Eraso batengatik, EHUk irakasle bat kenduko du postutik hilabetez

Martxoaren 8an bi ikasle emakume jo zituen irakasleak arau hauste larria egin zuela ebatzi dute, eta jar diezaioketen zigor handiena ezarri
Ikasleek protesta handi bat egin zuten martxoan, erasoa gaitzesteko.
Ikasleek protesta handi bat egin zuten martxoan, erasoa gaitzesteko. L.J. / FOKU

Maite Asensio Lozano -

2018ko azaroak 14
Martxoaren 8ko mobilizazioetan bi emakumezko ikasle jotzeagatik salatutako gizonezko irakaslea zigortzea ebatzi du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak: hilabetez postutik kenduko du. Azken hilabeteetan martxan izandako instrukzioa amaitzean hartu du errektoretzak erabakia. BERRIAk jakin duenez, arau hauste larritzat jo dute ikasleen aurkako erasoa; hala, unibertsitateak jar dezakeen zigor zorrotzena ezarri diote irakasleari.

Leioako campusean (Bizkaia) gertatu zen erasoa, Medikuntza Fakultatean, ikasleak greba feministara batzeko deia zabaltzen ari zirela. Bertako irakasle batek bortxaz erantzun zien, estudianteek salatu zutenez: hasieran iraindu egin zituen, eta gero makila batekin jo zituen. Ikasleek bide judizialari uko egitea erabaki zuten, irakaslearen «vendetta pertsonalak» saihesteko, baina EHUko errektoretzara jo zuten. Erakundeak txostena ireki zion irakasleari, eta ikerketa bat abiatu zuen; uztailean aritu zen lekukoen testigantzak biltzen, eta azken egunotan osatu du ebazpena. Epaitegietara jo gabe errektoretzak har dezakeen neurri gogorrena hartu du Nekane Balluerkaren taldeak.

Hain justu, Leioako ikasle feministek agerraldi bat egin zuten joan den astean: auzian «jarrera pasiboa» izatea eta irakaslearekiko «konplizitatez» jardutea egotzi zioten errektoretzari. Era berean, kritiko agertu ziren ikerketaren emaitzen berri jasoko ez dutelako: errektoretzak jakinarazia zien irakasleari bakarrik eman diezaioketela informazio hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna