aldarrikatuko dute «euskara Nafarroako berezko hizkuntza» dela, eta erakundeei eskatuko diete «Erriberak eta Erdialdeak jasaten duten bereizkeria behingoz bukatzeko». Antolatzaileen esanetan, adierazpenaren helburua da «pertsonak eta eskubideak erdigunean paratzea eta euskara Nafarroa osoko parte gisa aldarrikatzea». Horretarako, hitza emanen diete Erriberako hainbat herritarri: «Garrantzitsua da zonifikazioak kalte eginiko pertsonak mintzatzea, eta haiek izatea hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen irtenbide baten beharra agenda politikoan jarriko dutenak».

Adierazpenaren sustatzaileek azpimarratu dute euren egitasmoa ez dela beste ezein mugimenduren edo eragileren parte: «Dinamika berri bati ekin nahi diogu, Erriberan zein Nafarroa osoan euskararen alde ahal den indar guztia bilduko duena. Bide horretan, euritako moduko bat sortuko dugu, eslogan eta izen propioduna». Cortesen ezagutaraziko dute plataforma berri horren izena, «aurrerantzean Nafarroan eginen diren egitasmoak bateratzeko balio izanen duena». Adierazpenaren aurkezpenaren karira, festa eguna antolatu dute herrian: 10:00etan pilota partida jokatuko dute Retegi pilotalekuan. Horren ostean, musika emanaldia, jota kantaldia eta dantzak eskainiko dituzte frontoian bertan, eta adierazpena irakurriko dute 12:20 aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.