Salestarretako irakasle ohiaren aurkako zortzi salaketa artxibatu dituzte

Erasoak 1980ko urteetakoak direla eta, delituak preskribatuta daudela ondorioztatu du instrukzio epaileak. «Egia osoa» eskatu dute biktimek

Salestarren ikastetxea Bilbon, Deustua auzoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Deustuko Salestarrak ikastetxeko ikasle ohiek salatutako eraso fisiko eta sexualen inguruko ikerketa judizialik ez da izango. Jose Miguel San Martin irakasle ohiaren aurka aurkeztutako lehen zortzi salaketak artxibatu egin ditu Bilboko lehen Instrukzio Epaitegiak. Erasoak 1980ko hamarkadan izan zirenez, delituak preskribatuta daudela ondorioztatu du epaileak; beraz, pentsatzekoa da erabaki bera hartuko duela gainerako salaketekin.

Bost eta hamar urte arteko preskripzio epea dute sexu abusuek, biktimek 18 urte betetzen dituztenetik aurrera zenbatzen hasita —lege aurreproiektu bat du martxan Espainiako Gobernuak epe hori luzatzeko—. Salatzaileek 40 eta 50 urte artean dituzte; beraz, epaitegiaren erabakiak ez ditu ezustean harrapatu. «Delituak preskribatuta egotea espero genuen», adierazi dio BERRIAri euretako batek. «Bagenekien guk ez genuela justiziarik eta erreparaziorik izango, baina eduki dezakegu egia. Eta egia osoa jakin nahi dugu, bai abusuei buruz, bai abusuok estali zituztenei buruz».

Urtarril amaieran jarri zituzten aurreneko salaketak zortzi ikasle ohik, baina hurrengo asteetan beste hemeretzi jaso ditu Ertzaintzak, eta lau aurkeztu dituzte beste polizia batzuetan. Testigantzetan adierazi dute ukituak, masturbazioak, bortxaketak eta jipoiak izan zirela erasoetan, biktimek 8 eta 10 urte artean zituztenean. San Martinek 71 urte ditu egun; 1975etik 1990era izan zen zentroko irakasle. Ikastetxeak 1989an jaso zuen bi mutikok jasandako sexu abusuen berri, baina beste urtebetez mantendu zuen tutore, eta ikasle ohi batek salatu du urte hartan irakasleak sexu abusuak egin zizkiola behin baino gehiagotan.

Hortaz, ikasle ohiek uste dute salaketa gehiago iritsiko direla: «Garrantzitsua da salatzeko pausoa ematea, auziaren dimentsioa agerian uzteko. Badakigu biktima izandako guztiek ezingo dutela, baina ahalik eta kasu gehien azaleratzea nahi dugu». Salatzaileek egindako kalkuluen arabera, ehun biktima inguru egon daitezke: «Gure ikaskideen testigantzen arabera, urtero zortzi-hamar umeez abusatzen zuen Don Chemi-k, eta hori soilik bera kontuan hartuta. Zenbat biktimari buruz ari gara?».

Izan ere, San Martinenaz gain, beste izen batzuk ere agertzen ari dira lekukotzetan. Asteon Pablo Ortega irakasle ohi eta apaizaren kontrako ikerketa abiatu du Salestarren Kongregazioak. Zuzenean biktimen salaketarik ez dute jaso, baina Interneteko sare sozialetan eta bestelako solasaldietan egindako «iruzkinetan» oinarritu dira ikerketa abiatzeko. 1970eko hamarkada erdialdekoak dira lekukotza horiek. Ortega Santanderren (Espainia) bizi da, baina Madrilera mugiarazi dute adingabeengandik apartatzeko, oraindik «laguntza jarduerak» egiten baitzituen haiekin «noizean behin». Era berean, ikastetxeko zuzendari izandako apaiz bat ere —hilda dago— seinalatu dute ikasle ohiek, abusuak egin eta estali zituelakoan.

«Ez ikusiarena egin zuten»

Deustuko salestarrek barne ikerketa bat zabaldu dute, eta barkamena eskatu dute. «Argi dago orduan egin genuena ez zela nahikoa izan. Ez genuen jokatu auziaren larritasunak eskatzen zuen bezain azkar», aitortu du ikastetxeak. Salatzaileentzat, ordea, ez da nahikoa: «Bazekiten zer gertatzen ari zen, eta ez ikusiarena egin zuten». Gogora ekarri dute egunotan mundu osoko gotzainak bildu direla Vatikanoan, sexu abusuen auzia aztertzeko. «Zer egingo dute abusuak estali zituztenekin? Badakigu, adibidez, San Martin 1993ko eskola urtekarian ageri dela kolaboratzaile gisa. Zer gertatuko da hori ahalbidetu zutenekin?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.