Lindanoa baimendutako mailatik gora dago Nerbioi eta Ibaizabalen arroetan

Ekologistak Martxan-ek dio 2017tik «okerrera» egin duela lindanoarekin kutsatutako lurzoru eta ibaien egoerak. Kontrol neurriak eskatu ditu

Lemoizko Jata zabortegiaren inguruan topatu izan dute lindanoa. L.J./FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Oraindik lindanoa dago gure lurzoru eta ibaietan, eta, irtenbiderik eman ezean, arazo izango da etorkizunean ere». Ekologistak Martxan elkarteko arlo juridikoko bozeramaile Carlos Alonso kezkatuta mintzo da talde ekologistak aurkeztu berri duen txostenaren emaitzekin. Lindano: ondare toxiko baten gaurko egoera izenburupean, talde ekologistak 2017an eta 2018an lurzoruan eta ibaietan substantzia toxiko hori egon ote den aztertu du, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Uraren Euskal Agentziak egindako 1.667 analisitan oinarrituta. Datuok argigarriak dira, oso: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibai ugaritan detektatu dute lindanoa, baina bereziki «kezkagarria» da Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroetan (Bizkaia) atzeman dutena. Talde ekologistak jakinarazi duenez, baimendutako mailatik gora agertu da substantzia hori Ibaizabalen itsasadarrean eta haren hainbat emaritan. Zehazki, substantzia toxiko horren urteko kantitatea legez onartuta dagoen mailatik gora dago arroaren inguruko sei guneetan.

Euskal Herrian hitz ezaguna da lindanoa: pestizida gisa erabili den konposatu kimiko bat da, oso toxikoa. Europako Batasunean 2008tik dago debekatuta, eta Osasunaren Mundu Erakundeak minbizi eragiletzat sailkatuta dauka. Ekologistak Martxan-ek aspaldian salatua zuen lindano hondakin toxikoa dagoela Euskal Herriko lurzoru eta ibaietan, eta azken txostenak baieztatu egin du hori. Areago, 2017tik egoerak «okerrera» egin duela ondorioztatu dute, Alonsok nabarmendu duenez. Datuok erakusten dute egoeraren larritasuna: 2017an baimendutako lindano kantitatetik gora zeukaten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurzoru eta ibaien %1,4k, eta urtebete geroago %11,9 ziren kutsatutako eremuak.

Lindanoaren ekoizpena debekatuta dago Euskal Herrian, baina oraindik ingurumenean, lurzoruetan eta ibaietan badago substantzia hori, Koldo Hernandez talde ekologistako kideak azaldu duenez: «Pestizida gisa erabiltzen da, eta oraindik badira hondakinen kontrolik gabeko isurketek kutsatu dituzten lurzoruak». Euskal Herrian, besteak beste, Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arroetan eta Gasteizko Gardelegin topatu da lindanoa, txostenak nabarmendu duenez. Beste datu bat ere jaso du azterlanak: kutsatutako lurzoruen inguruan dauden zuhaitzen zurean HCH-lindano kontzentrazio handiak daude. Hala, gogora ekarri dute talde ekologistak 2019an egindako ikerketa batean agerian geratu zela Jatako eta Enekuriko (Bizkaia) hondakindegi izandakoen inguruko basoetako zur laginetan lindanoa dagoela. «Europak baimendutako mailatik gora daude zurean atzemandako lindano kantitateak, eta uretan onartuta dagoen kalitate mailatik oso urrun». Hernandezek zalantzarik ez du kutsadura horren jatorria, neurri handi batean, zabortegietan dagoela. Azpimarratu duenez, lindano hondakinen kudeaketa falta dago auzi honen atzean: «Agintariek ez dituzte behar bezala kudeatu hondakin horiek, eta herentzia hori jasotzen ari gara orain».

Neurriak administrazioei

Ekologistak Martxan-ek lindano kutsadura kontrolatu eta hura garbitzeko hainbat neurri hartzeko eskatu die administrazioei, hala nola analisi-arauak bateratzea eta hondakin horiek kutsatutako lurzoruak bilatzea. Izan ere, Hernandezek salatu du «erabat nahasia» dela erakundeek gaiari buruz ematen duten informazioa: «Ez dute datu fidagarririk ematen». Horrekin batera, talde ekologistak lindano hondakinen «ondare toxikoa» desagerrarazteko eskatu du, bai eta biltegi kontrolatuak eta kontrolik gabekoak detektatzeko eta lurzoruen eta uren deskontaminazioa egiteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.