Tapia: «AHTak %8ko gainkostua du»

Sailburuak azpiegituraren «errentagarritasun soziala» defendatu du. Urtean zortzi milioi bidaiari izango dituela esan du. Europako Kontu Auzitegiaren txostenaz azalpenak eman ditu legebiltzarrean

Udalatx ondoko AHTaren zubibidea; artxiboko irudia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak esan du Euskal Y-aren obrek %8,5eko gainkostua dutela. Datu hori lortzeko, lizitazio proiektuaren aurrekontua eta gaur egun egindako inbertsioa alderatu zituen atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. EH Bilduko ordezkari Mikel Oterok «tranpa» egitea egotzi zion: «1990eko hamarkadan Espainiako Gobernuak proiektua saldu zigunean iragarri zuen inbertsioa eta gaur egungo aurrekontua alderatuta, kostua bikoiztu egin da». Tapiak ukatu egin zuen tranpa egin zuenik; azalpenak eman zituen Europako Kontu Auzitegiak kontinenteko AHT lineei buruz egindako txostenaz, EH Bilduketa Elkarrekin Podemosek eskatuta. Sailburuaren esanetan, txosten horretan erabilitako bi erreferentziak erabili ditu gainkostua kalkulatzeko: lizitazio aurrekontua eta gaur egungo gastu erreala.

Sailburuak azpiegituraren «errentagarritasun soziala» goraipatu du. Izan ere, inbertsio batek gizarteari %3tik gorako irabazia itzultzen dionean, errentagarria da, Europako Batasunaren irizpideen arabera. Tapiak esan du burdinbide berriak %6,21eko itzulera izango duela. Era berean, iragarri du urtean zortzi milioi bidaiari inguruk erabiliko dutela. Salerosgaiak garraiatzeko ere baliatuko denez, errepideetako trafikoa arintzen lagunduko duela uste du. Eta penintsula kontinentearekin lotuko duela.

Ekainean argitaratuko txostenak ohartarazi zuen Europako sarea ez dela errentagarria eta gainkostuak dituela. Era berean, salatu zuen estatuek plangintzarik gabe diseinatu dituztela euren herrialdeetako ibilbideak. Tapiak ukatu egin du Euskal Y-aren kasua hori denik. Kontu auzitegiaren arabera, Europako AHT lineek aurreikusitako abiaduraren %40 baino ez dute lortzen; horregatik, uste du lehendik zeuden trenbideak hobetzea nahikoa izan zitekeela. Tapiaren esanetan, ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zegoen beste aukerarik: «1980an Eusko Jaurlaritzak egindako azterlan batek argi esan zuen gure orografiarekin ezinezkoa zela penintsulako trenbide zabalera Europakora egokitzea hemen, eta trenbide berri bat egin behar zela».

Kilometroen kostua

Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezen iritziz, sailburuak Europako Kontu Auzitegiaren txostenaz egin duen irakurketa «ez da zuzena». EH Bilduko Mikel Otero harago joan da: «albistea manipulatzen» saiatu izana egotzi dio Tapiari: «Zuentzat okerra zena onuragarri bihurtu nahi izan duzu». Oterok gogoratu du txostenaren arabera lineak bederatzi milioi bidaiari izan behar dituela errentagarri izateko. «Adifen azken txostenaren arabera, 4,8 izango ditu. Eta zu gaur hona etorri zara zortzi milioi izango direla esatera».

Tapiak honela justifikatu ditu zortzi milioiak: Bilbo, Donostia eta Gasteiz arteko joan-etorrietan 2,6 milioi bidaiari izango lirateke; Madrilen eta EAEren artekoak, berriz, 1,7 milioi; gainontzeko autonomia erkidegoekin izango diren loturetan, beste milioi bat lortuko luke; Ebroko ardatzak —Bartzelona-Zaragoza-Iruñea— beste 350.000 bidaiari emango lizkioke Euskal Y-ari; eta, azkenik, Europako bidaiei esker, 2,4 milioi bidaiari gehiago eskuratuko lituzke AHTak.

Burdinbidearen kostuaz ere ohartarazi du kontu auzitegiak. Esan du kilometro bakoitza egiteko 25 milioi euro inbertitu direla batez beste. Tapiak azaldu du Euskal Y-aren kasuan 27,4 milioi kostatuko dela. Aurreztuko den denbora ere lotu du diruarekin: ardatz atlantikoan 34,6 milioi kostatzen da minutu bakoitza; Euskal Y-an, berriz, 17,34. «Kilometroko kostuetan, berdintsu gaude, eta, aurreztutako minutuen kostuari dagokionez, askoz errentagarriagoa da gurea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.