Iñigo Gonzalezen tortura salaketei buruz ebatziko du Estrasburgok, gaur

Duela hamar urte eta egun bat, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko orduko epailearen aginduz, Guardia Zibilak sei lagun atxilotu zituen Nafarroan: Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Iker Moreno, Gorka Zabala, Xabier Beortegi eta Gorka Mayo. Ekineko kide izatea egotzita, inkomunikazioa ezarri zieten, eta haietako bostek torturak salatu zituzten. Arratibelen eta Beortegiren salaketak Estrasburgoraino heldu ziren, eta bi kasuetan Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen, salaketak ez ikertzeagatik. Gaur, operazio hura agindu zuen epailea Espainiako Barne ministroa da, eta bere kontrako hirugarren ebazpena jaso dezake, Iñigo Gonzalezek egindako salaketaren inguruan erabakiko baitu gaur Estrasburgok.
Operazio hark esanahi berezia izan zuen hasieratik, oso garai eta testuinguru politiko adierazgarrian etorri baitzen. Egun batzuk lehenago, urte hartako urrian emango zuen adierazpen historikoaren atarian, ETAk agiri bat kaleratu zuen, eta estrategia aldaketaranzko norabidea berretsi zuen. Bide horretan aurrera egitearekin, estatuaren jazarpena areagotu egin zen ezker independentistaren kontra. Testuinguru hartan, 2010eko irailetik 2011ko urtarrila arte, 74 euskal herritar atxilotu zituzten, eta erdiek torturak salatu zituzten.
2011ko urtarrilaren 18ko operazio hark bazituen beste ezaugarri adierazgarri batzuk. Atxilotuen artean, Txelui Moreno Nafarroako ezker abertzalearen eledunaren semea zegoen Iker Moreno. Komunikabideen foku nagusiak haien etxera zuzendu ziren goizalde hartan. Era berean, atxilotuetako bat Gorka Mayo zen, bolada politiko nahasi hartan ezkutuko lan garrantzitsua egin zuen bitartekaria: maiatzeko bozei begira, legez kanporatutako ezker abertzalean EArekin eta Aralarrekin negoziazioetan zebilen, proiektu bateratu bat nola egituratu hitzartu nahian. Alfredo Perez Rubalcaba garai hartako Barne ministroak adierazi zuen Madrilek «tinko eta irmo» jarraituko zuela «ETAren kontrako borrokan», eta atxiloketek ez zutela esanahi berezirik, Guardia Zibilak ez zuela aintzat hartzen «abizena edo harreman pertsonalak».
Torturen salaketak
Operazio hartan, Gorka Mayo izan zen torturak salatu ez zituen bakarra. Inkomunikazioa kendu eta gutxira hasi ziren azaleratzen zantzu adierazgarriak. Adibidez, ofizioko abokatuetako batek argi ikusi zuen Xabier Beortegik tratu txarrak jasan zituela. Beortegi aske utzi zuen Marlaskak, bermea ordainduta, eta, atera bezain azkar, lekukotza lazgarria eman zuen. «Nire bizitzako mugako esperientzia izan da. Espero dut inor gehiagori ez gertatzea. Ezin da psikopata kuadrilla bat hor eduki nahi dutena egiteko». Iñigo Gonzalezek auzi medikuari eta Marlaskari adierazi zien «tratu oso gogorra» jasan zuela. Arratibelek, berriz, laguntza eskea egin zuen bere deklarazioa sinatzean, aztnugal izenpetu zuen hots, laguntza alderantziz.
Arratibelen dei hura sinbolo bihurtu zen, eta Estrasburgoraino heldu den tortura kanpaina zabal baten abiapuntua izan zen. Alde batetik, ez zuten gerarazi auzi judiziala, baina neurri batean baldintzatu zuen. Tortura bidez hartutako adierazpen haietan oinarritu zuen akusazioa Jose Perals fiskalak, baina 2016ko apirilean epaiketa egin zenerako, Estrasburgok lehen kolpea emana zion Auzitegi Nazionalari, Jon Patxi Arratibelen salaketa ez ikertzea egotzita. Epaiketan, fiskalak azkenean akordioa hitzartu zuen bost auzipetuekin, eta ez ziren sartu espetxean. Auzipetuta ez egon arren, 2016ko operazioan atxilotutako Beortegiri arrazoi eman zion Estrasburgok urte hartako azaroan. Gaur, berriz, hirugarren epaia etor daiteke. Mugarri izan daiteke auzi bereko sei lagunetik hiruren torturei sinesgarritasuna eman eta haiek ez ikertzeagatik Espainia zigortzea.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.